Ez, ez da. Segundoak, egunak, bizitza osoa daramagu barneratuta egon beharko litzatekeen leloa paretetan -norberaren bekokian- letra larriz idazten. Esaten, oihukatzen, negar malkoz bustitzen. Baina itsutasunak eta bekokietako espazio faltak jota, badirudi oraindik ere asko dagoela egiteke, gehiegi agian. Baiezkoak ez ezik, ezetzak ere barneratzeko eta onartzeko gaitasuna dago jorratzear.
Bilboko jaietan gertatutako eta salatutako eraso sexisten inguruan irakurri dugu, arduratu, baita jarri gabeko denuntziei buruz jakin ere. Egia da matxiruloen jarrera borborrean dagoela etengabe eta, gainera, alkoholak ematen duen txinpartari eta lagunen babesari esker harrotasunaren puxika egoa beste puzten da. Behin heteropatriarkatuaren morrontzan, ustez, egondako lurraldeen konkistan tinko dihardute. Bakerik ez, jada. Eta orduan, gauaren iluntasunean, “cho cho cho fe para el taxi” lelo zoroen artean, sintomak errazago antzematen dira; homoerectusak martxan ateratzen dira elkar elikatuz. Inkisizioaren begiradak ernaldu eta heteropatriarkatuak finkatutako bideetatik aldentzen den edozeinengana zuzentzen dira; baina hori ez da okerrena, desbideratutako horiek zuzentzeko atrebentzia ere hartzen dute: okel gehiegi erakustearren, debekatutako ezpainetan musu emateagatik… Indioilarraren lumadia erakutsiz eta ahoz esandako lizunkerien ostean, ukimenaren zentzumena dute garatuen, eta esku bat luzatzen dute –bat bakarrik, besteak katxiari eusten baitio— dagokiena eskuratu nahian edo, ordea, gaizki eginak zuzentzeko; moraltasunaren maindirea edozein txokotara luzatzeko eta artaldea berriz ere, bateratuta, bidean jartzeko.
Esperotako erantzunik ez jasotzerakoan tolerantziaren diskurtso luze eta gogaikarriaz dira mintzo. Ez, ez dugu tolerantziarik behar zerbait txarto egiten egongo bagina bezala; ez diogu inori ez baimenik ezta barkamenik ere eskatu behar. Hezkuntza eta errespetua dira gizarteak behar duena, ez tolerantzia. Askatasuna, mugak eta eskubideak zeintzuk diren jakiteko errespetua, ezetzak onartzeko hezkuntza… Bideak eta aukerak anitzak direla jakiteko gaitasuna, horiekiko begirunea eta orratz nahikoa, matxismoaren puxika behingoz lehertzeko.