Ez omen dago yang gabeko ying-ik eta ditxosozko krisiak ezer ona ekarri badu, hori demokrazia parte-hartzaileago baten bila dabiltzan alderdien hedapena izan da. Batzuk, berriak; beste batzuk, indarberrituak. Baina guztiak, itxuraz behintzat, politika herritik eta herriarentzat egiteko asmo onarekin.
Auzi orotan sustraietara garamatzan gizarte-joera honen zurrunbiloan, badirudi demokrazia parte-hartzaileago bat berreskuratzeko ahalegina egiteko prest gaudela. Europari, bere alabari, jainkosa baten izena jarri zion Greziak erakutsi du bidea. Baina, aldi berean, agerian utzi ditu arriskuak. XXI. mendeko konplexutasuna polis zaharren buruzagiek imajinatu baino haratago heldu da.
Erabakitzeko eskubidea, demokrazia parte-hartzaileago bat, beharrezko aurrerapausoa izan behar da edozertan eta edonon. Baina erabakitzeko gaitasunarekin batera baldin ez badator, ez du etorkizun hobea marrazten. Erabakitzeko askatasun hutsak ez gaitu aske egiten, ez behintzat, gaien gaineko ezagutza eta gure kabuz pentsatzeko gaitasunen eskutik ez badoa. Paradoxikoa izanik, horiek faltatzean inoiz baino esklaboago bilaka gaitezke, askea dela uste duen esklaboa hain zuzen ere.
Baina zer da jakinduria? Eta zertan datza gure kabuz pentsatzea? Erosoagoa izango litzateke niretzat, artikuluaren luzerak gehiagorako emango ez balu…
Lehena, erabaki behar ditugun gaien gaineko ahalik eta informazio zabalena izateari lotuko nioke: ezagutza historikoa, ekonomikoa, kulturala… alegia. Bigarrena, ordea, eta informazioaren gaiari hertsiki lotuta beti ere, jasotzen ditugun mezuen artean, sinesgarritasuna merezi dutenak eta onura dakartenak aukeratzeko gaitasunean datza. Baina noski, prozesua ez da hemen amaitzen eta aukeratutako bideak erronka berriak ekarriko ditu, informazio eta pentsamendu autonomo gehiagoren beharra eskatuko duten bidegurutzeak. Horregatik ari naiz oinez ikasteaz hain zuzen ere.
Amaitzeko, ezin dugu ahaztu indibiduoak kolektibitatean pentsatu behar duela, kolektiboak indibidualtasuna errespetatzen duen bezainbeste. Bietako baten faltak kondenatu egiten gaituela erakutsi digu Historiak jada. Doktrinamendua izan ohi dugu etxean etsai. Zaila eta luzea dirudi, baina pausoka, egiteko moduko bidea da.