Hori Baik 50 urte. Larrabetzu herriko ondarea

Aikor aldizkaria 2015ko uzt. 23a, 08:53
t: Gaizka Eguzkitza / a: Hori Bai, J.L. Barrenetxea
Andra Mari kaleko 23. zenbakia beti izan da leku esanguratsua Larrabetzun. Garai baten, eskola egon zan bertan, eta abadearen etxea be izan da. Halanda be, azkeneko 50 urteotan Hori Bai Gaztetxearen egoitza izan da. Alkarteak urteurren biribila egin dau aurton, eta zoriondu gura izan dogu. Zorionak Hori Bai Gaztetxeari! Ez da marka makala 50 urte betetea, ez horixe! Are gitxiago, herritarrek eurak kudeatutako alkartea danean, erakunde publikoen ezelako laguntza barik. Hori Baik euskera eta kultura dauz ardatz nagusi alde batetik; bestetik, autogestinoa, hau da, eurek antolatzen eta ordaintzen ditue ekintza guztiak. Arrazoi bi horregaitik da Hori Bai erreferentea Larrabetzun, eta ziur asko, baita Txorierri mailan be. “Gaztetxea baino gehiago gara. Beste herri batzuetan alkarteek antolatzen ditue ekitaldiak urtean zehar. Larrabetzun, barriz, guk geuk hartzen dogu ardura hori”, dino Miren Zorrozua Hori Baiko kide batek. Ezin da ulertu Hori Bai Gaztetxea, Larrabetzu herriaren babesa eta atxikimendua barik. Garai txarrak egon diranean, edo ekitaldi handi bat antolatu behar danean, herriak beti egiten dau bat gaztetxeagaz. “Bai, herria beste partaide bat da”, esan deusku Leire Amenabar kideak. “Gure berezitasunetako bat hau da: gazteei zuzendutako ekintzak egiten doguz, baina hareetaz aparte herriari be eskaintzen deutsaguz ekitaldiak. Gazteok mugiten dogu gaztetxea, baina adin guztietako lagunek laguntzen deuskue behar danean”, aitatu dau beste kide batek, Kattalin Bárcenak. Beharbada horregaitik, herriak eta gaztetxeak alkarri adierazotako atxikimendu parebako horrengaitik, egon dira Hori Baiko ateak irekita azkeneko 50 urteotan. Larrabetzuarrek, belaunaldiz belaunaldi, giltzak emon deutsez alkarri: gurasoek seme-alabei, eta seme-alabek euren seme-alabei. Etenbako katea. “Guk etxean, txiki-txikitatik, bizi izan dogu Hori Bai, gure gurasoak eta euren gurasoak be izan ziralako erkidego handi horren partaide. Eta arazoren bat euki dogunean, herriak lagundu deusku korapiloak gainditzeko. Larrabetzuarrek sentidutan dabe Hori Bai herriko ondare bat dala”. Hori Baik beste marka eder bat dau: Euskal Herriko gaztetxerik zaharrena da. “Hori Bai gaztetxe bakarra dalako da garrantzitsua Txorierri mailan. Gaur egun gazteek alkarteak sortu ditue Hori Bairi esker, geure ereduari jarraitzen. Asko eta asko etorri dira hona, eta beste herrietara zabaldu dabe gure asanbladaren eredua. Erreferenteak gara gazteentzat, eta babesa be emoten deutsegu. Eta beste herrietako gazte asanbladakaz alderatuta, oso talde gaztea da gurea, nagusiak 27 urte baino ez ditualako”. Urteurrena Aurton 50 urte bete dauz Gaztetxeak, baina kideek ez dabe ospakizun handirik egin gura. Apaltasunez ospatuko dabe, betiko legez. “San Inazio egunean, uztailaren 31n, hain zuzen be, beteko doguz 50 urte, eta egun horretan ospatuko dogu herriagaz batera. Horretaz aparte, zenbait belaunalditako lagunakaz gagoz berbetan, bakotxak bere esperientziaren barri emoteko Hori Bai Gaztetxeari buruz. Horregaz liburu eta bideo bat egitea dogu helburu, baina gatx ikusten dogu aurton bukatzea. Beste alde batetik, uda pasetan danean, ekitaldiren bat egingo dogu, baina oraindino zehaztu