App berriak

Aikor aldizkaria 2015ko eka. 15a, 11:14
Azkeneko hilabeteotan sakelako telefonoetarako garatu diren aplikazioen artean Euskal Izenak eta Mitzuli itzultzaile automatikoa daude. Guraso batzuentzat buruhauste handia da semearen edo alabaren izena aukeratzea. Askok Internetera eta liburuetara jotzen dute laguntza bila, buruan darabiltzaten izenen esanahia, jatorria eta beste xehetasun batzuk ezagutzeko. Hori dela-eta, izenak proposatzen dituzten app asko garatu dira azkenaldian iPhone zein Androiderako. Aplikazioak, batez ere, ingelesez eta gazteleraz garatu dira, baina euskal izenak batzen dituen lehenengo aplikazioa orain dela gutxi sortu da. Aplikazioa Euskal Izenak da eta Batura Mobile enpresak garatu du, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin. Aplikazio horren bidez, hainbat informazio eskura daiteke; hala nola sexuaren araberako izenen zerrenda eta izenen esanahia eta jatorria. Era berean, zerrenda batean gorde daitezke izenik gogokoenak, eta erabiltzaileek aukeratzen dituzten izenen rankinga ere ikus daiteke. Izenen zerrenda egiteko, Euskaltzaindiak emandako datuak erabili dira. Aplikazioa Apple Store eta Google Play-n eskura daiteke doan. Sortzaileen esanetan, aplikazioa oso lagungarria izan daiteke haurrari euskal izena ipini nahi dioten gurasoentzat. Horrezaz gainera, beste herrietako gurasoentzat ere izan daiteke baliagarria. Adierazi dutenez, Euskal Herritik kanpo, baita euskaldun komunitaterik ez dagoen tokietan ere, gero eta ospetsuagoak dira euskal izenak. “Horrek, zuzenean edo zeharka, euskararen prestigioa bermatzen laguntzen du. Hizkuntzarekiko enpatia ere handiagoa da”. 50 itzulpen-noranzko Mikel Artetxek, bestalde, Mitzuli aplikazioa sortu du, Elhuyarren laguntza eta babesarekin. Aplikazioak itzultzaile automatikoa bihurtzen du sakelako telefonoa, eta doan eskura daiteke Google Play-n. Artetxe Euskal Herriko Unibertsitateko IXA taldeko ikertzailea da. Mitzuli Androiderako itzultzaile automatiko bat da, 50 itzulpen-noranzko baino gehiago eskaintzen dituena. Azaldu dutenez, baliabide urriko hizkuntzek protagonismo berezia dute halakoen artean. Hizkuntza horiek “izaera komertzialeko produktuek albo batera utzi ohi dituzte”. Hala, Iberiar penintsulako hizkuntza gehienak batu dira aplikazioan: portugesa, gaztelania, katalana, galiziera, asturiera, aragoiera, okzitaniera eta euskara. Testu bidezko itzulpena ez ezik, Mitzulik ahots bidezko sarrera/irteera ere eskaintzen du. Baita irudi bidezkoa ere. Adibidez, kartel bati argazkia egiten badiogu, aplikazioa han dagoen testua itzultzeko gauza da. Aplikazioak sarean zein saretik kanpo egiten du lan.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).