Helduen Hezkuntzako zentroek (HHE) oinarrizko heziketa ematen dute, eta alfabetizazioa zein Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) titulua lortzea hartzen dute beren baitan. Txorierriko HHEko zentroa Derion dago kokatuta, Aldekone auzoan hain zuzen ere, eta bertan 150 ikasleri ematen diete arreta.
Txorierriko HHEko zentroa Leioako egoitza nagusiaren menpe dago eta 1986-1987 ikasturtean ipini zen martxan Derion. Gaur egun hango Udalak Aldekone auzoan dituen lokaletan dagoen arren, beste toki batzuetan ere egon da aurretik, Seminarioan, esate baterako. Zentroan bost irakasle daude eta 150 ikasleren formazioa dute beren ardurapean. Maria Puy Gastón Etayo irakasleetariko bat da, eta euskara eta ingeles irakaslea bada ere, beste ikasgai batzuk ere ematen ditu, hala nola lengoaia eta gizartea.
HHEko zentroak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren barruan daude, eta, hainbat arrazoi tartean, ikasketak amaitu ez dituzten edo bere garaian eskolara joan ez ziren 18 urtetik gorako lagunei daude zuzenduta. Sortu zirenean, “bizitzan zehar ikastea” zuten ardatz nagusitzat, baina Maria Puyk azaldu digun bezala, filosofia hori aldatu egin da eta gaur egun titulua ateratzea da helburu nagusia. “Egia da lehen ere pertsona asko HHEko zentroetara eskola-graduatua lortzera etortzen zirela, baina beste helburu batzuk zituzten lagunak ere bazeuden: idazmena eta irakurmena lantzea, hizkuntzak eta informatika apur bat ikastea, buruko gimnasia egitea… Ikaste hutsagatik ere etortzen ziren. Hezkuntza Sailak irizpideak aldatu ditu eta orain lehentasuna ematen zaio DBHko titulua ateratzeari. Hau da, hona matematika lantzeko asmoz datorren lagun batek derrigorrean eman behar du izena DBHko titulua ateratzeko taldean, eta bere mailari dagozkion azterketak egin”.
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lau mailez gainera, ingelesa eta informatika ere eskaintzen dituzte Derion, eta Maria Puyren esanetan, baliabide egokiak dituzte beren lana betetzeko: ordenagailuak, proiektagailuak, fotokopiak… Hala ere, Administrazioaren partetik arreta pertsonalizatuagoa eskatzen du. “Lehen bazegoen pertsona bat HHEko zentro guztiez arduratzen zena, baina figura hori desagertu egin da eta zaku berean sartu gaituzte Hezkuntzako beste adar batzuekin. Irizpideak orokorrean ematen dira, eta, ulertuko duzuenez, hona datorren pertsona baten egoerak eta motibazioak ez dute zer ikusirik Lanbide Heziketan dabilen gazte batek dituenekin, adibidez. Beraz, ezin da kasu bietan irizpide berberak ezarri. Nik uste dut HHEko zentrook berariazko saila eta arauak eduki beharko genituzkeela”.
Leku handiagoa ere eskatzen dute, ikasgelak txiki gelditu direlako. “Gutxienez 15-17 ikasle egon behar dira ikasgela bakoitzean, eta gehienez 20. Estu gabiltza leku aldetik; nik, adibidez, Kultur Birikako gela bat erabiltzen dut ingelesa emateko. Gure lokalen ondoan badago beste lokal bat, lehen margolan tailerra egiten zen han. Hutsik dago eta salgai ipini dute. Udalarena da eta guri uzteko eskatu diegu, baina ezetz esan digute”.
Profil anitza
Txorierriko HHEko zentroa astelehenetik barikura dago zabalik, goizeko 9etatik eguerdiko ordu biak arte. Doako hezkuntza ematen da bertan eta zerbitzua txorierritarrei zuzenduta dagoen arren, beste herri batzuetako lagunek ere badute han izena emateko aukera. Era berean, txorierritarrak beste udalerri batzuetara joan daitezke, Derion haien beharrizanetara egokitzen den talderik ez badago. Izena emateko baldintza bakarra 18 urtetik gorakoa izatea da. Ikasleen profilari dagokionez, hura oso anitza dela esan daiteke. “Ikasle batzuk oso gazteak dira. Langabezian daude eta ikusi dute, lana topatzeko, beharrezkoa dela DBHko titulua izatea. Beste alde batetik, etxekoandre asko ere etortzen dira. Gaztetan ez zuten ikasteko aukerarik izan edo ikasteari utzi behar izan zioten, eta irakurmena, idazmena… lantzera datoz. Edo gehiago ikastera. Erretiratuak ere baditugu, beren ikasketak dituztenak, baina orain denbora librea dutenez, ingelesa edo informatika ikasi nahi dutenak”. Etorkinak ere badaude ikasleen artean. “Batez ere gaztelania ikastera datoz eta hizkuntza menderatzen doazen heinean, DBHko ikasgeletan sartzen saiatzen dira. Izatez, batzuk DBHko titulua ateratzeko asmoarekin datoz hasieratik. Beren herrietan egindako ikasketak bertan balioztatzea prozesu luzea eta garestia da eta horregatik nahiago dute hemengo titulua atera”. Bestalde, mutil gehiago daude ikasle gazteen artean; eta emakume gehiago, nagusien artean.
