Txarok 54 urte bete barri dauz. Mungiakoa da, baina orain dala 30 urte Zamudiora ezkondu zan, Urtiñe baserrira. Hango soloaz arduratzen da eta begi bistakoa da bere lanaz benetan disfrutaten dauala. Berba egiten dauan eragaitik eta bere irribarre handiagaitik da, ziur asko. Urriaren 15ean Emakume Baserritarren Nazioarteko Eguna izan zan eta datea atxakiatzat hartu dogu, beragaz solasalditxua eukiteko.
Eusko Legebiltzarrak Emakume Baserritarren Estatutua onartu barri dau. Besteak beste, emakume baserritarren eskubideak arautzea dau helburu, Gizarte-segurantzan alta emon, ustiategien jaubetasuna euki, bardintasuna sustatu...
Nik uste dot hori guztia inportantea dala, gure lana ez dalako inoz errekonozitu. Emakumeok gizonak beste egin dogu lan beti; gehiago esango neuke nik, soloan ez ezik, etxean eta seme-alabak zaintzen be bai. Eta ordainetan gitxiago jaso dogu beti. Bada garaia emakumeok martxan ipini eta gogor egiteko, merezidu doguna lortzeko.
Noztik daukazu baserriagaz loturea?
Betidanik. Gernikan ganadua genduan, eta Zamudiora ezkondu nintzanean bendejeagaz hasi nintzan. Amaginarrebak itxi eban eta nik jarraitu neban. Erriberako merkadura noa eta dana amaginarrebak egiten eban moduan egiten dot, bardin-bardin. Etxeko generoa bakarrik daroat.
Zuek ortuariak ekoizten dozuez; 3.000 metro koadruko lursaila da (7,9 gizelan, baserritarrek lehen esaten eben moduan; guk be apur bat ikasi dogu). Zein da zure lana soloan?
Soloaren pisua neuk eroan dot beti. Dana egiten dot: haziak, landarak ipini, traktoregaz lurra preparau, satsa bota, botikak... Senarrak arratsaldeetan, lanetik etorrenean, laguntzen eustan lehen, baina orain neu bakarrik moldatzen naz. Porruak daukaguz, tomateak, kipulak, zanoriak, letxugak, piperrak... dana kanpoan; ez dogu negutegirik. Ortuan lan egitea oso gogorra da, ez dago domekarik, oporrik... Gustetan ez bajatzu, hoba ez hastea. Niri pilo bat gustetan jat.
Lehen aitatu dozu zeuk: soloko lanaz gainera, etxekoa be egin behar.
Leku baten amaitzen dozunean, bestean hasi behar da. Eta batez be domekak aprobetxau garbiketa handiena egiteko. Eskerrak orain bendejeagaz bakarrik barikuetan eta zapatuetan joaten nazala; tomate garaian, gehitxoago beharbada... Baina lehen egunero joaten nintzan. Goizaldeko ordu batean joan naz ohera askotan, 5:30erako merkadura joan, etxera etorri, bazkaldu, ordu erdi inguru deskantsau – gehiagorik ez, e!- eta martxan jarraitu.
Eta alaba bat be badaukazu.
Bendejeagaz lo egin barik joatea tokau jat askotan, baina gaztetan danagaz ahal da. Dana dala, alabea txikia izan danean amaginarrebearen laguntzea euki dot. Ni plazan nengoan bitartean, bera alabeagaz lotzen zan etxean. Osterantzean, ezin da. Soloan lan egiten badozu eta ume txikerrak badaukazuz, nire ustez, ez jatzu merezidu persona bat hareek zaintzeko kontratau eta ordaintzea. Ez da ateraten. Baina etxean laguntzea badaukazu, beste gauza bat da. Erraztasun gehiago egon beharko litzatekez arlo horretan.
Zelan buztartu dozuz zuk soloa, etxea eta alabea?
Modu baten edo bestean moldatu naz beti eta ez dot inoz “hori ezin dot egin” pentsau. Egin behar da eta kitu.
Plazan, zure moduko andra gazte bat ikusten dabenean harritzen dirala badakigu...
“Ene, zaharragoa izango zinala espero neban” esaten deuste batzuek. Izan be, plazan oso jente gazte gitxi dago gaur egun. Normala da. Ez dago egun librerik, oporraldirik... Bajea hartzen badozu, nondik kobraten dozu? Eta soloan amaitzen dozunean, etxera sartu, argia biztu eta, tira, jarraitzera.
Hori argia ez bizteagaz konpontzen da...
Ez, ez (kar, kar). Egin behar da.
Noz arte soloan?
Oraindino urte batzuk gehiago bai, ahal dan bitartean. Niri asko gustetan jat, bai soloko lana, bai bezeroakaz egotea.
Zelan doaz salmentak merkaduan?
Nire bezeroak daukadaz; edadekoak dira, jente gaztea gitxi etorten dalako. Baina hau ez da kantidade handia ekoizten dauanarantzat; dozena bat letxuga badaukazuz, ba, ez eroan gehiagorik, ez dozuzalako salduko. Gabonetan-eta boladak dagoz, baina gero normaltxu saltzen da.
Zer eskatuko zeunke emakume baserritarrontzat?
Lehenengo eta behin, errekonozimendua. Nik beti, txikitan be, ikusi dot emakumeok gizonek baino gehiago egin dogula lan. Ze, soloko lana amaitzen zanean, gizona etxera sartu eta jesarten zan; emakumeak, ostera, jarraitzen eban etxeko gauzak egiten. Gizona ohera; eta emakumeak harrikoa egiten jarraitu... Bikote gazteak ez dakit zelan moldatuko diran orain, mutilek gauza gehiago egiten dabez etxean, baina, tira, ez dakit nik... Eta gero, gazteek baserrian jarraitzea gura badogu, uste dot erraztasun gehiago emon behar jakezala, eta euren eskubideak edozein langilek dituan eskubideakaz parekatu.
Baserri mundua