Txorierriko Baserri Antzokia laster bihurtuko da egia. Izan ere, gaur eraikinaren lehen harria ipini da Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean (Derio). Ekitaldian Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, Xabier Goienetxe Baserri Antzokia Fundazioaren presidenteak, Carlos García INBISA eraikuntza enpresaren zuzendari orokorrak, Igotz López Txorierriko Zerbitzuen Mankomunitateko presidenteak, eta Juan Luis Goikoetxea Baserri Antzokia Fundazioaren idazkariak hartu dute parte. Txorierriko Udaletako alkateak, Amaia Jugo Elkargi erakundearen ordezkaria, eta Jose Miguel Corres eta Txaber Ouro Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkearen zuzendaria eta zuzendariordea, hurrenez hurren, ere batu dira Derion. Halaber, Txorierriko euskara elkarteen ordezkariak, Toti Martinez de Lezea idazlea, Iraia Iturregi Athleticeko nesken taldearen jokalaria, Jasone Mendizabal Topaguneko zuzendaria eta Gaizka Garitano Eibar eta Valladolideko taldeen entrenatzaile ohia ere izan dira bertan, baita hainbat euskaltzale eta lagun ere.
Rementeriaren esanetan, Bizkaian Baserri Antzokia izatea pozik egoteko modukoa da, eta eskerrak eman dizkie sustatzaileei egitasmoa martxan ipintzeagatik. Proiektua oso garrantzitsutzat jo du eta bere ezaugarri nagusiak azpimarratu ditu: baserria, euskara eta euskal kultura, eta bereziki irabazi gabeko egitasmoa izatea, irabaziak kulturan inbertituko dituena, tartean. “Iragana eta geroa lotzen dituen egitasmoa da, eta bere baitan gure kultura eta patrimonioa hartzen ditu”.
Eraikina altxatuko den lekuan kutxa bat sartu dute lurrean, eta horren barruan ekitaldiaren akta, gaurko egunkariak eta Aikor! aldizkaria, legezko dirua, Mikel Zarateren olerki bat eta eraikinaren planoak ipini dituzte.
Lanabesa
Baserri Antzokia TOTOAN Txorierriko Euskara Elkarteen Federazioak eta Txorierriko Zerbitzuen Mankomunitateak sustatu dute, eta horretarako Fundazioa sortu da. Azpiegitura berriaren ardatz nagusiak euskara eta euskal kultura izango dira. Sustatzaileak pozik baino pozago azaldu dira. “Jakina! Bost urte luzez ibili gara lanean, heldu garen puntura ailegatzeko. Krisialdian murgilduta egon garen urteak izan dira, gainera”. Txorierriko gizarteari ahalik eta zerbitzurik onena eman nahi diote, eta, horregatik, badakite benetako lana orain hasiko dela. “Partaidetza zabaldu behar dugu elkarteetan, enpresetan eta gizarte osoan oro har. Zeregin horrekin duela hiru urte hasi ginen, baina proiektua aurrera ateratzeko larri ibili garenez, erabaki genuen apur bat geldi edukitzea egitasmoa ziurtatu arte. Orain emango diogu jarraipena”.
Lanak uste baino urte bi beranduago hasi dira, “baina proiektua sendoagoa da orain”, azpimarratu dute. Eraikinaren diseinua ere birplanteatu da kostuak murrizteko. “Edozelan ere, eraikina lanabesa baino ez da Fundazioaren helburuak bete ahal izateko: Txorierrin euskara eta euskal kultura sustatzea, eta Baserri Antzokia Txorierriko eta inguruko euskaltzaleen topagunea bihurtzea”. Eraikinak baserri baten itxura edukiko du eta solairu bakarrekoa izango da. Bertan, taberna, jantokia, pista, eszenatokia eta lau txoko atonduko dira, eta aparkalekua eta terraza zabalak kanpoaldean. Aurreikuspenaren arabera, lanek zortzi hilabete iraungo dute eta eraikina zabaltzeko beste hilabete bat beharko da.
