Gatz eta piperra

Aikor aldizkaria 2015ko eka. 17a, 13:46
Piperdun Derioko Flamenko Elkartea orain dela hilabete pare bat aurkeztu zen jendaurrean. Jaioberriek herriko beste elkarteen laguntza eduki zuten ekitaldian, eta kontatu diguten moduan, haiek ere parte-hartze aktiboa edukiko dute herriko bizitzan. “Eskarmentu handiagoa duten herriko elkarteek gu babestu eta laguntzea nahi genuen, eta jende askorekin ipini ginen harremanetan”, kontatu digu Vanesa Vallek. Vanesa elkartearen kideetariko bat da, eta flamenko irakaslea ere bada. “Datak direla-eta, batzuek ezin izan zuten ekitaldian parte hartu, baina beste asko prest azaldu ziren laguntzeko: Tximintx, Sutondoan, Doyan, Lainomendi, DAT… Oso erraza izan zen haiekin lan egitea eta oso gustura ibili ginen, oso pozik. Lainomendirekin, euskal dantzen eta flamenkoaren arteko fusioa eta guzti egin genuen! Arin-arin piperdun deitu genion”. Aurkezpen bizia izan zen eta, besteak beste, karatea eta poesia uztartu ziren dantzarekin. “Batzuei berehala pasatu zitzaien denbora, ekitaldiak ordubete eta erdi iraun zuen arren!”. Vanesak betidanik eduki du flamenkorako zaletasuna, baina herritik kanpo joan behar izan zuen sevillanak dantzatzen ikastera; Portugaletera hain zuzen ere. “Derioztar batzuek komentatu zidaten haiek ere ikasi nahi zutela eta hasi nintzen haiei eskola ematen. Denboraren poderioz adierazi zidaten beste urrats bat eman eta dantzatzen ikastetik haratago joan nahi zutela, eta elkarte bezala eratzea erabaki genuen. Helburua da geuk ere ekarpena egitea herria girotzeko. Kanpora ateratzea dantzatzera, jendeak ikus gaitzala eta, gurekin, izugarri gustatzen zaigun gauza batez goza dezatela”. Izen egokia topatzea ez zen batere erraza izan eta denbora luzea eman zuten han eta hemen begiratzen, euskara hiztegian, interneten… “Bihurrikeria, grazia, pikante… adierazten zuen izenen bat nahi genuen, eta apur bat kostatu zitzaigun arren, topatu genuen azkenean: Piperdun. Izan ere, hemen giro ezin hobea daukagu”. Alegriak Piperdun flamenko elkartea 40 bazkidek osatzen dute eta 12 flamenko-dantzari daude bertan, umeak zein nagusiak. “Gauza erabat ezberdinak egiten dira, jakina. Umeekin, esate baterako, musika alaiak, mugitzera bultzatzen dituztenak, erabiltzen ditugu. Musika horiek nagusiekin ere erabiltzen ditugu, noski, baina dantza serioagoak ere egiten ditugu. Batez ere sevillanak dantzatzen ditugu eta oraintsu beste koreografia batzuekin hasi gara, hala nola runbak eta alegriak”. Vanesaren esanetan, flamenkoa dantzatzen ikastea ez da zaila, “gogoa izatea da gakoa. Apur bat gidatzea bezalakoa da: hasieran gauza asko ikasi behar dira, baina gero moldatzen zara eta instintiboagoa da”. Hala ere, onartu du bere konplexutasuna ere baduela. “Beno, pausoak buruz ikasteaz gainera, musika ulertu eta hartara moldatu behar duzu, pauso bakoitza aldi edo konpas bati dagokiolako. Eta horretan belarri ona ala txarra izateak badu bere eregina… baina azkenean irmotasuna izatea da, eta musika asko entzutea”. Entseguak Kultur Birikan egiten dituzte zapatuetan; eta Larrabarri baserrian, domeketan. Ordubete eta laurdeneko entseguak izaten dira. “Badago jendea entseguak astean zehar egiteko interesa duena. Taldea osatuz gero, bada, aukera gehiago”. Herriko taldeek Piperdun proiektuarekin bat egin dutela argi gelditu zen aurkezpen ekitaldian. Vanesaren ustez, taldeak gainontzeko herritarren artean ere edukiko du harrera ona. “Gu ezagutzen doazen heinean, nik uste dut animatuko direla. Gainera, gure eskaintza handitu nahi dugu eta perkusio tailerra antolatu, txalo jotzen ikasteko beste tailer bat, koru bat osatu… Flamenkoa oso zabala delako. Horrela, bada, gerta daiteke batzuei dantzatzea ez gustatzea; baina gitarra, kutxa, zotzak… jotzea, ordea, bai. Eta horiek ere gurean lekua izatea nahi dugu”. Aktiboak Piperdun elkarteko kideek herriko bizitzan parte-hartze aktiboa izateko asmoa dute, eta horretarako, ahalegina egingo dute beren errepertorioa osatzen. “Gustatuko litzaiguke gutxienez urtean behin ekintzaren bat antolatzea. Era berean, prest gaude herriko beste eragile eta taldeekin lan egiteko. Lainomendi dantza taldekoek, adibidez, deitu egin digute beraien 25. urteurrena ospatzeko ekitaldian Arin-arin piperdun dantza errepikatzeko, eta batzokikoek ere gonbidatu gaituzte beraien ekitaldi batean parte hartzera. Inauterietan ere bat egin genuen dendarien elkarteak antolatutako ekintzarekin”. Interesa duenak elkartearekin ipini ahal da harremanetan piperdunelkartea@gmail.com helbide elektronikora mezua bidalita. “Edozein lagun etor daiteke taldera, edozein adinetakoa, emakumezkoa zein gizonezkoa, eskarmentua duena eta ez duena, sasoian dagoena zein hain ondo ez dabilena… Guztiak ondo etorriak zarete. Animatu!”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).