Sara Reyes Pequeño, ekintzailea: “Burrukatzeko gog

Aikor aldizkaria 2015ko eka. 16a, 12:30

Goitioltza Lezamako auzoraino hurbildu gara eta bertan laster zabalduko dauan proiektuaren barri emon deusku Sarak: Solazpi zaldi-zentroa. Zaldi-terapia ardatz nagusitzat eukiko dauan zentroa izango da. Gazte lezamarra buru belarri dabil azken ikutuak emoten. Zaldi-zentroa hilabete gitxi barru zabaltzeko moduan egongo zara. Pozik, urduri, estresagaz...? Pozik. Batzuetan aurrera egiten ez dozula sentitzen dozu eta pentsetan dozu: Non sartu naz, benetan! Izan be, paper asko egin behar dira, jente askogaz berba egin, akordioak lortu... hau edo bestea faltetan dala... Behar handia da eta gauzak hasieratik egin behar dira ondo. Egin beharreko inbertsinoa be oso handia da. Baina ilusinorik eta burrukatzeko gogorik ez badozu, ez zara halako saltsetan nahasten, ziur. Nik urte bi daroadaz kontu honegaz. Eta zu, zelan nahastu zinan abentura honetan? Krisi testuinguru baten, gainera. Sei urte nituanetik nago zaldi-munduari lotuta eta gaur egun desgaitasuna daukien ume eta personakaz egiten dot behar Hípica Aretxalde Zalditegian, Lezaman. Zaldi-terapia egiten dot beste neska bategaz. Besteak beste, haur hezitzailea naz eta laster zaldiketa-kirol teknikariaren titulua aterako dot. Itzel gustetan jat umeakaz behar egitea, zaldi-terapia zerbait barria da... Beraz, pentsau neban: zergaitik ez biak buztartu eta, gaur egun beharra topetea gatxa dala kontuan hartuta, neure zaldi-zentroa martxan ipini? Gainera, benetan laguntzea behar daben umeez gabilz, eta era polit bat da hareei laguntza hori emoteko. Zer eskainiko dozu? Jarduera nagusia zaldi-terapia izango da. Umeak-eta nirera etorri ahalko dira saioak egitera, baina zaldiak zentroetara eroateko aukerea be eskainiko dot. Bestalde, zalditegi batzuk alokairuan ipiniko dodaz, zaldia daukienek animalia bertan itxi ahal izateko, eta gura dauana zaldi gainean ibilten ikastera etorri ahalko da, pasieran ibiltera... Umeentzako urtebetetze jaiak antolatzea be pentsau dot... Dana dala, hau martxan ipini eta aurrera egin ahala ikusiko dogu, ea zerbitzu gehiago eskaintzeko aukerarik dagoan. Suerte handia euki dozu, lurra Lezaman bertan topau dozulako. Bai. Gainera, leku ezin hobea da zaldi-terapia egiteko, oso nasaia dalako; ez dago arriskurik eta errekea daukagu hurbil. Beharretan zabilze orain; kontau zer topauko dogun Solazpi zaldi-zentroan, hori inauguraten danean. Pista bi egongo dira, boxak, noria bat zaldiak ibili daitezan, parkinga... Hasiera baten, zaldi bi eukiko dodaz zaldi-terapia egiteko; eta beste lau, ibiltera etorri gura dabenentzat. Gero gerokoak. Zuk zeuk esan dozu lehen: inbertsino handia, hau guztia martxan ipinteko. Bai, oso handia, baina zaldi-terapia gauza erabat ezbardina da eta uste dot arrakastea eukiko dauala. Zentroak ondo funtzionau eta inbertsinoa berreskuratzea espero dot. Gaztea eta ekintzailea; laguntzarik euki dozu? Laguntzak egon badagoz, baina topau behar dira. Nire negozio motari jagokonez, egia da laguntza gitxi dagoala, baina inportanteenak eskuratu dodaz, europarrak, eta beharretan ipinitakoa amortizau ahalko dot, behintzat. Beste hipika zentro baten zabilzala kontau deuskuzu. Lehiakideak izango zarie? Ez, ez. Ni hareen laguna naz, kidea... Bakotxak gauza ezbardinak eskainiko ditu eta bezeroek euren beharrizanetara ondoen egokitzen danarengana joko dabe. Dana dala, zaldi-terapia guk hareei eskaini geuntsen gauzea da, eta ez dauka zerikusirik hipika-zentroaren jarduera nagusiagaz. Zaldi-zentroa zabaldu arte, ez dogu jakingo gauzak zelan urtengo diran; halanda be, beste gazteak animauko zeunkez euren negozioa martxan ipintera? Merezi dau? Bai, zalantza barik. Beharrik ez badago, onena da bakotxak bere lanpostua sortzea. Gainera, gauzak ondo bajoakuz, langileak hartu eta lanpostuak sortu ahalko doguz. Nire kasuan, esate baterako, persona bi behar dira: bata, zaldia gidatzeko, neu; eta beste bat, saioa zuzendu eta terapia egiteko. Zaldi terapeutikoak Antxinakoek baekien zaldi gainean ibilteak onurak ekarzala, eta historian zehar hainbat aitamen egin dira zaldiketak dituan onura fisiko eta emozionalen gainean. Oraindino oso ezaguna ez dan arren, zaldi-terapia orain dala urte asko erabilten da gaixotasun fisiko eta neurologiko batzuk tratetako. Sarak garun-paralisia daukien ume eta personakaz egiten dau behar. “Ez daukiezan trebetasunak hobetzen eta garatzen laguntzea da helburua. Egia da batzuk ezin izango dirala hobetu, baina gitxienez lortuko dogu atzera egin ez dagiela”. Normalean, eta gaixo bakotxaren beharrizanen arabera, ordubeteko saioa egiten da astean. “Zaldia bero handia emoten dauan animalia da, eta hori oso inportantea da, gure gorputzak beroa behar daualako. Era berean, oso mobimendu nasaia dauka, eta, ondorioz, arintasunez mobidu ahal gara. Gainera, zaldi gainean ibilteko, jarrera egokia euki behar da. Orekea hobetzen da, koordinazinoa...”.