Amets Arzallus, bertsolaria: “Besteen kontra baino

Aikor aldizkaria 2015ko urr. 28a, 09:44

Testua: Gaizka Eguzkitza / Argazkiak: Gari Garaialde eta Galder Izagirre / Iturria: Xenpelar Dokumentazio Zentroa

Irailean San Migel jaiak ospatu ziren Lauroetan eta han antolatutako bertso-saioan Amets Arzallusek hartu zuen parte. Txapeldun nagusiarekin, besteak beste, Txorierri, bere ibilbidea eta bertsolaritza bera jorratu ditugu. Zelan San Migel jaietan? Bi aldiz egon naiz Lauroetan. Saio berezia da, udako sasoiari bukaera ematen diolako eta, era berean, udazkenari ongi etorria. Alde batetik, nekatuta gaude, baina bestetik, oso ilusionatuta ere bai. Aurten saioa pixka bat ezberdina izan da: karpa bat ipini dute, entzuleak leku goxoago batean egoteko, eta hori oso mesedegarria izan da saiorako. Ni oso gustura sentitu nintzen. Ez da Txorierrira etorri zaren lehenengo aldia. Bailaran bertsozale asko daude, ezta? Bai. Euskal Herriko edozein tokitan gertatzen den moduan, euskaldunak daudenean, bertsozaleak topatzen ditugu. Toki batzuetan zaleak nagusiak dira, eta besteetan, gazteagoak. Txorierrin biak uztartzen dira, eta horregatik da plaza polita. Gazteek bertsolaritzarekin bat egitea etorkizunaren seinalea da. Bertsolariok nagusien berotasuna estimatzen dugu, bai horixe, baina gazteak edo haurrak plazan ikustea ere bada zoragarria. Hainbat txapelketa irabazi dituzu. Nolako garrantzia ematen diezu? Guk saio guztietan ahalik eta ondoen aritzen saiatzen gara. Baina egia da, txapelketek garrantzi erantsi bat dute. Txapelketak plaza nagusira iristeko abiapuntutzat hartzen ditugu. Ez dut uste Euskal Herrikoa herrialdeetakoak baino garrantzitsuagoa denik, baina egia da komunikabideek oihartzun handiagoa ematen diotela. Eta hori guztia guri ere iristen zaigu, garrantzia kentzen saiatzen garen arren. Garai batean Andoni Egañak baino ez zuen irabazten Txapelketa Nagusia. Zelan bizi izan zenuten hori zuok, bertsolariok? Nire lehenengo bi finaletan Andonirekin ibili nintzen. Guretzat erreferentzia bat zen, baita laguna ere. Garai hartan hainbat aldiz azaldu ginen elkarrekin saioetan, txapelketetan, afarietan... Eta konplizitate handia genuen. Horregatik, irabazten zuenean, batetik, izugarrizko poza hartzen genuen eta, bestetik, miresmen puntu bat. Andonik beti eman zuen txapeldunaren maila bertso-saioetan zein txapelketetan, baita txapela galdu eta gero ere, eta hori ondoko bertsolariontzat babes handia zen. Izan ere, bertsolariok denon artean saio on bat egitea dugu helburu, eta ahalegin horretan Andonik hartzen zuen ardura-maila pribilegio bat zen guretzat, askotan saioa salbatzen zuelako. Dirudienez, bertsolarien artean ez dago lehiakortasunik txapelketetan, baina lehia edozein txapelketaren funtsa da, ezta? Txapelketak besteen kontra jokatzen ditugu noski, baina guk ez ditugu horrela hartzen. Besteen kontra baino, geure buruaren kontra jokatzen dugu txapelketetan. Saioetan helburu kolektibo bat dago, jendeak disfrutatzea, eta txapelketetan ere eusten diogu pixka bat horri. Txapelketako giroak barne-kontraesan batzuetan sartzen gaitu: lagunek inguratuta zaude, baina zuk ahalik eta urrunen iritsi nahi duzu eta ahalik eta ongien egin nahi duzu. Nik konplizitate handiz bizi ditut momentu horiek, sumatzen dudalako beste bertsolariek ere badutela konfiantza neure lanean. Zer nahiago dituzu, bertso-afariak ala txapelketak? Txapelketak noizean behin jokatzen ditugu eta haiek dakarten tentsioa gustura hartzen dut, baina astero bertso-afariak egitea askoz osasungarriagoa da (kar, kar). Bertso eskoletan aritu zara. Bertsolari jaio behar da, ala ikasi ahal da? Bertso-eskolek aski erakutsi dute bertsoa lantzen den zerbait dela. Nik txikitatik etxean bizi izan dut bertsozaletasuna. Garai hartan ziur asko ez nuen ezer berezirik, baina argi dago inguru honetan ibiltzeak bertsolaria izaten lagundu egin didala. Zein da bertsolaritzaren egoera gaur egun? Txapelketak arrakastatsuak dira: hainbat ikusle, oihartzun handia komunikabideetan... Han betiko bertsozaleak zein zaletu berriak batzen dira. Baina bertsolaritzaren benetako osasun-egoera txapelketez kanpo bilatu behar dugu, saioetan hain zuzen ere. Eta hor nahiko osasun ona ikusten dut, bai kopuruz, bai adinez. Zer hobetzeko egongo da, noski, baina pozik egoteko modukoa da. Ametsetan Amets Arzallus Antia Donibane Lohizunen jaio zen 1983an, baina Hendaian bizi da txikitatik. Kazetaritza ikasi zuen Euskal Herriko Unibertsitatean, eta gaur egun kolaborazioak egiten ditu Argia aldizkarian eta Euskadi Irratian. Gainera, Hendaiako bertso eskolan ere aritzen da. Euskarak Iparraldean duen egoerak kezkatzen du Amets. “Oso ongi diseinatutako politika linguistiko frantsesak kalte handia egin dio euskarari. Erakundeek legeak eta baliabideak eman behar dituzte euskara bultzatzeko eta, era berean, jendeak kontzientzia hartu behar du. Salto kualitatibo handi bat ematen ez badute, kinka larrian uzten dute euskararen etorkizuna”. Amets era natural batean sartu zen bertsolaritzan. Aita, Jexux, ere bazen bertsolaria eta Maddalen, bere arreba, ere ateratzen da plazetara. Ametsek palmares ederra du: lau aldiz jarraian irabazi zuen Nafarroako Bertsolari Txapelketa (2000-2003); eta hiru aldiz, Iparraldeko Xilaba Bertsulari Xapelketa (2008, 2010, 2012). Bertsolari Txapelketa Nagusiaren azken hiru finaletan ibili da (2005, 2009 eta 2013), eta azkenean txapela eraman zuen etxera (2013).