Ospatzeko egunak

Aikor aldizkaria 2015ko abe. 22a, 08:36

Argazkiak: Mey; Mor; Joannés, Yasuko eta haien semea, Zoila; Marcela; eta Ekuadorreko dantzariak "El pase del Niño" ekitaldian.

Gabonen atarian gaudenez, jakin nahi izan dugu zelan bizitzen dituzten egun hauek munduko beste herri batzuetan, eta horretarako bost “txorierritarturengana” jo dugu. Badakigu herrialde eta kultura askoko lagunak ditugula geure artean, baina hasteko, Mey, Mor, Joannés, Zoila eta Marcelaren ohituretara hurbildu gara. Espero dugu aurrerago gainerakoen ohituretara ere hurbildu ahal izatea. Ikasturtea otsailetik abenduaren 1era artekoa da Nikaraguan. Horregatik daude herritar gehienak oporretan Gabon garaian. Meyling Benavidez Zelaya derioztarra Quilalí herrikoa da (Nueva Segovia), iparraldekoa. Kontatu digunez, Gabonak abendu osoan ospatzen dira bertan. “Sortzez Garbia Nikaraguaren zaindaria da eta haren egunaren bezperan, abenduaren 7an, aldareak ipintzen dira etxeen aurrean. Lagun-kuadrillak aldarez aldare joaten dira abesten, eta etxekoek gozokiak, jatekoa… ematen dizkiete. Ohitura horri gritería esaten diogu, eta oso polita da, premia handiak eduki arren, jendeak daukan guztia konpartitzen duelako lagunekin eta ezezagunekin”. Elizan egiten diren ohiko errezoez gainera, herritarrek purísima egiteko ohitura ere badute. “Gritería antzekoa da, baina gonbidatuei bakarrik zuzenduta”. Abenduaren 24a mugimendu handiko eguna da Quilalíko etxeetan. Herritarrak goizaldeko 4retan altxatzen dira nacamatal-a prestatzeko, indigenen ohiko jatekoa. Egun osoa eskatzen duen lana da eta familia osoak hartzen du parte. “Bananondo arren hostoak apur bat txigortu eta haien gainean, artoarekin, espeziekin eta txerri-gantzarekin egindako ore bat ipintzen da. Eta orearen gainean, txerrikia espeziekin; eta gainean, arroz egosia, patatak, tomatea… Ondo biltzen da dena eta bananondoren lianekin lotzen da. Lapiko handi batean egosten dira”. Etxean zazpi badira ere, amak 50-70 prestatu ohi ditu. “Izan ere, auzokideei, senideei… eramaten dizkiegu eta hurrengo egunotan jateko ere gordetzen ditugu”. Era berean, ohikoa da Gabon Gauean oilaskoa edo solomo betea patatekin eta entsaladarekin jatea. Edateko, fresco hartzen dute, fruta tropikalekin egindako zuku natural bat. “Janaria prestatzen amaitu badugu, mezatara joaten gara arrastiko 8etan. Afaria gaueko 12etan hartzen dugu eta ondoren, ohera”. Senideak bata bestearen ondoan bizi dira, eta ez dute elkarrekin afaltzeko ohiturarik. “Askoz jota, haien etxera joaten gara agurtzera”. Arropa berria Santa Claus ez da Quilalíko tximinietatik jaisten. “Gurasoek oso esfortzu handia egin behar izaten dute oinarrizko beharrizanak betetzeko, eta horregatik ez da bultzatzen ohitura hori umeen artean. Baina arropa erosten digute, afarian estreina dezagun”. Hango eta hemengo apainketa oso antzekoa da. “Pinuak mendian hartzen genituen lehen; orain, plastikozko zuhaitza ipintzen da. Bestalde, jaiotza etxeko gauzekin eta jostailuekin egiten dugu”. Hurrengo eguna egun arrunta da Iparraldeko nikaraguarrentzat. “Berandu altxatzen gara eta ez dugu ezer berezirik egiten. Bazkaltzeko, afarian geratu dena hartzen dugu”. Ia konturatu barik, urteko azken gauera ailegatu gara. “Hamabiak bete arte itxaron eta auzokideen etxera joaten gara, elkarri agurtzera. Ostean, afaldu egiten dugu, bakoitzak bere etxean, eta Gabon Gauean bezala, oliaskoa edo solomoa jaten dira, eta nacamatal-en bat balego, hori ere bai”. Suziriak eta petardoak ere botatzen dira eta, gurean bezala, gazteak parrandan irteten dira afaldu ondoren; gainerakoak, ohera. “Urteberri-egunean ere ez dugu ezer berezirik egiten, baina aitari gustatzen zaio gure herriaren errefrauak, esaerak… kontatzea”. Mey ingeles irakaslea da eta duela sei urte etorri zen Euskal Herrira, bere lan eta bizi aukerak hobetzera. Handik hona koinatuaren familiarekin ospatzen ditu Gabonak, eta hemengo ohituretara ederto moldatu den arren, gauza baten falta handia sentitzen du: “Etxeko sukaldeko giroa. Jendea”. Tanboreak Mor Gninge Wade senegaldarra Bilbon bizi den arren, Larrabetzun egiten du bizitza, eta hain zuzen ere urian harrapatu dugu. Nayobe herrikoa da eta Gabonak bertan eman zituen azken aldia orain dela hiru urte izan zen. Senegaleko biztanleen % 95 bezala, Mor musulmana da. Nolanahi ere, eta erlijioa alde batera utzita, abenduaren 24ko gaua familian egoteko unea da. “Aitaren etxean batzen gara, 15 lagun inguru: anai-arrebak, umeak... Afaltzeko, okela jaten dugu, oilasko errea, patatekin eta entsaladarekin. Eta edateko, freskagarriak”. Gaua edozein familiak bezala ematen dute eta orduak ia konturatu barik pasatzen zaizkie. “Dantzan egiten dugu eta ohiko abestiak ere kantatzen ditugu. Esate baterako, Deeguen izeneko abestia. Urrun daudenei edo jadanik ez daudenei buruzko abestia da eta haien falta handia sentitzen dugula adierazten da bertan”. Baina arrastian, bakoitza bere etxera familia artean afaltzeko joan baino lehen, Nayobeko biztanleak herriko plazan batzen dira eta Senegaleko dantza tradizionalak dantzatzen dituzte. “Mabalkh-a gure dantza da eta tanborrez jotzen da. Jai handia egiten dugu eta bertan umeek, gazteek zein nagusiek hartzen dute parte. Ikusgarria da benetan”. Esan bezala, horren ostean, bakoitza senideekin batzen da bere etxean, eta dotore janzten dira mahaira esertzeko. Senegaleko arropa tradizionala janzten dute. Egongelan eta beste gela batzuetan argitxoak ipintzen dituzte haiek dekoratzeko. “Umeei opariak emateko ohitura dugu, baina guk ez daukagu Olentzero edo Santa Claus moduko pertsonaiarik. Opariak guk geuk ematen dizkiegu”. Abenduaren 24ko gauak luze jo ohi du Morren familiaren etxean, eta horregatik hurrengo egunean “lasai-lasai ibiltzen gara, ezer berezirik egin gabe”. Kontatu digunez, Gabon zahar eguna ere antzeko modu batean ospatzen dute. “Menua antzekoa da eta afaldu ostean, batzuk, gazteenak, diskotekara joaten dira. Etxean gelditzen garenok ere jaiatxoa egiten dugu. Abesten dugu, dantzatu...”. Eta horrela gorputzak nahi duen arte. “Hori bai, hurrengo egunean ez dago inor kalean. