Duela 2500 urte inguru, Grezian, gure mendebaldeko kulturaren gurasoek dena behatzen zuten: zerua eta lurra, gizakia eta natura. Unibertsoak sorrarazten zien harridura eta ezagutzeko gosea ziren jakintzaren motorra. Horrela hasi zen pentsamendu arrazionala, eta gizakiaren eboluzio zibilizatua. Denbora hartuta.
Duela 500 bat urte edo, filosofia eta zientzia banandu egin ziren. Gizakiaren ingurua ezagutu eta eraldatzea bilakatu zen jakintzaren helburu eta funtsa. Eta horrela joan zen garatzen pentsamendu zientifikoa, hainbat urtetan zehar.
Duela 100 urtetik hona, zientzia eta teknologia banaezinak dira jadanik, eta hasierako aurrerakuntza itzelak handitzen eta zabaltzen joan ziren etengabe: espazio-ontziak asmatu, giza genoma aurkitu, nekazaritza intentsiboa zabaldu. Pentsamendu teknologikoa jaun eta jabe dugu.
Azken 20 urteetan, Interneten bidez, www. ospetsua milioika erabiltzaile izaten ari da, eta beste unibertso berri bat sortu da gure begien aurrean: informazioarena. Eta 10 urte eskasetan ordenagailuak, ikus-entzunezko gailuak eta telefonoak hainbeste eraldatu dira ze horrelako edozein zaharkitu egiten baita urtearen akabuan. Komunikazioaren aroan sartuta gaude, antza denez, oso denbora gutxian.
Eta orain apur bat asaldatua banago, aizue, zer nahi duzue esatea. Ze motako pentsamendua dugu orain? Ze hausnarketarako txoko? Garai berri honetan, gure aldiak eta erritmoak patxadaz ezin zeharkatu, grekoek bezala, kontenplazioan, gure inguruaren ikuspegi orokor bat izateko, azterketa sakonak egin ahal izateko.
Hori oso zaila izaten dugu gaur egun. Konturatu gabe, berehala ohitu gara gure mobil, tablet, iphone eta enparauetara: multi-atazetan murgiltzen ikasi dugu eta hiper-loturetan bizitzen, web orriak xurgatzen, datuak hodeira bidaltzen, milaka mezu batera jasotzen. Hain arin eta gainetik irakurtzen dugu, ze azkenean ez dakigula oso ondo (e)zer ikasi dugun, edo non. Eta badirudi ez dugula oroimenik behar, dena baitago sarean.
Baina oroimena datuak batzea baino gehiago delakoan nago. Pentsamendua datuak izatea baino gehiago den bezalaxe. Filosofoen jakin-mina datuak jasotzea baino gehiago ere bazen. Ez dakit nik ba, lagunok, batzuetan apur bat asaldatzen naiz kontu honekin.