Testu hau orain irakurriko duzuen arren, Amaia uztailean harrapatu genuen, “Sagar Handitik” etorri berria zela. Gazte sondikoztarra ikasten egon da bertan, eta jet lag-a ez da oztopoa izan, bere esperientzia gurekin partekatzeko.
“Ikastetxeko neska batzuk Estatu Batuetara joan ziren ikastera aurreko ikasturtean, eta euren esperientzia kontatu ziguten. Ni ere animatu nintzen esperientzia hori bizitzera. Gainera, ikusi nahi nuen noraino heltzeko gauza nintzen… New Yorken urte oso bat egon naiz, eta oso esperientzia ona izan da”. Hala hasi da Amaia azaltzen zergatik erabaki zuen Atlantikoaz beste aldera joatea.
Batxilergoko lehenengo maila ikasi du New Yorken. “Sistema ezberdina daukate, jende ezberdinekin egon naiz klase bakoitzean… baina maila baxuagoa dute, eta oso erraza izan da bertan ikastea. Egia esateko, ez dut esfortzu handirik egin, hemen egin beharrekoarekin alderatzen badugu… Zailtasunak orain etorriko dira, liburuak hartu eta berriro gogotik ikasi behar dudanean. Uste dut kostatuko zaidala”. Ikasketez gainera, kirolarekin ere saiatu da New Yorken. “Saskibaloian eta hockeyan aritu naiz, izan ere, halako kiroletan aritzeko gomendioa ematen dute, jende gehiago ezagutzeko eta haiekin harremanetan hasteko. Saskibaloian lehenago ere aritu naiz, baina hockeya berria izan da niretzat. Probatzearren aukeratu nuen. Oso txarra naizen arren, gustatu egin zait”.
Hizkuntzari dagokionez praktikarik ezak hasieran dakartzan arazoak gaindituta, sondikoztarrak ez du arazo handirik izan Amerikako bizitzara egokitzeko. “Kostatzen zaizu, noski, hizkuntza ezagutzen baduzu ere, hasieran zaila delako buruan duzuna ahoz adieraztea. Baina egunero saiatu behar duzu ingelesez, eta azkenean nahi eta nahi ez egiten duzu. Bestalde, kultura ezberdina duen herrialde batean zaude, zuk ezagutzen ez duzun eta zu ezagutzen ez zaituen familia batekin… eta gogor egiten da. Baina zailtasun horiek gainditzen dira, eta familiako beste kide bat bihurtzen zara azkenean. Oporretara joaten ginen eta gauza asko egiten genituen elkarrekin”. Hala ere, Amaiak aitortu digu apur bat kostatu zitzaiola familian zeukan “estatus” berrira moldatzea. “Neba bat daukat, ni baino nagusiagoa dena; eta New Yorken nire adineko ahizpa bat izan nuen. Beti geunden elkarrekin, gauza berdinak egiten genituen eskolan, lagun berberekin irteten ginen… eta, ondorioz, erraza zen elkarrekin haserretzea. Ez nuen oso ondo eramaten”.
Magikoa
Nueva Yorken, neguan, hotz handia egiten duela kontatu digu, eta horregatik, aisialdia etxean eman ohi zuen, pelikulak ikusten edo Gabonetako postreak egiten. “Eguraldia hobea zenean, mendira joatea gustatzen zitzaidan, eta familiarekin bidaiak egitea autoz. Countrya entzuten genuen bidaia horietan. Lagunekin janari lasterreko jatetxeetara ere joaten nintzen autoz, ezin delako leku batetik bestera oinez joan”. Ez da beharrezkoa esatea Sondikak ez daukala zerikusirik “Sagar Handiarekin”. New Yorkek 19 milioi biztanle dauzka, oso erritmo bizkorra, kultura eta aisialdiko eskaintza handia… Egunez zein gauez. Lo egiten ez duen hiria dela diote. “New York nahiago dut; hango erritmoa da niri gustatzen zaidana. Asko gozatu dut izotz gainean patinatzen, New Yorkeko kaleetan barrena ibiltzen… Izan ere, nahiz eta gauza sinplea iruditu, hain da magikoa! Libre sentitu naiz hain akigarria irudi daitekeen hiri horretan. Inoiz han bizi ahal izatea da nire ametsa”.
Lagun onak egin ditu Estatu Batuetan. “Kultura eta ohitura ezberdinetatik gatoz eta hori nabaritzen da, jakina, baina elkar ulertzen dugu. Oso jatorrak dira. Ikastolan bazegoen Holandako neska bat eta, beharbada, bera zen ondoen ulertzen ninduena —badakizue, hasieran apur bat galduta zabiltza, bakarrik sentitzen zara, ez dakizu zeure arazoak nori kontatu…— egoera berean geundelako”. Orokorrean, oso esperientzia positiboa izan dela dio, eta edonori gomendatuko lioke halako abentura bat bizitzea. “Zure familia ondoan ez egoten ikasi behar duzu, beste kultura batera egokitzen, ikastetxean gauzak ondo egiten… Gauzak beste perspektiba batetik ikusten dituzu”.
Amaia Batxilergoko bigarren mailako ikaslea da Lauroeta ikastetxean. Hautazko ikasgaitzat zuzenbidea eta ekonomia aukeratu ditu, gustatzen bazaio, esparru horiei lotutako zerbait ikasteko asmoa duelako. Beharbada; batek daki. “Estatu Batuetako esperientzia oso ondo irten dela kontuan hartuta, gustatuko litzaidake berriro atzerrira joatea ikastera. Ez dakit nora, Europako herri batera, nire familiarengandik hain urrun ez egoteko”.
Idazle afizionatua
Sondikoztarrak Txorierriko Ipuin Lehiaketaren azken edizioa irabazi du. Eta ez da lehenengo aldia izan, orain dela urte batzuk ere lehenengo saria eskuratu zuelako bere kategorian. Istorioa kontzentrazio-esparru batean kokatu du oraingo honetan. “II. Mundu Gerra ikasi genuen ikastetxean, eta irakasleak hari buruzko lan bat egitea agindu zigun. Esan zidan nirea ondo zegoela eta, beharbada, lehiaketaren batera bidali ahal nuela. Badakit oso gai originala ez dela, hari buruz asko idatzi dela, baina uste dut inportanteena dela zelan dagoen idatzita. Estatu Batuetan nengoela enteratu nintzen irabazi nuela. Pozik”.
Idaztea gustukoa du betidanik, “eta are gehiago euskaraz, politagoa delako”. Idaztea bere sentimenduak adierazteko erabiltzen du, eta hobeto sentitzeko. Hala ere, ez du idazle bihurtzeko aukera inoiz aztertu. “Ez dakit nik horretarako hain ona izango nintzatekeen…”. Bere zaletasunetako bat izaten jarraituko duela ziurtatu digu, ordea. Eta zer espero du Amaiak bizitzatik? “Asko bidaiatu nahiko nuke, lan on bat izan, familiarekin egon…”.
Gaztea eta ...