Juan Mari Dañobeitia, pelotari ohia: “Peloteak izu

Aikor aldizkaria 2015ko aza. 27a, 09:43

Juan Mari Dañobeitia Lezamako pelotearen ikur nagusietako bat da. Garai baten, profesional mailan aritu zan, baina jokatzeari itxi eutsanean herriko pelota alkartean sartu zan, taldeari bultzada bat emoteko. Hasikera baten entrenatzaile jardun eban, eta gaur egun, batzarkide. Juan Marik bizitza osoa emon dau herriaren eta pelotearen alde behar egiten. Lezamako pelotalekua Juan Mariren etxearen modukoa da. Eta noski, bertan gelditu gara beragaz alkarrizketea egiteko. Harmailetan jarri bezain laster, oroitzapenak jatorkoz Juan Mariri burura. “Betidanik jokatu dot pelotan. Txikitan, ez egoan besterik herrian, eta orduak eta orduak emoten genduzan frontoian. Lehen ez eukan estalgirik, baina bardin euskun. Gainera, herrian zaletasun itzela egoan eta Txorierritik edo Galdakaotik etorten zan jente pilo bat Lezamako Eskualde Txapelketea ikustera. Eta jokatzeaz gain, laguntasuna be emoten genduan; esate baterako, frontoia garbitzeko”, gogoratu dau Juan Marik. Halanda be, pelotearen inguruko zaletuek arazoak euki ebezan 1960ko hamarkadan. “Garai hatan, ETA erakundea sortu barria zan, eta haren aldeko pintadak egin ebezan frontoiko frontisean. Ondorioz, agintari politikoak euskal kulturearen inguruan egoana hasi ziran erasoten: pelotea, dantzak... Errepresio itzela egon zan, eta hori dala-eta, pelota taldea desegin zan. Apur bat geroago, ostera, 1973an, pelotazale eta jokalari batzuk barriro ipini genduan martxan taldea”. Garai hatan Juan Mari zaletu mailan jokatzen eban, eta urte batzuk geroago, 1976an, profesional izateko aukerea heldu jakon. Ez da marka makala, izan be, Lezaman bospasei pelotari profesional baino ez dira egon historian. Guztira, 11 urte emon eban onenen kontra jokatzen. “Aurrelari moduan hasi nintzan, baina profesional mailan atzelari aritu nintzan. Hirugarren mailako pelotaria izan nintzan, baina oso egonkorra eta langilea, eta maila berbera emoten neban beti”. Profesional berbea aitatu dogu, baina Juan Mari, pelotaria izateaz gain, beste leku baten egiten eban behar. “Lehen pelotariok geure gastuetarako baino ez genduan ateraten. Beraz, tailer baten egiten neban behar, lehenik eta behin Lezaman bertan, eta gero, Larrondon. Batzuetan apustuak egiten ebezanek ordain-sari txiki batzuk emoten euskuezan, baina besterik ez!”. Garai hatako oroitzapenak oso onak dira. “Oro har, guztiak ebiltzan pozik nigaz: enpresak, zaletuak, arerioak...”. Eta ziur asko horrexegaitik egin eutsien omenaldia pelotan jokatzeari itxi eutsan egunean, 1987ko uztailaren 31n. “Oso polita izan zan. Mutrikun egin zan pelota enpresa bertakoa zalako. Dana bukatu zanean, era natural baten, publikoa hasi zan Agur jaunak abesten. Oso hunkigarria izan zan. Gaur egun be hunkitu egiten naz, hori burura etorten jatan bakotxean. Urte berean, jaietan, beste omenaldi bat egin euskuen herrian. Omenaldia be oso polita izan zan: lezamarrak, Udala, Federazi¬noak.... Guztiak egozan frontoian eta gero herri afaria egin zan, dantzariek eta txistulariek lagunduta”. Azkenaurreko omenaldia Hareek ez ziran izan omenaldi bakarrak. Juan Mari herrian estimaten daben seinale, bai horixe! Lezamako Pelota Alkarteak aurten bertan azken omenaldia egin deutso. Edo, hobeto esanda, azkenaurrekoa. “Erabat ustekabean harrapau ninduan. Mundua