Larrabetzu eta burdina

Aikor aldizkaria 2015ko urr. 30a, 11:23
Testua: Sabin Arana
Urrian, Ondarearen Europako Jardunaldiak izan dira eta aurten burdina hartu da gaitzat. Larrabetzuk, Lezamak eta Deriok bat egin dabe jardunaldiakaz eta, besteak beste, urteera gidauak eta berbaldiak antolatu dira. Larrabetzun, esate baterako, burdinak bertan euki dauen eragina errepasau eben eta Sarrikoleako burdinolaraino hurbildu ziran azpiegiturea ezagutzeko. Hurrengo orrialdeotan Larrabetzuk burdinagaz euki dauen loturea batu dogu; hurrengo aleetan Lezamak eta Deriok hartuko dabe protagonismoa. Larrebetzu Uriaren sorrera-gutuean, lurralde mugak aitatzen diranean, hauxe irakurri geinke: “desde la ermita de Santa Cruz a la ferrería de Morga y Aretxabalagane”. Tarte horretan laba bat dago eta, basoaren jaubearen esanetan, hori karobi moduan erabili ei da. Ziur asko, halan izan da labea martxan egon dan azken urteetan, baina bere kokalekuak eta sorrera-gutuean irakurritakoak zer pentsau emon deuskue. Antzinako labeak hori baino txikiagoak ziran, ziur asko, eta baleiteke bakarrik karobi moduan erabili izana, baina inguruaren ezaugarriak eta sorrera-gutuean lekua mugarri legez zehaztu ebela kontuan hartuta, pentsau leiteke bertan baso burdinola egon zala. Agirietan aitatzen dan hurrengo burdinola Sarrikolea da, 1488. urteko agirietan hain zuzen be. Baso banaketa baten gaineko dokumentuak dira eta bertan dagoan informazinoa oso zehatza da. Sarrikolea burdinola lurraldearen deskribapenerako erabili eben, Sarrikoleako ubidea igaroten eban zubitxoa aitatzen ebenean. Lekua Zubibarri moduan ezagutzen dogu, eta lehen Larrabetzuko lurraldeko hiru zatiren erdigune legez hartzen eben. Baina Sarrikoleakoa ez zan burdinola bakarra garai hatan, Goikoolea eta Olatxu Zubieta burdinolak be baegozalako. Izan be, ulertuezina litzateke errekaren tarte bat tramankulurik gabe ixtea eta, gainera, gerora jakin izan dogunez, burdinola guztiak ugazaba berberek eraiki ebezan. Aldi berean bi edo hiru errekako burdinolak lanean baziran, eta zama bat ikatza egiteko bost zama egur behar baziran, eta kintal bat burdin lortzeko, bost zama ikatz gastaten baziran, imajinatu dagigun zenbat egur atera behar zan basoetatik. Burdinolaren hornitzaileak ugazabak ziran garai hatan eta baso komunaletan edo herri basoetan zuhaitzak landatzen hasi ziran, ganaduzaleen haserrerako. Argudiotzat baso larreak abereak elikatzeko behar ebezala erabili eben, eta zuhaitzak landatzeak oztopoa ekarrela. Alde biek Bizkaiko jaunarengana jo eben, garai hatan Isabel Katolikua Jaun-Anderea zala. Erantzuna bere senarrak emon eban: landu gabeko herri-lurrak, herri baso moduan erabilgarriak ziranak, guztion artean banatu ziran, bakotxak bere baso zatitik gura eban errentagarritasuna atera eion. Eta aitatu beharra dago abeltzaintzan ebilzanek be baso zati bat zuhaitzak landatzera zuzendu ebela, denporeak aurrera egin ahala, hori oso diru-sarrera garrantzitsua bihurtu zalako. Burdina batez be lanabesak eta eraikuntzan erabilten ziran untzeak egiteko erabilten zan; eta herritik kanpo, itsasontziak eraikitzeko. Bestalde, gudarako tresnak be behar ziranez, Bizkaiko lurraldean ipini zan arretea eta Gaztelako erregeek argi euki eben Jaurerria bidelagun izatea komeni jakela. Era berean, Amerika eta Mendebaldeko Indiak konkistau izanak burdinaren beharra ekarri eban ontzigintzan eta armagintzan, baita lur barrietarako lanabesak egiteko be. Burdinolen hornitzaileak eta ugazabak Nagusiak Zugastitarrak ziran, baina esan geinke Goikoolea eta Olea-Sarrikolea familiakoak be burdinolei esker aberastu zirala. Halanda be, azpimarratu beharra dago lehenengoek, Zugaztitarrek, burdinolen jardueratik kanpo be euki ebela garrantzia. Izan be, basoak banatu ziranean, Martin Inigez de Zugasti Bizkaiko foru alkatea izateaz gainera, Larrabetzuko eleizate eta uriko patroia be bazan. Azken titulu hori Gaztelako erregea zan Bizkaiko jaunak emon eutsan, jakina. Bestalde, bere