Ane Uruburu Apodaka, dantzaria: “Pasioak mugitzen

Aikor aldizkaria 2015ko aza. 23a, 11:14
Bost urte zituela, negarrez ailegatu ohi zen etxera eskola ostean, patio-ordurik luzeena galdu zuelako. Izan ere, gurasoek balletean sartu zuten eta hura eskolan bertan ematen zen, bazkaltzeko eta ikasgelara itzultzeko izaten zuten tartean. Tratua egin zuten: gustatzen ez bazitzaion, hurrengo ikasturtean ez zuela balletera gehiago joan beharko. Baina, egia esateko, harrezkero inoiz ez dio utzi dantzan egiteari. Zenbat ordu ematen dituzu dantzan egunean? Ahal ditudan guztiak. Lehen, eskolatik irten eta akademian sartzen nintzen arrastiko 5etatik gaueko 9ak arte. Gero, nagusitu egiten zara eta beste ardura batzuk etortzen dira: unibertsitatea, lana… eta korapilatsua da dantzari nahi beste denbora eskaintzea. Horregatik aprobetxatzen dut ahalik eta gehien aukera dagoenean. Balleta oinarritzat harturik, beste estilo batzuk ere jorratzen dituzu; adibidez…? Jazz lirikoa eta funkya, flamenkoa, sevillanak, euskal dantzak, aretoko dantzak… Dantzan egitea gustatzen zaizunean, estilo bat eta bestea probatzen zoaz. Estilo guztiek aberasten zaituzte; are gehiago, zenbat eta estilo gehiago jakin, orduan eta hobeto egiten duzu dantzan. Dena dela, nik txikitatik mantendu dudana balleta izan da. Beatriz Pérezekin hasi nintzen eskolan, eta haren estudioan jarraitzen dut gaur egun, Sarrikon, eskola jasotzen. Balletak oinarria ematen dizu, gero beste dantza batzuk ondo egin ahal izateko: teknika, nola jarri… Zein estilotan zaude erosoen? Ballet neoklasikoan, beharbada. Modernoagoa da, ballet klasikoaren eta garaikidearen artekoa. Zelako heziketa duzu dantza arloan? Esan bezala, Beatrizekin nabil ikasten, eta Londreseko Royal Academy of Dance-ko zortzi gradu ditut. Baina tituluei baino gehiago etengabeko prestakuntzari ematen diot garrantzia, eta ikastaro asko egin ditut: Lázaro Carreño Kubako Balleteko dantzari ohiarekin; Igor Yebra eta María Jímenezekin, zeinak Victor Ullatearekin hezi baitziren; Jacob Hernandez Biarritzeko Balleteko dantzariarekin; Jon Vallejo Dresdeko Balleteko dantzariarekin… Aukera ona da, haien esperientziak ezagutzeko eta haiengandik ikasteko. Zein da zure dantzaririk kutunena? Asko daude, baina bat aukeratu behar banu, Tamara Rojo aukeratuko nuke. Londresko Royal Balleteko dantzaria izan zen eta gaur egun English National Balleteko zuzendari artistikoa eta dantzari nagusia da. Txikitatik jarraitu dut haren ibilbidea, garai hartan bera zelako gailentzen zen dantzaria. Eskolako karpetak bere argazkiez forratzen nituen. Itziar Mendizabal, Royal Balleten Tamarak utzitako postuan dagoena, eta Lucía Lacarra ere ezin ditut ahaztu, euskaldunak izanik, gainera. Zer da dantza? Dantzan egitea ez da mugimenduak perfektuki egitea bakarrik. Dantza artea den heinean, publikoari sentimenduak-eta transmititzea lortu behar da; osterantzean, gimnasta hutsak izango ginateke. Eta esan beharra dago, nahiz eta eszenatoki gainean gure aurpegiak ez islatu, esfortzu handia egiten dugula, e! Zelako dantzaria zara? Pasioak mugitzen nau. Eta beti, eskolan egon arren, eszenatoki gainean banengo bezala egiten dut dantzan. Dantzatzen dudan guztietan saiatzen naiz disfrutatzen. Irakasleak hala egin behar dudala helarazi dit hasieratik, eta gustatuko litzaidake ni ere ikasleei hori helarazteko gauza izatea. Pilo bat gustatzen zait erakustaldiren batera etortzea eta bertan ikustea zer bihurtzen den eta non islatzen den eskolako lana. Dantzariaren bizitza oso sakrifikatua omen da. Oso zaila da dantzari profesionala izatea. Esfortzu handia egin behar da, eta ordu asko entseguak egiten. Baina zorte ona dute, gehien gustatzen zaien hartan ematen dutelako eguna. Baina esango nuke dantzari erdiprofesionala izatea are zailagoa dela. Geure lanetik irten eta entseguetara, eskolara… joan behar izaten dugu. Asteburuetan izaten dira ikastaroak, erakustaldiak, lehiaketak… eta askotan albo batera utzi behar izaten ditugu familia eta lagunak. Gainera, profesionalak bagina bezala eskaintzen dugu beti ikuskizuna, askotan dirurik jaso ez arren. Ez duzu inoiz profesionala izateko aukera aztertu? Ez dakit, horrela gertatu da eta kito. Gaztetxoa nintzela, Gasteizko edo Donostiako kontserbatoriora joan beharra zegoen balleta ikastera, Bizkaian ez zegoelako aukerarik, eta oraindik ere ez dago. Nik aurrera jarraitu nuen neure ikasketekin… Aurten, Goi-mailako dantza ikastaroa ematen hasi dira Sarrikoko Musika Kontserbatorioan. Lau urte dira. Benetan gustatuko litzaidake hura egitea, baina alderdi asko hartu behar ditut kontuan; lana, besteak beste. Ez dakit, ikusiko dugu. Bitartean, dantzatzeko ditudan aukera guztiak aprobetxatu nahi ditut. Ballet-txapinak beti prest Ane Sondikakoa da eta 29 urte ditu. Musika Hezkuntza eta Hezkuntza Berezia ikasi ditu, eta Musika-terapiako masterra egin du. Ordezkapenak egiten dabil hezkuntza arloan, baina ahal duen bakoitzean janzten ditu ballet-txapinak. Hainbat ikuskizun eta lehiaketatan hartu du parte, eta irabaziak ditu sariak han eta hemen. Esate baterako, Zisnearen heriotzan oinarrituta dagoen eta espresuki berarentzat egokitutako lana eraman zuen Haroko Dantza Lehiaketa Nazionalera, eta lehen saria eskuratu zuen bertan. Bikoteka eta taldeka egindako ikuskizunek ere sariak lortu dituzte; esaterako Another love-k eta Queen-ek. Olaeta Ballet Elkarteko kidea da eta, dantza eskola emateaz gainera, aretoko dantzen irakasle titulua ere badu. Orain dela hiru urte aretoko dantza lehiaketarekin ausartu zen eta iaz txapelketetan parte hartzen hasi zen. “A maila da altuena, eta ni B mailan sartu nintzen zuzenean, bikotea aurretik ere kategoria horretan lehiatzen zelako. Cha cha chak, sambak… ez dute zerikusirik orain arte egin dudanarekin, eta apur bat arraro sentitzen naiz, baina uste dut iaz ondo egin genuela”. Lehiaketa-dantza modalitate berria izango da datozen olinpiadetarako. Batek daki inoiz ez ote dugun Ane bertan ikusiko; beharbada, bai.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).