Garazi Astorkiza eta Maialen Atxutegi zamudioztarrak errefuxiatu sahararren kanpamentuetan izan ziran ekainean. Bidaiak materiala eroatea euki eban helburu, baita errefuxiatuen egoerea zuzenean ezagutu eta umeakaz hainbat egitasmo jorratzea be.
Zamudioztarrak Bojadorreko willaya-n egon dira. “Egoera gogorragaz egin dogu topo, baina guk pentsetan genduana baino eroangarriagoa izan da. Egia esan, nahiko babestuta izan gara eta uste dogu hango errealidadea apur bat itxuraldatzen saiatu dirala”. Kanpamentuetara joan baino lehen, materiala batzeko kanpaina ipini eben martxan herrian. “Batez be ume txikientzako arropea-eta batu genduan, eskolako materiala... Bidaian parte hartu eben beste lagunek be halako kanpainak egin ebezan euren herrietan eta guztion artean lortu genduan materiala nahiko batzea”. Gai askogaz osatutako paketeak egin eta familia sahararren artean banatu ebezan. Eskolako materiala ikastetxeetara eroan eben; eta medikamentuak, ospitale batera. “Asko eskertu eben eroandakoa, baina azaldu euskuen laborategiak sortzen dabilzala, eta gai dirala ibuprofenoa eta antzeko medikamentuak bertan egiteko. Hareek beste medikamentu batzuk eta kirurgia-materiala behar dabez; ebakuntza egiteko artaziak, adibidez. Hurrengo urteari begira, benetan behar daben material zerrendea osatu eta materialok hara eroaten ahaleginduko gara”.
Kanpamentuetara gauez ailegau ziran eta hurrengo egunean benetan ohartu ziran non egozan. “Altzau ginan eta dana zan area. Dana, ezbardina, harrigarria... Gu egon ginan etxean, esate baterako, ez egoan aterik eta teilatua gela bakan batzuek baino ez eukien. Etxeko familiak patioan egiten eban lo, guztiak alkarregaz. Eta hemen kalean txakurrak ikustea ohikoa bada, ba, han ahuntzak. Eta gameluak...” Hasierako harridurea gaindituta, Garazi eta Maialen arazo barik murgildu ziran herri sahararraren egunerokotasunean eta ohituretan, eta zuzenean ezagutu ebezan beren premiak, proiektuak eta itxaropenak. “Goizean, egitasmoak-eta ezagutzera joaten ginan: emakumeen etxea, ospitalea, ezinduen eta adingabekoen ikastetxeak, arte eta musika ikastetxeak, ikus-entzunezko eskolea... Egitasmoen nondik norakoak kontau euskuezan eta, egia esan, nahiko ondo funtzionaten dabe. Arte ikastetxea martxan ipinteko, adibidez, Andaluziatik jaso dabe finantzazioa. Laguntzarik handiena handik eta Euskal Herrik jasoten dabe. Beste alde batetik, militarren desfile bat ikustera be joan ginan, eta Marokoren eta Sahararen arteko hesia”.
Algara
Bazkaldu eta litxarreriaz beteriko poltsatxoak prestaten ebezan, tailerren ostean umeen artean banatzeko. “Beroa dala-eta, ezin zan arratsaldeko 6ak arte etxetik urten eta tailerrak 20:00ak arte egiten genduzan, gero umeak etxera bakarrik itzuli behar ziralako. Futbol eta errugbi tailerrak egiten genduzan, arpegiak margotu, jolasak, esku-lanak... Urte bitik 16 urtera bitarteko ume eta gaztetxoak ziran; oso arduratsuak. Neba-arreba nagusiek txikiak zaintzen ebezan. Daira txiroenetariko umeek ez eukien gu gengozan lekuraino hurbiltzerik, eta hiru aldiz joan ginan hara, hareek be ekintzakaz gozetako. Lehenengo aldia zan, esaterako, batzuek arpegia margotzen ebela eta euren burua espiluan ikusten ebela... Hori bai algara! Itzela...”.
Zamudioztarrak egon diran kanpamentua elektrizidadea eukean bakarra zan. “Esan euskuen beste batzuetan be ipiniko ebela. Kamioi batek ekarten ebazan ur-bidoiak, baina guk botilako ura bakarrik edaten genduan. Familiaren arabera, baliabide gehiago edo gitxiago daukie. Batzuk Kuban ibili dira ikasten eta beharrean, eta diru nahiko lortu dabe kanpamentuetan “ondo” bizitzeko. Etxe batzuetan telebista eta guzti dago. Beste batzuk, ostera, ez dira inoz handik atera eta lanik ere ez daukie. Han dagozan osasun-arazo nagusietako bi desnutrizioa eta anemia dira. Desnutrizioak jota hil zan ume baten kasua ezagutu genduan...”. Nesken esanetan, beharraren kontzeptuak beste garrantzi bat hartzen dau kanpamentuetan. “Mediku batek, adibidez, gitxi irabazten dau, baina nahikoa han bizitzeko. Dana dala, hareek beste pentsamolde bat daukie eta komunidadearen onurarako egiten dabe behar, ospitalean, eskolan, ezinduen etxean... Beste batzuk nekazaritzan dabilz, mekanikoak dira edo dendariak. Ule-apaindegiren bat be ikusi genduan”.
Zoriontsuak
Kultura arloan oso ezbardina dan herri bategaz topo egingo ebela baekien; halanda be, harritu egin dira batzuetan. "Emakumeei begirune handia deutseela esan euskuen, gizonak gerran ibili ziran bitartean, hareek kanpamenduak atontzen ibili ziralako. Baina guk ez dogu egunerokotasunean gizonen eta emakumeen arteko parekotasunik ikusi. Are gehiago, tailerretan mutikoak eta neskatoak banatzeko esaten euskuen, bardinak ez ziralako". Egon diran familiak urte batzuk daroaz bisitariak etxean hartzen eta, ondorioz, hemen legez egin dabez otorduak. “Beren platerak dastatzeko aukerea be euki dogu; cous cous gamelu-okeleagaz, adibidez”. Desertuaren tenperaturara be ondo moldatu ziran. “Egunean zehar egundoko beroa; eta gauean jertsea ipini behar genduan batzuetan”.
Oso esperientzia ona eta aberasgarria izan dala adierazo deuskue, guztiz gomendagarria. “Berton daukaguna baloraten ikasi dogu, eta arazo txikiei hainbesteko garrantzia ez emoten. Zoriontsu sentidu gara egunero, eta baliagarri. Gugaz egotea atsegin eben, eta egunen baten tailerrak-eta ezin bagenduzan egin, gure falta igartzen eben ”. Duda barik, jenteagaz gelditzen dira. “Oso eskuzabalak dira, gitxi daukien arren, zoriontsuak eta gu baino askoz aberatsagoak. Euren bizitza-erritmora erraz moldatu ginan, ez genkian zein egunetan eta ordutan bizi ginan... Eta bat-batean Madrilera ailegau ginan, estresa barriro, arpegi txarrak...”. Datorren urtean kanpamenduetara itzultzeko asmoa daukie. “Laguntzea asko baloretan dabe, baina esan euskuen benetan gura dabena dala euren egoerea ezagutzera emon daigula, eta ez ahiztutea hor dagozala”.
Gaztea eta ...