Gauzak

Aikor aldizkaria 2015ko abe. 18a, 10:34

Testua: Iñaki Astorkiza, irakaslea

Gabon garaia da. Denok gabiltza hara eta hona zer erosi ez dakigula. Batetik, derrigorrezkoak diren otordu amaigabeko horiek ondo hornitzeko jaki gozoen bila, eta bestetik, seme-alabei, senarrari edo emazteari eta familiako gainerakoei zer oparitu, zer erosi aurkitu nahian. Horretan nenbilela, burura etorri zait “Gauzak” izeneko liburua, Georges Perec idazle frantziarrak idatzi zuena. Bertan erakusten zen nola gazte frantziar batzuk ia zoratu arte tematzen ziren gauzak berenganatzen, baina zenbat eta gauza gehiago eduki, orduan eta urrunago joaten zitzaien zoriontasuna. Esanguratsua iruditu zitzaidan. Gaurko gizarte honetan benetan hausnartzeko gaia. Hausnartzekoa ere bada gaur egungo gazteek jasan duten heziketa kontsumitzailea. Txiki-txikitatik denetarik izaten ohitu ditugu. Gauza bat eskatu, eta guk bi eman. Auzokoak opari bat izan duela, gureak bi, badaezpada ere gure seintxoak trauma psikologikorik izan ez zezan. Horrela hazi ditugu, eta orain? Mila euroko soldata baten jabe dena ia-ia heroi bihurtzen dugun honetan, zer? Ezeren faltan bizi izan direnak “beharrezko gauzak” erosi ezinik. Gutxienez psikiatrek euren poltsikoak beteko dituzte, gaitz erdi. Zoramena da. Gauza asko izateak, berez, zoriontasuna ekarriko baligu bezala. Gainera, zaila da zorabio horretatik alde egitea. Behartsuenak ere ez du ihes egin nahi norgehiagoka horretatik, inork ez du “txarto” gelditu nahi, eta bankuan mailegu bat eskatu behar badu ere, eskatu egingo du. Hori bai, egin duen astakeriaren araberakoa izango da hurrengo hilabeteetan etxean jasango duen egonezina. Duela hamarkada batzuk Nikaraguan egon nintzen eta urte batzuk lehenago Kuban. Herrialde horietan aberatsa neu nintzela ematen zuen. Bertakoek baino gauza gehiago nuen, askozaz gehiago esango nuke, baina haiek hots erritmodun bi entzun orduko, dantzan eta alai ibiltzen ziren, poz-pozik. Nik, ostera, argazki kamera hartu eta argazkiak egiteko behar diren mugimendu mugatu eta baldarrak baino ez nituen egiten. Gauetan, etxeko ateak zabal-zabalik edukitzen zituzten eta berriketan ibiltzen ziren ordu txikiak heldu arte, algaran. Hemen ezin ditugu ateak zabalik eduki, ditugun gauza guztiak lapurtuko dizkiguten beldur. Solasean ibiltzea ere, gero eta ekintza arraroagoa da, bestela begiratu gure herrietako kaleen bakardade hotza. Ez dugu astirik holakoetarako. Pobreziak ikaratu behar gaitu, bai, baina ez normalean izaten dugun ikuskera horretatik begiratuta. Gure lagun handia den Pepe Mujika Uruguaiko presidente ohiak dioenez, “Txiroak ez dira gutxi dutenak, asko nahi dutenak baizik. Ni ez naiz pobrezian bizi, soiltasunez bizi naiz, gauza askori uko eginez. Gutxi behar dut bizitzeko”. Izan gaitezen, bada, denok aberats. Izan gaitezen zoriontsu. Dakigula, bizitza hau baino ez dugu eta.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).