alabak, Paskuala de Zugasti, Hordoño de Zamudiogaz ezkonduta egoanak, laguntzea emon eban Urkulu burdinola egiteko. Burdinolea 1500. urtean eraikitzen hasteko asmoa euki eben, baina hainbat arazo tartean, 13 urte inguru itxaron behar izan eben lanei ekiteko. Burdinola XIX. mendean saldu egin eben, uriko beste ondasunakaz egin eben moduan, Independentzia Gudaren ondoren zorrak kitatzeko, beharbada, edo haize liberalak eraginez. Morgako burdinola (oina): Alde batetik, labea dogu, eta metro batzuetara koba zuloa. Goialdean txondorra dago, eta behekaldean tresnak lantzeko ingudea. Kobea langileen bizilekua zan eta oraindik be ikusi geinke bertan . Errekatxoa handik hurbil igaroten dan heinean, burdin lanari lotuta irudikatu dogu estanpea. Irudia: Sara Estevez. Zubitaldeko azpiegitura (oina): Sarrikolea burdinolearen azpiegiturea ikusi geinke ezkerrean, orain dala urteak zan moduan. Alde baten, zubia dago, inguruari izena emoten deutsona, eta errekearen parean doan ubidea, bere zubitxoagaz. Erdian albatea edo hustubidea dago, ubidea garbitzen zanean zabaltzen zana. Goialdean oraindino dagozan etxeak ipini dira, eta ezkerrean, Pinuape baserria. Galtzadea desagertu da jadanik, baita presea be. Beraz, errekako urak XIII. mendeko bide librea eskuratu dau. Irudia: Barrenetxea, “Kotolio 2.” Sarrikolea burdinolako presea: Irudian ikusi geinken moduan, preseak egitura ona eta sendoa eukan. Presea desegin zan, aurrean eukan zubia eta ubidea edo errotaren ubidea desagertu ziranean, traba egiten ebalako. Dakigunez, zubi barria egin zan eta horretan begi zabalagoa eraiki zan. Ubidea Anguleri hegaletik igaroten zan Zubitalderantz, errepidea zeharkatuz. Medel eta Zeledon eleizako erretaula (oina): Iñigo Martinez de Zugastiren garaikoa da, XV. mendeko azken urteetakoa; Gotiko flamenko estilokoa. Erretaulea burdinak euki eban inportantziaren adierazgarria da, eta Flandesegaz egiten zan komertzioa eta bertako artea be adierazoten dau. Sarrikolea burdinolaren balizko irudia (oina): Goialdean, Sarrikolea eta Olea leinu etxeak dagoz, ezkerrean, arragoa edo mena kaltzinatzeko etxolea. Burdinolaren ezkerrean ikatz biltegia dogu, tailerra edo lantegia, mailu nagusia eta hauspoak; eskuman, antapara eta gurpilak. Errotea be ikusi geinke irudian, bere gurpilagaz. Izan be, burdinolek lehentasuna baeben be, ez eben ahaztu errotatik be atera ahal zan aprobetxamendua. Irudia: Sara Estevez. Goikooleako burdinolaren balizko irudia (oina): Burdinolaren ubideak eleizako fabrikaren lurrak hartzen ebazan eta mendeetan zehar urteko lehen agoa edo laba-aldia eleizako fabrikari emoten eutsien. Irudian, martxan egon zan azken urteetan burdinolaren inguruan egozan leinu etxeak eta baserriak ipini doguz: ezkerretik eskumara, Amezaga eta Oloste, erdikoa eta goikoa; beherago ezkerrean, Plaza eta Zubiaurre; erdian, errotea eta burdinolea; eta eskuman, Goikoola baserria. XIX. mendearen lehen erdialdean bakarrik errotea gelditzen zan. Jatorrizko errotea etxebizitza bihurtu eben eta burdinola egoan tokian errota barria eraiki eben. Irudia: Sara Estevez. Urkuluko burdinolaren balizko irudia (oina): Hau Aretxabalaga errekaren parean egindako azken burdinola izan zan, eta Uriak berak eraiki eban. Alokairuan ipini zan eta ditu-iturria izan zan uriarentzat. Burdinola honek antapara bi ebazan. Goikoak, ur-jauzi handia ebanak, mailu nagusia mugiten eban; eta besteak, hauspoa. Baina goikoak sobran eukanak behekoa elikatzeko balio eban; eta jakina, behekoak errotea be mugiten eban. Mendeetan zehar Iruzubieta deitu deutsie (inguruko azpiegituran egozan hiru zubiakaitik. Irudia: Sara Estevez. Olatxu-Zubieta burdinola (oina): Zugasti leinuaren adar nagusiko sendiarena izan zan XIX. mendearen hasierara arte. Burdinolaren jarduera nagusia burdinazko lanabesak egitea izan zan, eta XVI. mendean armak be egiten ebezan. XVIII. mendean errota bihurtu eben eta gure egunetara halantxe ailegau da.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).