gainean jauzi jatan (kar, kar). Udalek, klubekoek eta Bizkaiko Federazinoak antolatu eben otsailean, Lezamako txapelketearen finalean. Eta nigaz ibili ziran gazte batzuk etorri ziran. Nik inoz baino jente gehiago ikusi neban frontoian, eta arraroa izan zan umeak pelotari jantzita etorri ziralako. Nire ikasleak izandakoek agurtu ninduen, baina ez eusten tutik be esan. Gazteek pasealekua egin eta txapela oparitu eusten; Federazinokoek, nire argazkia eban koadru bat; eta alkartekoek, erloju dotore bat. Oso polita izan zan, batez be kanpoan bizi ziran gazte batzuk nora eta nire omenaldira etorri ziralako. Batzukaz eztabaidak euki nebazan eta beste batzukaz hartu-emon hobea euki neban, baina guztiak etorri ziran. Oso pozgarria izan zan”. Herriko pelotazaleek aintzat hartu eben Juan Marik alkartean urteetan egindako lana. “1991ean barriro sartu nintzan alkartean. Garai hatan taldea ez egoan ondo, jentea apur bat nekatuta egoalako. Entrenatzaile-ikastaroak egin nebazan Euskal Herriko Unibersidadean, eta izugarri ikasi genduan bertan. Nigaz batera Iker Bilbao sartu zan alkartean, eta baita Jaime Uriarte, azken 24 urtean presidentea izan dana, David López eta Honorio Vicente. Guztiek egin edo egiten dabe lan txukuna, batez be Jaimek. Lezamak asko zor deutso Jaimeri. Entrenatzaile eta batzarkide barriakaz batera, hainbat jokalari gazte sartu ziran alkartean, eta guztion artean talde polit bat osatu genduan”. Eta horrek laster emon ebazan frutuak: 1996an herrien arteko txapelketearen finalera heldu ziran, eta 1997an eta 1999an irabazi egin eben txapelketea. “Garai baten 65 ikasle euki genduazan, eta hareek izugarrizko zaletasuna eben. Urrezko garaia izan zan. Entrenatzailea nintzan, baina, egia esan, animatzaile aritzen nintzan. Umeei akatsak esaten geuntsezan, zuzentzen genduzan, baina batez be animaten genduzan jokatzen jarraitzera”. Juan Marik 15 urte emon eban entrenatzaile eskolan, baina, zoritxarrez, osasun arazoak zirala-eta, itxi behar izan eban. Apur bat geroago, alkartearen batzarrean sartu zan, eta gaur egun bertan jarraitzen dau. Bai, Juan Mari presente dago eskolearen egunerokotasunean eta jakin badaki zein dan gaur egungo egoerea. “Talde polit bat dago: entrenatzaileak, ikasleak eta gurasoak. Guztion artean oso emaitza onak lortu genduzan igaz, baina nire kezka hau da: talde txikia da, ume gitxi dagoz. Ahaleginak egiten doguz ahalik eta ume gehien erakarteko, baina batzuetan ez da bape erraza. Eta esan leiteke pelotaria izatea Lezaman erraza dala, Lezamakoa puntako kluba dalako eta herrian zaletasun handia dagoalako. Baina umeak harrapau behar dozuz, zer egingo dogu ume barik, ba? Gaur egungo haurrak oso lanpetuta dagoz, hainbat gauza egiten dabez egunean zehar, esate baterako, futbola”. Juan Marik izugarri egin dau behar (eta oraindino jarraitzen dau beharrean) pelotearen alde, baina peloteak be hainbat gauza emon deutsoz lezamarrari, eta horregaitik berba politak baino ez dauz. “Peloteak aberastasun itzela ekarri deust. Kirolak irakatsi deust bizimodu osasuntsu bat eroaten, bidaiatzeko aukerea emon deust, lagunak egin dodaz, gauzak baloraten ikasi dot...”