Boiseko euskal jaialdia: Euskal Herriko zati bat,

Aikor aldizkaria 2015ko ira. 23a, 11:06

Testua: t: Gaizka Eguzkitza; Argazkiak: Alfon Atela, Oihana Astobieta, Olaia Aurre, Iñigo Aurrekoetxea “Gotxa”, Jose Angel Atela, Ainara Arnaiz, Jon Ander Aldekoa

Euskal diasporea Euskal Herriko zortzigarren herrialdea dala esaten da. Ez da harritzekoa, kanpoan dagozan euskaldunek pasinoz bizi dabelako euskal kulturea. Diasporak egiten dauan euskal jaialdirik handienetariko bat Boisen egiten da, Estadu Batuetan. Aurten 30.000 mila lagun baino gehiago batu dira bertan, eta hatako asko eta asko, txorierritarrak. Euskal Herriko aztarna pilo bat dagoz Estadu Batuetan. XIX. mendean mi¬laka euskaldun joan ziran Ipar Amerikara batez be artzain behar egitera. Be¬randuago, 1900tik 1920ra bitartean, 430.000 euskaldun joan ziran Estadu Batuetara. Gehienak Kalifornia, Oregon, Idaho eta Nevada estaduetan batu ziran, Estadu Batuetako ipar mendebaldean, Kanadatik gertu. Gaur egun estaduen % 80tan dago euskal etxeren bat. Inguru horretan dago Boise, Idahoko uriburua. Bertan, 200.000 lagun bizi dira, eta hareetako 20.000 euskaldunak dira. Esate baterako, Dave Bieter alkateak Larrabetzun daukaz erroak. Eurek behar handia egiten dabe euskal kulturea bizirik mantentzeko, eta urtero egun bateko euskal jaia egiten dabe uztailaren 31n, San Inazio egunean. Gainera, bost urterik behin euskal jaialdi erraldoia egiten dabe. Eta hara milaka lagun hurbiltzen dira, estadubatuetarrak zein kanpokoak. Eta euren artean baita txorierritarrak be, jakina. Boiseko lehenengo jaialdia 1987an egin zan, eta gaur egun Euzkaldunak alkarteak antolatzen dau, hango euskal etxeak, hain zuzen be. Jaialdian hainbat ekitaldi egiten dira: kontzertuak, dantzak, herri kirolak, pilota partidak, hitzaldiak, erakusketak... Aurten Athleticek be egin dau bat ospakizunagaz eta partida bat jokatu dau bertan. Egun batzuetan zehar, Boise euskaldunon topagunea da Estadu Batue¬tan, etxetik milaka kilometrora. Eta han batzen dira aspaldian Estadu Batuetara joan ziranak, euren seme-alabak eta euskal kultura bizi gura daben hainbat eta hainbat lagun. Eus¬kerea, ondo pasetako gogoa eta giro alaia nagusi dira. Iñigo Aurrekoetxea Gotxa zamudioztarra kirolari peto-petoa da. Gotxak ibilbide ederra dauka herri kiroletan, eta horregaitik joan da aurten Boisera. “Saio batzuetan hartu neban parte, belar-zamea eta ingudea jasoten. Hareetako bat zoragarria izan zan. Hockeyan jokatzeko areto baten egin genduan eta lekua zoragarria zan. Aretoa leporaino bete zan eta jentea zoratuta ibili zan gugaz: animaten, txaloka, argazkiak egiten, autografoak eskatzen... Itzelezko giroa egon zan”. Gainera, aurkezpena be bitxia izan zan. “Hizlari batek gure izenak aitatzen ebazan eta kirolariok banan-banan urtetan gendun aretora, ilunpean, musika eta kearen artean. Dana oso amerikarra”. Kirola alde batera itxita, Iñigo poz-pozik itzuli da Txorierrira, Boiseko jaialdia “itzelezko esperientzia izan dalako”. “Jente pilo bat joan ginan hemendik eta Boisen bat egin genduan hango euskaldun askogaz. Eta gehienek euskeraz egiten; harrigarria da zelan eutsi deutsien hizkuntzari”. Era berean, Iñigok azpimarratu deusku jaialdi osoan zehar egon zala giroa. “Edozein momentutan hurbiltzen jatzun baten bat bere familiaren gainean berba egiteko edo zu ezagutzeko. Itzultzea gustauko litxakit”. Ospakizun bikotxa Eguzkiñe Goikoetxeak be barriro joan gura dau Boiseko jaialdira. Loiukoak ile-apaindegi bat dauka Asuan eta aurten lehendabiziz joan da jaialdira. “Senarra eta biok beti euki dogu jaialdira joateko grina eta aurten azkenean lortu egin dogu. Gainera ospakizun bi egin doguz bertan: batetik, senarra eta biok orain dala 25 urte ezkondu ginan San Inazio egunean; bestetik, senarrak erretiroa hartu eban martxoan eta hori be bazan ospatzeko modukoa”. Eguzkiñek be primeran pasau dau Estadu Batuetan. “Jaialdiak benetan merezi dau, ikusi eta bizitzeko modukoa da. Hangoak irrikan dabilz kanpokoakaz berba egiteko eta hartu-emonetan jarteko. Hango euskaldunek herrimin alaia dabe eta oso hunkigarria da”. Boisez gainera, New Yorken be egon zan Eguzkiñeren taldea, eta han Brooklyn auzoko euskal etxean egon ziran. “Kasua-lidadez, Loiuko lagun batzukaz topo egin genduan bertan. Oso polita izan zan. Gainera erromeria ederra eskaini eben Taberna Ibiltaria eta Luhartz taldeek”. Horren moduko anekdota pilo bat gertatu jakoz Eguzkiñeri. “Bidean mormoi bategaz egin genduan topo, eta guregana etorri zan senarrak Athleticen kamisetea eroialako. Bera Bilbon ibilitakoa zan, eta Athleticen inguruan hasi ginan berbetan. Beste behin Xabi Paya bertsolariagaz egon ginan, berak jaialdian parte hartu ebalako. Xabi ezagutzen dogu Lauroetako bertso-afarietara askotan eto¬rri dalako, eta bera hurbildu zan gu agurtzera”. Aurten, Olaia Aurre zamudioztarra eta bere familia be joan dira Boisera. Bere aitak, Angelek, senideak ditu Kalifornian. “Nire osaba Zamudiokoa zan eta 1920an, 17 urte zituala, Estadu Batuetara joan zan”. Angel batzuetan joan da Ameriketara, baina Boiseko jaialdia ez eban ezagutzen. “1974an Elko herrian (Nevada estaduan) egin zan euskal jaialdira joan nintzan eta oso polita iruditu jatan: traktoreek ikurriñak eta Estadu Batuetako bandera eroiezan, eta bertan ikusi genduazan besteak beste Iñaki Perurena harri-jasotzailea eta Jon Lopa¬tegi eta Xabier Amuriza bertsolariak”. Angelen eritxiz, jaialdi biak dira politak, baina Boisekoa Elkokoa baino askoz handiagoa. “Jaialdia ederra da. Ekitaldiak kale handi baten egiten dira, eta han be batzen gara bisitariok. Hangoak oso pozik egozan gu euren herrian egoteagaitik. Itzelezko harrerea egin euskuen, etxean moduan sentiduten ginan. Batek esan euskun: Ahal badozue, etorri jaialdira barriro; zuek emoten deuskuzuen pozak ez dauka preziorik”. Alfon Atela Taberna Ibiltaria musika taldekoa da eta birritan joan da Boiseko jaialdira. Bere ustez, jaialdia gero eta handiagoa da. “Lehen euskaldunok, hangoak edo hemengoak, edo euskal kultureagaz loturea genduanok joaten ginan, baina gaur egun ondo pasatzera joaten da gero eta amerikar gehiago. Izan be, oso giro polita dago eta amerikarrentzat be bada berezia. Esate baterako, jaialdiaren aretoan alkohola edan ahal da kaletik, eta hori Estadu Batuetan debekatuta dago. Gainera, ekitaldiak dagoz, musikea...”. Alfonen berbetan, bisitariak gehien ha¬rritzen dituana hizkuntza da. “Amerikar euskaldun gehien¬ek euskeraz egiten dabe, euskera dotorez gainera, inolako doinu amerikar barik. Aurten Totorika¬guena abizena eban Boiseko gizon bat ezagutu genduan. Bere familia Ger¬nikakoa zan eta berak gernikar doinuari eutsi deutso. Itzela da. Nire ustez, Boiseko jaialdia bizitzeko modukoa da. Euskaldun guztiok bizitzan behintzat baten joan beharko ginateke hara”.