Derio Emakumezkoen Kirol Elkartea. SOS: neska gazt

Aikor aldizkaria 2015ko uzt. 21a, 09:08
t: Gaizka Eguzkitza / a: Derio E.K.E.
Txorierriko nesken futbol talde bakarra Derion dugu. Iaz Bizkaiko Kopa irabazi zuen, baina aurten arazoak dituzte kadete mailako taldea aurrera ateratzeko, futbolaririk ez dagoelako. Horregatik, sorospen-deia zabaldu nahi dute bailaran zehar. Neska gazteak behar dituzte. “Laguntza eskatu nahi diogu Txorierriri, kadete mailako taldea atera ahal izateko. Bailarako neskek eta gurasoek jakin behar dute hemen, etxean, Derion, talde bat dagoela, eta futbolean jokatzeko, ez dutela kanpora joan beharrik. Guk 2000. eta 2001. urteetan jaiotako neskak behar ditugu. Hemengo neska batzuek kanpoan jokatzen dute eta horrek amorrua ematen digu, gurea klub serioa delako. Gainera, Txorierriko neskak kanpora joaten badira futbolean jokatzera, klubaren etorkizuna kolokan egongo da”. Juan Carlos Palacio presidentearen hitzak dira. Deriokoak kezkatuta daude, bai. “Guk nahi duguna hau da: neskei nahi duten kirola egiteko aukera ematea, ondo pasatzea, eta gero, posiblea bada, irabaztea. Guk ez diegu jokalariei ezer kobratzen. Ziurrenik, kobratzen ez diegun talde bakarrenetariko bat izango gara. Guk ez dugu dirua irabazteko grinarik eta erakunde publikoen zein beste babesle pribatu batzuen laguntzarekin ordaintzen dugu denboraldia”, azaldu du Julen Ibarluzea taldeko koordinatzaileak. “Gizonezkoen mailan, Txorierriko selekzioa sortu da, eta, agian, antzeko zerbait egin beharko da emakumezkoen mailan ere bai. Derioko Udalak izugarrizko laguntza eskaintzen digu, eta gainontzeko Udalei edo Mankomunitateari ez diegu babes ekonomikorik eskatzen, atxikimendua baizik. Izan ere, gure taldean Txorierriko herri guztietako neskek jokatzen dute. Eta haiek helburu bakarra dute, ondo pasatzea eta inolako presiorik gabe jokatzea”, dio Juan Carlosek. Arazo nagusia neska futbolaririk eza da. Arteaga da harrobia, eta horrek futbolariez hornitzen ditu bai emakumezkoen taldea, bai gizonezkoa. Arteagan 180 ume inguru daude, eta bakarrik haietako 20 dira neskak. “Futbolari gutxi daude herri eta talde guztietan. Horri aurre egiteko, beste klub batzuetan zenbait amak eman dute izena taldean jokatzeko, eta taldea aurrera atera ahal izateko, baina guk ez dugu puntu horretaraino heldu nahi”. Beste arazo handi bat Bizkaiko Futbol Federazioak sortu du, Deriokoen iritziz. Izan ere, 2013an mailak egokitu zituen: lehen, nesken mailan, kadeteek (13-15 urte) eta gazteek (16-18 urte) elkarrekin jokatzeko aukera zuten; orain, aldiz, nesken eta mutilen mailak parekatu egin dituzte, eta kadeteek eta gazteek ezin dute elkarrekin jokatu. “Aldaketa horrek eragozpen piloa ekarri digu taldeoi eta klub bat baino gehiago desagertu egin da –Gallarta, Iurreta, Galdakao...–, neskarik ez dagoelako. Federazioak egin duen aldaketak ez dauka zentzurik, kasu honetan neskak eta mutilak parekatu ezin direlako. Izan ere, askoz mutil gehiagok jokatzen dute futbolean, neskak baino. Horregatik, Federazioak zailtasunak baino, erraztasunak eman beharko lizkiguke emakumezkoen taldeoi”. Sorrera Emakumezkoen futbol federatua Derio Kirol Elkartearen eta Arteagaren eskutik jarri zen martxan herrian. Biek hitzarmen bat sinatu zuten 2009an, herriko, eta oro har, Txorierriko neskek federatuta jokatu ahal izateko. Hala ere, 2013an, Bizkaiko Futbol Federazioak mailen legedia aldatu zuenean, alegia, neskarik gabe gelditu ziren eta Arteagak taldea utzi zuen. Beraz, guraso talde batek hartu behar izan zuen lekukoa eta aurrera atera zuen taldea. “Pena handia zen neskak bakarrik uztea, eta horregatik erabaki genuen taldea guk geuk antolatzea”, esan digu Juan Carlosek, talde horretako guraso ere badenak. Presidentearekin batera beste bost batzarkidek, Julen Ibarluzea koordinatzaileak eta bost entrenatzailek gogor egiten dute lan, nesken taldeak aurrera eramateko. “Batzarkide bakoitzak era bere pentsamendua du eta hori oso aberasgarria da. Nik uste dut horri esker atera dugula kluba aurrera”. Nesken klubak ez du zerikusirik mutilen klubarekin, eta nork bere dirua lortu eta kudeatzen du. Hala ere, batzarrak egiten dituzte zelaiaren ordutegiak antolatzeko. Guztira, talde bik osatzen dute Derio Emakumezkoen Kirol Elkartea: Lurralde Mailakoa, nagusia, eta bigarren taldea. Aurreko urteetan azken hori kadete-gazte mailan ibili da, baina datorren urtean kadete mailan jokatuko du. “Gure ustez oso garrantzitsua da talde biak ateratzea, talde gazteagoak nagusiaren etorkizuna bermatzen duelako. Talde nagusia osatzeko ez dugu arazorik izango, baina kadete mailakoan jokalari gutxi ditugu”, esan du presidenteak. Talde biek astean birritan entrenatzen dute. Batzar berriak urte bi daramatza klubean eta emaitzei erreparatuz gero, lan bikaina egin dute, iaz talde nagusiak Bizkaiko Kopa irabazi zuelako. “Gainera Gasteiz Cup txapelketan bigarren postuan gelditu ginen. Denboraldiaren lehenengo zatian kaskar ibili ginen eta jokalari garrantzitsu batzuek ez zuten jokatu, min hartuta ibili zirelako, baina bigarren zatian hobeto egin genuen eta Kopa irabazi genuen. Aurten aurrerapausoa eman nahi dugu eta Euskal Ligara igo nahi dugu. Batzuek esaten dute zoratuta gaudela baina guk uste dugu aukera dugula. Talde polita dugu eta neskek inplikazio eta ilusio handia dute”, esan du Julenek. Izena emateko: 608 68 58 08 julenibarluzea@hotmail.com

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).