. Lezamar petoa Juan Marigaz Lezamatik ibiltea ez da bape erraza. Jente guztiak ezagutzen dau eta berak guztiak agurtzen dauz. Ez da harritzekoa, Lezama herri txikia dalako eta Juan Marik bizitza osoa bertan emon dauelako. Lezamarrak 1944ko ekainaren 24an jaio zan Estarta baserrian, Udaletxearen atzean. Eta geroago handik 800 metrora ezkondu zan, Larrakoetxera. Gaur egun bertan bizi da emazteagaz, eta han jaio eta hazi ziran euren seme biak. “Bakotxa bere herrian bizi da, eta gauza bera pentsauko dau, baina nik uste dot Lezama dala herririk politena”, dino Juan Marik, harro-harro. Agian horrexegaitik Udaleko zinegotzia izan zan 1991tik 1995era bitartean. “Nik EAJko kidea izan nintzan eta alderdiak hauteskundeetara aurkeztea eskatzen eustan askotan. Azkenean onartu egin neban, herriaren eta, batez be, gazteen aldeko zerbait egin gura nebalako. Horren haritik, Lezaman egoan kezka bat jaso genduan. Izan be, lehen herrian ez egoan areto estalgirik umeak bertan olgetako. Eta eskolearen alboan frontoi estalgia eta futbito aretoa egin genduzan. Udalean talde polita osatu genduan. Oso pozik nago Udalean egindako beharragaz”. Pelotaz berbetan Juan Mari oso kirolzalea da, baina batez be pelotea gustetan jako, jakina. Bere esanetan, peloteak aldaketa handia izan dau azkeneko urteotan. “Lehen, pelotariok geure kabuz entrenetan genduan, baina orain entrenatzaileak dabez, eta hareek psikologiaz, heziketa fisikoaz, elikaduraz... danetarik dakie. Gainera, telebistea sartu da, eta horrek ikuskizuna dakar, eta horrek eragina euki dau jokoan. Gaur egun, askoz arinagoa da. Pelotariak atleta hobeak dira eta teknikoki be izugarrizko heziketea dabe. Esate baterako, airez jokatu behar da, lehen egiten ez zana, eta hori umeei irakatsi behar deutsezu, bestela, jai daukie. Materiala be arinagoa da eta horrek laguntzen dau jokoa azkarrago egiten”. Bere eritxiz, profesionala izatea errazagoa da gaur egun, “baina maila emoten ez dabenaklehen baino askoz azkarrago doaz pikutara”. “Pelotea oso kirol gogorra da, banakakoa eta bakartia dalako: zu, pelotea, hormea eta aurkaria, besterik ez. Akatsak egiten badozuz, ez dago hareek ezkutatzeko erarik. Profesionala izateko ordu asko jokatu eta entrenau egin behar dira, umeek egiten daben baino gehiago. Baina zer egingo deutsazu? Umeak baino ez dira...”. Juan Mari profesionala izan zan 1976tik 1987ra bitartean, eta pelotari asko eta asko ikusi dauz. “Gaztetan, Deportivora, Bilbora joaten nintzan osaba bategaz, eta han pelotaririk onenak zuzenean ikusteko aukerea genduan. Garai hatako puntako pelotariak honeek ziran: Barberito, García Ariño eta Ogeta. Ogeta oso ikusgarria zan eta jente asko joaten zan frontoira bera ikustera. Baina, nire ustez, onena Retegi II.a izan zan, zalantza barik”. Gaur egungo pelotearen gainean be egin dogu berba Juan Marigaz. Horren inguruan lezamarrak ez dau zalantzarik: “Aimar Olaizola eta Juan Martinez de Irujo dira onenak”. Pelotazale gehienak bat datoz horregaz, eta guztiek aukeratzen dabe horreetako bat. Juan Marik Juanen alde egiten dau. “Pelotari biak hasi ziran Lezamako Eskualde Txapelketan. Jenteak batzuetan uste dau Juan harroputza dala, baina frontoitik kanpo oso mutil jatorra da eta beti egon da guri laguntzeko prest. Aimar hotzagoa da. Bizkai mailan, Pablito eta Urrutikoetxea doguz. Azken hori ona da, eta asko ikasi dau, baina ez dauka Aimarrek edo Juanek daukien maila. Gaur egun Nafarroako pelotariak dira onenak, baina laster Gipuz-koatik datozanak ibiliko dira jaun eta jaube. Bizkaian, tamalez, etorkizun gitxi ikusten dot nik”.