Buru-gaixo kronikoa birgaitzea

Aikor aldizkaria 2015ko eka. 26a, 10:02
Elena Rodriguez Seosane larrabetzuarra erizaina da eta buru-gaixotasunean dago espezializatua. Elenak bere laugarren liburua aurkeztu berri du: Enfermería en la rehabilitación de la enfermedad mental severa. Liburua profesionalei, gaixoei eta haien senideei zuzenduta dago eta bertan azaltzen du zer den birgaitzea eta nola egiten den. “Birgaitzea terapiako tratamendu metodoak eta teknikak erabiltzean datza, gaixoak berreskura ditzan galdutako trebetasunak. Segidako agerraldiak izaten direnean, narriadura bat sortzen da, eta birgaitzeak autonomia-maila zehatz bat izatea ahalbidetzen dio buru-gaixo kronikoari. Ez du sendatzen, baina bizi-kalitatea eskaintzen dio”, adierazi digu. Hala, gaixoaren egoeraren arabera, birgaitze mota bat edo bestea egiten da. Besteak beste, buru-gaixotasun latza duen lagunak higiene-arazoak izan ditzake, apatia, eta besteengandik bakartzeko joera ere izan dezake. Birgaitzeak gaixoa bere ingurura ahalik eta baldintza onenetan itzultzea du helburu, eta horretarako, esparru ezberdinak lantzen dira. “Adibidez, narriadura kognitiboa badu, matematika arloan estimulatzen dugu, probak eta oroimena lantzeko ekimenak egiten ditugu… Higienez eta arropaz arduratzen ez bada, arlo horretan ere berrezten dugu. Jateko aztura osasungarriak izaten ere irakasten diogu, sexu-hezkuntza ematen diogu… Musikaterapia egiten da, prentsa eta irakurketa tailerrak, erlaxatzeko tailerrak…”. Birgaitzea erizain espezializatuak edo psikologoak zuzentzen du, beharrezkoa den espezializazio-mailaren arabera. “Guk ohitura lantzen dugu, eta goizean etxetik irten behar izatea lagungarria da horretarako, ulertzen zaituzten leku batera joatea, zeinetan harremana duzun zu pasatzen ari zarena pasatzen ari diren beste pertsona batzuekin”. Baliagarria Osasun-tratamenduaz aparte, eguneko zentro bat edo tutoretzapeko etxebizitza bat zer den ere azaltzen da liburuan, eta familia eta gaixoa kezka ditzaketen gai juridiko batzuk ere batu dira: ezgaitzea, ospitalean sartzea, familia-eskubideak, ezkontza-krisiak, seme-alabak bisitatzeko eskubidea edo lanerako ezintasuna, batzuk bakarrik aipatzearren. Kapitulu hori Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionaleko irakasleek (UHUN) idatzi dute. “Lana trebatzeko eta informatzeko baliagarria izatea espero dut”, esan digu Elenak. “Liburuaren beste helburu bat ditugun baliabideak ez galtzea da. Nik baliabide horiek ezin hobeto ezagutzen ditut, esparru honetan lan egiten dudalako”. Horrela, bada, eta 30 urteko eskarmentua duela, Elena Rodriguez Seoane Buruko Osasuneko Erizaintzako unibertsitate-diplomaduna da, eta Zamudioko Ospitale Psikiatrikoko errehabilitazio zerbitzuan egiten du lan. Azken Liburu hau aurretik idatzitako beste liburu baten (Conocer la enfermedad mental) egokitzapena da, eta ikasliburua da “Buru Gaixotasun Larriaren Arreta eta Zaintzako Erizaintza” unibertsitate-kurtsorako. Liburua Elkar argitaletxean eskura daiteke, edo Díaz de Santos argitaletxera eskatuta.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).