Urrezko dantzak

Aikor aldizkaria 2015ko urr. 27a, 10:14
Argazkiak: Goi-Alde
Mobimendu handiko urtea izaten ari da Goi-Alde dantza taldeko kideentzat. Izan be, aurten 50 urte bete dira taldea sortu zala, eta dantzariek urtarriletatik hona daroe ospakizun-ekitaldietan murgilduta: hitzaldiak, sagardaotegi batera eginiko urtekerea, Zuberoako Maskaradea ikustera joatea, erakusketak, dantzen agerraldiak... Sorkunde Goikouria Goi-Alde dantza taldeko presidentea da eta berak kontau deusku urteurrena zelan urten dan, zein izan dan taldearen bilakaerea, eta zeintzuk bere asmoak. Abuztuaren 15ean, 50 urte bete ziran Goi-Aldeko dantzariek jente-aurrean lehen aldiz ekitaldia eskini ebela. Beraz, aurtengoa oso egun berezia izan da taldekideentzat eta taldetik pasau diran lagunentzat. Guztiak batu eta alardea egin eben; bazkaria be egon zan, eta erromeria. Halanda be, ekitaldi nagusiak urriko lehenengo asteburuan antolatu ebezan: saioa Erandioko Udal Musika Bandeagaz batera, Donostia, Baztan eta Santutxuko dantza taldeakaz agerraldia, bazkaria, umeentzako antzezlana, erromeria Korrontzi taldeagaz... “Oso asteburu polita izan zan. Jentea pozik lotu zan eta ekitaldira konbidatu genduzan taldeak be sabore onagaz urten ziran. Laguntza handia jaso genduan Udaletik, Erandiogoikoko Uri Buru Batzarretik, Goiztiri alkartetik, tabernetatik eta herritarrengandik”. Dantza taldea Jose Luis Intxaurbek sortu eban, Erandioko gazteen artean euskal kultura zabaltzeko asmoz. Apurka-apurka, sendotzen joan zan. “Hasikeran, Bizkaiko dantza batzuk baino ez ziran egiten eta halan urte pilo bat emon eben. Gero, 1980. urtea garrantzitsua izan zan, dantza barriak ikasi genduzalako, entsaiatzeko modu ezbardina, arropa barria... Horretaz aparte, taldearen bilakaerea gizartearen beraren bilakaeragaz batera joan da”. Taldean 145 dantzari inguru dagoz gaur egun: lau urtetik 11 urte arteko 80 ume; 12 urtetik 17 urte arteko 30 gazte, eta 17 urtetik gorako 35 lagun. “Dantzariak baino gehiago monitoreak behar doguz. Gatxa izaten da dantzari nagusiek txikiei irakasteko konpromisoa hartzea. Talde askotan ordaindu egiten da dantzak ikastegaitik zein irakasteagaitik, baina gu oraindino ez gagoz filosofia horretan. Horregaitik da, beharbada, gero eta gatxagoa dantzariak irakasteko prest egotea”. Bizitasuna Goi-Alde dantza taldea erreferentea da Erandion, eta herrian euskal folklorea bizirik mantentzeko egiten dabezan ekitaldiek ospe ezin hobea daukie. “Olentzero Eguna eta Inauteriak, esate baterako, oso bereziak dira guretzat”. Erandiogoikoari be bizitasuna emoten deutsie barikuetan. “Dantzari guztiok batzen gara 18:00etatik 22:00etara, eta ondorioz jentez ganezka egoten da auzoa. Beraz, zerbait antolatu nahi bada, barikuan izan behar, arrakastea garantizauta egongo dalako. Horrek guztiak eragin handia dauka auzoan”. Sorkunderen ustez, irakasleak dira dantza taldearen indargunea, dantzak irakasten urte asko daroezanak. Gabeziei jagokenez, azpiegitura faltea aitatu dau. “Erabilten doguzan eleizako lokalak txiki gelditu dira eta horregaitik eskatu deutsaguz Udalari kultur zentro barriko gelak, entseguak barikuetan bertan egiteko”. Euskal dantzei behar besteko garrantzirik emoten ez jakela be azpimarrau dau. “Umeek beste ekintza batzuk egiten dabez, gure entseguek baino lehentasun handiagoa daukienak: kirola, hizkuntzak, musikea...”. Herriko bizitza kulturalean parte-hartze aktiboa izateaz gainera, Bilboko Astea Nagusian be eskaintzen dabez ekitaldi bi: bata, Irrintzi konpartsearen eskutik, eta bestea, Bizkaiko Dantzarien Biltzarrak antolatua. “Urduri eta arduratuta izaten gara eta momentu bereziak izaten dira”. Ekitaldiak Euskal Herrian eta Estaduko hainbat herritan ez ezik, atzerrian be eskini dabez, adibidez Turkiako Marmariseko jaialdian eta Szeged-eko International Country-Wandering jaialdian (Hungaria). Prest Momentu berezi asko dagoz 50 urtean, oroimenean betiko lotzen diran horreetakoak. “Dantza egitera kanpora urten ginan lehenengo aldia. 1984. urtean egin genduan eta El Vendrell herrira, Tarragonara, joan ginan. Bost aldiz egon gara bertan. Austria, Turkia eta Hungariara egin doguzan urtekerak be bereziak izan dira, Andaluziara, Asturiasera, Valladolidera egindakoak be... 25. urteurreneko jaialdia, eta 45. urteurrenekoa. Azken horretan, Goi-Alde sortu aurretik Erandiogoikoan egon ziran dantzariak alkartu genduzan. Egun hori zein aurrekoak oso politak izan ziran. Ekitaldi nagusian gugaz dantzatu eban emakumeak oso pozik egozan, hareekaz gogoratu ginalako. Entseguak be bereziak izan ziran eta momentu itzelak bizi izan genduzan hareen dantzari garaia gogoratuz”. Goi-Aldeko dantzariak buru-belarri ibili dira 50. urteurrena antolatzen eta ospatzen, eta orain merezidutako atsedena hartuko dabe abendura arte. “Datorren urtean ikusiko dogu, baina gure planteamentua beti da berbera: dakiguna mantendu eta barria ikasi, betiere hobetzeko asmoz”. Beste 50 urte beteteko prest? “Atzetik datozanek baietz esan dabe. Beraz, prest!”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).