barik dago”. Beharbada, Hori Baikoek ez dabe eukiko denpora handirik ospakizunak antolatzeko, urtean zehar hainbat ekitaldi prestaten dituelako. Esate baterako, Gabonetan egitarau oparoa antolatzen dabe: kontzertuak, bertso-saioak, pelikulak, txokolatada, kotilioia... Gainera, kalejira bat egiten dabe Olentzerogaz abenduaren 24an, eta aurreko egunean, pistak ixten deutseez herritik umeei, Olentzeroren bila ibilteko. Era berean, Inauterietan, desfilea eta erromeria antolatzen ditue, eta, zelan ez, udan, Gazte Eguna. Beste ekitaldi garrantzitsu bat sanjoanetan egiten dan antzerkia da. “Horrek balio deusku Hori Baira belaunaldi barriak erakarteko. Hemen gagozan guztiok holan sartu ginan (kar, kar): lehenik eta behin hasten zara antzerkia prestaten; gero antzezlana jente aurrean antzezten dozu; eta hurrengo egunean, Hori Baira joaten jarraitzen dozu. Oso prozesu naturala da. Gainera, uda hasibarri danez, gazteek denpora libre gehiago dabe eta oso garai aproposa da eurak Hori Bai gaztetxera hurbiltzeko. Antzerki horretan jente pilo bat batuten da, herriak badakialako egun horretan antzerkia egongo dala. Oso polita da”, dino Kattalinek. Hori Baik berak antolatzen dituan ekitaldiakaz batera, askotan Gaztetxeko kideek laguntasuna emoten deutsee herriko beste alkarte batzuei ekintzak egiteko. Esate baterako, bigarren eskuko produktuen azoka egin eben uztailean. “Halako ekintzak ezohikoak dira, eta hareek antolatzea askoz gatxagoa da urteroko ekitaldiak egitea baino. Izan be, ez dakizu jenteak zelan hartuko dituan, gustauko jakezan ala ez. Baina tira, hortik be ikasten da... (kar, kar)”. Konpromisoa Gaur egun, 12-15 lagunek kudeatzen dabe Hori Bai Gaztetxea. “Partaide izateak konpromiso handia eskatzen dau, eta norberak aukeratzen dau zelango inplikazino maila hartzen dauen. Adibidez, gaur egungo belaunaldiak beldur deutso konpromiso handiegia hartzeari. Umeek hona sartzeko jakin-minari eusten deutsie, baina adina heltzen jakenean, ez dabe pausoa aurrera egiten, eta ez dira asanbladetara hurbiltzen. Halanda be, laguntasuna eskatzen dogunean, herri osoak egiten dau bat gugaz”, esan dau Mirenek. Kide gehienak, bizpahiru izan ezik, neskak dira. “Pena da mutilak ez inplikatzea. Harrigarria da, Larrabetzun mutilak egon badagozalako, baina tira...”. Hori Bai Gaztetxea Andra Mari kaleko 23. zenbakian dago, eleizaren alboan. Baina fisikoki bakarrik dago eleizaren alboan. Apaizak ez dau gura gazteak bertan egoterik, eta urteetan zehar hainbat hika-mika sortu dira elizaren eta gaztetxeko kideen artean. “Orain dala gitxi etorri ziran apaiza eta arkitekto bat, eta esan euskuen proiektu bat ebela: gaztetxea eta eleiza lotu gura ebezan ate baten bidez, eta Hori Baiko goiko aldean gela batzuk eregi gura zituen... Guk ez dogu hori gura. Berba egin genduan apaizagaz, eta proiektua, guk dakigula, geldirik dago, baina esan eustan etxea itxiko dauela jausten”. Ez, eraikina ez da inoiz eroriko, Larrabetzu herriak onartuko ez dauelako, eta hori agerian itxi dau Hori Bai Gaztetxearen historian zehar. Auzolanean oinarrituta, larrabetzuarrek behin eta barriro konpondu dabe eraikina, edo gazteak bertatik ateraraztea ekiditeko prest agertu dira. Azken baten, Hori Bai Larrabetzu herriko ondarea da. Zorionak, Larrabetzu! Zorionak, Hori Bai! Historia Hori Bai Gaztetxea 1965ean sortu