Adin eta kultura ezberdinetako ikasleek osatzen dituzte taldeak. Oso bestelakoak dira eta talka egiten dute batzuetan, baina, halaber, esperientzia aberasgarria da. “Gauza guztietatik ikasten delako, eta guztiongandik. Gainera, helburua ez da bakarrik titulua atera dezatela, baizik eta pertsona moduan hezi daitezela, balioetan hezi daitezela, eta besteei ondo esaten ikasi dezatela”. Horretarako, ikasgeletan egiten den lanaz aparte, irteerak ere antolatzen dira edo inguruko herrietan egiten diren hitzaldietan eta ekintzetan hartzen dute parte, batzuk aipatzearren.
Etorkizun beltza?
“Ikasleak pozik sentitzen direla uste dut, ondo tratatzen ditugulako. Tratu hurbila ematen diegu”. Ikasleek HHEko zentroetara jotzeko arrazoi akademikoak zeintzuk diren aipatu ditugu lehen, baina egia esateko, nagusi asko burua erabiltzeko ez ezik, etxetik irten eta beste pertsona batzuekin egoteko ere joaten dira zentroetara. Batzuek lagun-minak egin dituzte.
Titulua derrigorrean atera behar izateak etorkizun beltza ekarriko die HHEko zentroei, Maria Puyren iritziz. “Nahiz eta batzuek titulua lortu nahi duten, kontuan hartu beharra dago 60 urtetik gorako ikasle gehienak ez datozela titulua ateratzera, baizik beste kezka edo helburu batzuk dituztela. Are gehiago, ez da oso logikoa ikasle horiei titulua ateratzera behartzea. Ondorioz, azterketak gainditu behar badituzte, gerta daiteke azkenean gogogabetu eta klasera etortzeari uztea”. Batek daki etorkizunak zer ekarriko duen; bitartean, Txorierriko HHEko zentroak jarraituko du gazteei zein nahi duenari DBHn graduatzen laguntzen, eta nagusien jakin-mina asetzen.
Dolores Gómez Rodríguez “DBHko titulua ateratzea dut amets”
Dolores Marokon jaio zen orain dela 63 urte. Zazpi urte zituela Malagara joan zen, eta 20 urterekin Euskal Herrira etorri zen, lan egitera. “Ikastea gustatuko zitzaidan, baina…”. Horregatik, irribarre egin digu galdetu diogunean zergatik dagoen HHEko zentroan. “DBHko titulua atera nahi dut; hori da nire ametsa”. DBHko lehenengo-bigarren mailan dago eta apur bat zaila dela aitortu digu. ”Ikasgaietan zerotik hasi garen arren, matematikan, esate baterako, nire adinagatik korapilatsua da hainbeste datu buruan edukitzea. Eta lehen banekizkien gauza asko eta asko ere ahaztuta ditut… Baina, tira, pixkanaka-pixkanaka saiatzen gabiltza. Informatika ikasten ere hasi naiz. Izugarri gustatzen zait!”.
Ikastetxean urte batzuk daramatza eta esan digu hasieran amore emateko zorian izan zela. “Baina irakasleek animatu ninduten eta hemen jarraitzen dut”. Etxekoen babesa ere eduki du, batez ere semearena. “Hau erronka pertsonal bat da, nire adinarekin ez naizelako dagoeneko inora lan egitera joango… Gainera, etxean ez dut ezer egiten; ikasi eta burua erabiltzeaz gainera, beste pertsona batzuekin harremanetan nago bertan. Izan ere, lehen, etxea, senarra eta seme-alabak baino ez nituen buruan, eta hemen ikusi dut beste mundu bat ere badagoela, gauza asko ikasteko, hainbat leku ezagutzeko... Esate baterako, azken irteera Baionara egin genuen eta oso interesgarria izan zen”.
Auto-estimu handiagoa duela dio, eta burua azkarrago dabilkiola. Kultura orokorreko programaren bat ikusten duenean ere hasi da gauzak lotzen. “Nik mundu guztia animatuko nuke hona etortzera. Gaur gauza bat ikasten duzula, bada, bihar beste bat… Abantailak baino ez ditut ikusten; gainera, adin eta nazionalitate askotako lagunekin zaude eta oso aberasgarria da”. Argi dauka zer egingo duen DBHko titulua lortzen duenean. “Ospatu! Afaltzera joango naiz, ziur!”.
Gai nagusia