Kike Amonarriz, aurkezlea eta soziolinguista: “Une

Aikor aldizkaria 2015ko eka. 4a, 11:06

Kike Amonarriz (Tolosa, 1961) batez ere telebistan egindako lanengatik da ezaguna, eta maiatzean Larrabetzura etorri da bakarrizketa bat egitera. Kikek umorea eta euskara izan ditu ardatz nagusitzat bere ibilbidean, eta horien inguruan hitz egin dugu. Zelan Larrabetzuko saioa? Oso gustura, betiko moduan Larrabetzun. Ekitaldi polita izan zen eta ostiral arratsalde batean hainbeste jende batzea euskarazko bakarrizketa bat entzuteko benetan pozgarria da. Hizkuntzari eusteko ahaleginak Larrabetzu bezalako herri euskaldunetan egin behar dira, ala batez ere leku erdaldunetan? Leku guztietan jarraitu behar da lanean. Azken datuen arabera, euskararen arnasguneetan ere egin dute behera euskararen ezagupenak eta erabilerak. Larrabetzu bezalako herri euskaldunak oso garrantzitsuak dira, haiek direlako euskarari ondoen eusten diotenak. Horregatik, erantzukizun berezi bat dute eta dinamika aurrerakoiak eta eredugarriak sortu behar dituzte. Herri erdaldunetan euskarak aurrera egiten badu, zonalde euskaldunetan gauza bera gertatu behar da. Zein da gaur egun euskarak duen egoera Euskal Herrian? Azken hamarkadetan aurrerapauso itzela eman du euskarak, baina batzuetan prozesua oso motela izan da. Batzuek botila erdi hutsa ikusten duten bitartean, beste batzuek erdi beteta ikusten dute. Ni Jon Sarasua idazlearekin nator bat: argi dago botila bete egin dela, baina zuloak ditu, eta ondorioz, jarraitu behar da betetzen; bestela, hustu egingo da. Metafora horrek adierazten du prozesu linguistiko guztiak dinamikoak direla, hau da, lortutakoa ez da betikoa; dena aldakorra da, eta lortu dugun guztia hobe, gal edo manten daiteke, eta hori guztia gure esku egongo da. Zeintzuk dira erronkak epe laburrean eta ertainean? Euskaraz hazi eta hezi diren neska-mutilak gaur egun guraso bihurtzen eta lan munduan sartzen dabiltza, eta horregatik, une erabakigarria da euskalduntze-prozesuan. Hurrengo hamarkadan lortu behar dugu euskara gai nagusia izatea Euskal Herriko agenda sozio-politikoan, eta erabilerari dagokionez, aurrerapen nabarmenak lortu behar ditugu esparru guztietan. Eta gazteek? Zelan egiten dute euskaraz? Gazteek eta haurrek, helduek eta nagusiek baino askoz gehiago egiten dute euskaraz. Gaur egun gazteek duten erabilera-maila azken hamarkadetan egon den altuena da. Gazte euskaldun gehienek familia erdaldunengandik datoz eta zonalde erdaldunetan bizi dira. Egoera horrek erronka berriak ekartzen dizkigu: eskola ezinbestekoa da, noski, baina eskolak bakarrik ezin du eta inguruan bidaiariak eta lankideak behar ditu: eskolatik kanpoko jarduerak, familiak... Hainbat esparrutan aritu zara lanean. Haien arteko lotura, euskara? Bai. Gazte-gazte nintzela, Tolosako lehenengo euskara elkartean hasi nintzen lanean, gero Tolosako Udaleko Euskara zerbitzuan... Eta geroago, telebistan, gauza bera. Baina euskara ez ezik umorea ere ez dut inoiz baztertu. Euskal filologia ikasi zenuen, eta horrek oso serioa ematen du. Nondik datorkizu kutsu komikoa? Ez da erraza jakiten. Txikitan euskal udalekuetara joaten nintzen. Behin Oto, Poto eta Pototo pailazo hernaniarrekin egin nuen topo bertan, baina Oto ez zen egon, eta niri esan zidaten Otorena egiteko. Horrek nire bizitza markatu zuen. Geroago, Argia aldizkarian hasi nintzen txisteak idazten. Horren haritik, txiste-afariak ekarri genituen Iparraldetik, eta ni ere animatu nintzen txisteak kontatzera. Horrela, umorea nire bizitza publikoaren ardatz bihurtu zen. Euskaldunok ez omen gara oso komikoak... Nork esaten du hori? Umoreari buruz emandako hainbat hitzalditan galdera bera egiten dut: “Euskaldunak serioak ote gara?”. Eta normalean jendeak baietz dio. Orduan, beste galdera bat egiten dut: “Eta nor baino serioagoak gara?”. Eta salbuespenik gabe, % 100ek erantzuten dute andaluziarrak baino serioagoak garela. Horrek zalantza handi bat sorrarazten dit: munduan 7.000 hizkuntza, 200 Estatu eta 10.000 herri eta etnia badaude, zergatik aipatzen ditugu andaluziarrak? Topiko bat da. Egia da euskaldunok oso gutxitan landu dugula umorea literaturan, ahozkotasunean... Gaur egun, aldiz, umorearen esparrua izugarri zabaltzen ari da. Txiste-kontalaria Kike Amonarriz Zeruko Argia aldizkarian hasi zen umorezko artikuluak idazten. Horrez gain, txiste liburuak eta kaseteak egin zituen Joxerra Galarraga eta Guillermo Segurolarekin. Gainera, soziolinguistika abiapuntutzat hartuta, hainbat hitzaldi eman ditu eta artikulu asko idatzi ditu. Era berean, eskarmentu handia dauka telebistan. Horra “ustekabean” heldu zen. “Gu ginen txisteak euskaraz kontatzen zituzten bakarrak”. Harrezkero, zenbait saiotan hartu du parte aktore, gidoilari edota aurkezle lanetan: Hitz eta Pitz, Hau da A.U., Balinda, Bai zera, Txiskola... 2006tik 2013ra bitartean Mihiluze saioa aurkeztu zuen Illaski Serranorekin batera. “Lan-talde ederra genuen eta nik uste dut saioak marka utzi duela. Mihiluzen agerian utzi genuen euskaraz eta euskararekin jolastu ahal dela, eta gure hizkuntzak izugarrizko aberastasuna duela”, esan digu. Gaur egun Tribuaren berbak saioan dabil lanean. “Nire bizitzaren zehar jasotakoaren erakusleihoa da. Saiatu gara euskararen inguruko saio dinamiko eta erakargarri bat egiten. Saioak harrituta utzi gaitu, konturatu garelako zenbat jende dagoen euskararen inguruan lan egiten, gogo eta ilusio handiz”. Iaz ikastolek 100 urte bete zituzten eta, horren haritik, Kikek dokumentala egin zuen. “Ikastolek garrantzi handia izan zuten eta urratzaileak izan ziren. 60. hamarkadan hainbat gurasok seme-alabei euskara hutsezko irakaskuntza emateko erabakia hartu zuten. Eta hori ez zaie inoiz behar beste eskertuko. Gaur egun euskarak bizi duen berreskuratzearen zati handi-handi bat ikastolei esker gertatu da”.