zan, eleizak eta herriko gazteek sinatutako hitzarmenari esker. Alkarte barrian hainbat ekintza bultzatu ziran: futbola, alfabetatze ikastaroak, mendi martxak, zine emonaldiak, kanpamentuak... Hori Baik euskeraren aldeko apustua egin eban hasikera-hasikeratik, eta Larrabetzutik, besteak beste, Agustin Ibarrola, Juan Mari Torrealdai eta Gabriel Aresti egon ziran. Kontzertu politak be antolatu ditu: Negu Gorriak, Su Ta Gar, Zarama… 1981ean, eleizak lokala ixteko agindua emon eban, eraikina oso baldintza txarretan egoalako. Lokalak bost urte emon eban itxita, baina gazteek barriztu egin eben eta 1986ko abenduaren 24an barriro ireki eben Hori Bai. Bi urte lehenago, 1984an, alkartearen 20. urteurrena ospatu eben, eta bide batez, Gazte Eguna antolatu eben lehenengo aldiz. Garai hatan izena aldatu eben: Hori Bai alkartea Hori Bai gaztetxe bihurtu zan. Bere ibilpidean Hori Bai ez dau hartu-emon onik euki Udalagaz eta eleizagaz. Hori Baik bere egoitzatik botateko mehatxu batzuk jaso ditu, baina auzolanari esker eta herriko atxikimenduari esker, mehatxuak ez dira oraingoz gauzatu. Gazte Eguna Hori Bai Gaztetxeak hainbat ekitaldi antolatzen ditu urtean zehar, baina ziurrenik Gazte Eguna da handiena. Aurton 31. aldiz egingo da eta, betiko moduan, egitarau oparoa prestau dabe abuztuaren 1erako. “Larrabetzu Gazte Egunari eta Hori Bairi esker da askotan ezaguna, eta hori oso pozgarria da, harro egoteko modukoa. Harrigarria da gu bezalako talde txiki bat Gazte Eguna bezalako ekitaldi handi bat antolatzeko gauza izatea”, dino Kattalin Bárcena Hori Bai Gaztetxeko kideak, poz-pozik. Betiko legez, herriak bat egiten dau gaztetxeagaz, eta izugarrizko laguntza emoten deutso: gurasoek ogitartekoak egiten ditue, baita txosnako txandak be; ogia eta postrea Sarrikolakoek ekarten ditue, tabernariek eszenatokia ordaintzen dabe.... “Oso ekitaldi handia danez, jente pilo batek laguntzen deusku; bestela, guk bakarrik ezin izango geunke antolatu. Egun horretan ateraten dogun dirua Gazte Eguna bera antolatzeko erabilten dogu, guzurra iruditu arren”. Autobus bat, Elorriotik Kanpora begira izugarrizko oihartzuna dauka Gazte Egunak. “Oso hunkigarria da Euskal Herri osoko gazteak Larrabetzun ikustea: nafarrak, giputzak, arabarrak... Elorriotik autobus bat antolatzen dabe hona etorteko. Uste dot urteko egunik jentetsuena dala Larrabetzun. Eta horrek adorea emoten deusku aurrera jarraitzeko”, esan deusku Miren Zorrozuak, Kattalinen kideak. “Egun polita da, baina aldi berean oso urduri gagoz. Alde batetik, eguraldiari begira ibilten gara. Izan be, euria eginez gero, jente gitxiago etorriko da. Bestetik, dirua. Egunean bertan lortzen dogu dirua, eta ordaindu behar dogu. Izugarri nasaitu egiten gara dana ordainduta daukagunean. Eta bestetik, kontzertuak. Gatxa da taldeak aukeratzea, eta presinoa sentiduten dogu, ez doguzalako jentearen itxaropenak huts egin gura”. Gazte Eguna jaia da noski, baina aldarrikapen-ukitu bat be badau. Gainera, giro berezi bat sortzen da egun horretan. “Ez da parranda handi bat bakarrik. Larrabetzu herri txikia danez eta jaietako hiru aretoak oso gertu dagozanez, giroa erabat kontzentrauta dago eta oso polita da. Beharbada geure herria dalako esaten dogu hori, ez dakigu, baina holan sentiduten dogu (kar, kar)”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).