Wladimir Kaminer (Pasazaite, 2015); itzultzailea: Maria Jose Kerexeta
Batzuek diote euskarazko literatur lanik onenak itzulpenak direla. Nik ez dakit hala den, baina badakit azken urteotan itzulpen lan askorekin gozamen ederra hartu izan dudala. Eta horietako bat ekarri nahiko nuke hona: Errusiar diskoteka (Bide batez, Pasazaite argitaletxe bikainaren beste lan batzuk ere gomendatuko nituzke).
Berlinera joandako jatorri juduko etorkin errusiar baten pasadizoek osatzen dute liburua. Prenzlauer Berg auzoa du erdigune narrazioak: ekialdeko Berlineko auzoa, murrua erori ondoren, etorkinen, okupen eta bestelakoen bilgune bihurtu zena. Eta murrua erori osteko sasoietan garatu egiten da: 90eko hamarkadaren hasieran, hain zuzen ere.
Liburua autobiografikoa ei da, baina fikzionatuta. Eta, gainera, egileak bere esperientziak ez ezik, bere ingurukoen esperientziak ere kontatzen ditu. Pasadizo erdi-pikareskoak dira gehienak, legez kanpoko eta lege barruko etorkinak protagonista dituztenak. Eguneroko bizitzatik ateratako pasadizoak dira nagusi: esate baterako, janari lasterreko taberna batean turkiarren plantak egiten dituzten bulgariarrak (eta haiei gertatutakoak, jakina).
Ipuin laburrak dira liburukoak, bizpahiru orritakoak, biziak eta arinak (lehen begiratuan). Umorez blai, ironikoa sarritan, beltza beste batzuetan, paradoxikoa ia beti. Irribarrea ahoan irakurtzeko moduko liburua da, gaur-gaurkoa. Zer pentsatua ematen du, baina, batez ere, barre eta irribarre sano potoloak.
Errusiar batek idatzi du liburua, esan bezala. Hala da, eta balio du apur bat ekialdeko herrietako bizitza zelakoa zen ikusteko komunistak agintean zeudenean. Baina Errusiako egoerari buruz informazio zehatza jakin gura baduzu, irakurle, ez galdu Ereinek eta Igelak argitara emandako Serguei Dolavtov-en Maleta.