Euskal gunea
Baserri Antzokia Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean dabiltza eraikitzen, Derion. TOTOANek hango Udalari aurkeztu zion egitasmoa eta horrek hasieratik adierazi zuen lankidetzarako konpromisoa. Txorierriko Zerbitzuen Mankomunitatearen bidez, orube bat ere utzi zuen eraikina bertan egiteko. “Proiektua mamitu eta taxutu zenean, Baserri Antzokia Fundazioa sortzea hobetsi zen, formula horrek ondoen ahalbidetzen duelako administrazio publikoaren eta ekimen pribatuaren arteko elkarlana. Bestalde, egitasmo errentagarria eta autofinantzatua izango da eta irabazi asmorik gabekoa. Eta bere jardueran zein aginte-organoetan Txorierriko gizarte osoa – pertsonak, elkarteak, enpresak eta erakundeak batzeko asmoa dago. Fundazioa eratzea horregatik ere egokitzat jo genuen”.
Euskara eta euskal kultura sustatzeko, erakundeek irakaskuntzan egindako lanari jarraipena emanez, ekimen pribatuek euskararen erabilera bultzatzeko euskal guneak sortzeari ekin zioten. Bilboko Kafe Antzokia etorri zen lehenago, eta haren ostean, Ondarroakoa, Donostiakoa edo Elgetakoa. “Euskararen erabilera bermatzeko eta herri zein eskualdeen erroak eta sustraiak mantentzeko, ezinbestekotzat jotzen da aisiari lotutako euskal guneak sortzea. Osterantzean, gune horien gabeziak hiri handietara joatea dakar, eta horrekin batera, jendea deserrotzea eta bertako kulturaren galera”, azaldu digute. Baserri Antzokiak beharrizan hori aseko du. “Proiektuak Txorierriko biztanleak ez ezik langileak eta enpresak ere hartuko ditu kontuan, eta zerbitzua eskainiko die kultur eta aisialdia esparruetan, betiere euskara bultzatzeko asmoz”. Hala, bere etxaurrea Txorierriko eta inguruko euskaltzaleei begira egongo bada ere, nahi duenak hartu ahalko du parte proiektuan, bai eratze prozesuan, bai bere garabidean. “Ideologia politikorik gabekoa izango da, euskalduntasuna ardatz bakarra izanik”.
Bertakoa sustatuz
Baserri Antzokia Txorierriko eta inguruko euskaltzaleen kultur eta aisialdi harremanetarako elkargune bihurtzea du helburu. Horren haritik, arreta berezia ipiniko dute gazteengan, haientzat ere erreferentziazko lekua izan dadin. Elkarteei ere egongo da zuzenduta. Lankidetzak lantzen hasi dira horretarako, eta kirol guneak, bilera gelak eta txokoak eskainiko zaizkie. Era berean, Txorierriko enpresei eta haien langileei emango diete zerbitzua. “Ostalaritza zerbitzua eskaintzeaz gainera, euskal kultura hurbilduko diegu gure bailarara datozen langileei eta atzerritarrei, hala nola dantzak, musika, herri kirolak eta bertsolaritza. Bertoko enpresen teknologia ere ipiniko dugu ikusgai, izan ere, sektore hori oso indartsua da gure eskualdean eta enpresekin akordioak egiteko asmoa dugu, elkarlanean oinarritutako ekitaldiak antolatzeko”. Turismoa Baserri Antzokiaren sustatzaileek berenganatu nahi duten beste arlo bat da. “Bisitariei zein turistei gure kultura erakutsiko diegu bere zentsurik zabalenean. Horrela, bada, bazkariak, afariak eta bestelako ekitaldiak antolatuko ditugu eta horietan euskal kulturari lotutako ikuskizunak ere egongo dira, bertso saioak, aizkolarien erakustaldiak edo txalaparta, batzuk aipatzearren”.
Bertako produktuek ere lekua edukiko dute azpiegitura berrian, eta ahalegin berezia egingo da horiek bezeroei hurbiltzeko eta haien salmenta sustatzeko. “Bertoko merkataritza bultzatzeko tresna ere izango da, kultura eta aisia sustatuko direnez, bezeroak eta turistak erakarriko direlako, eta gaur egun Txorierritik kanpora doazenek ere bertan gelditzeko aukera gehiago izango dutelako”.
Gai nagusia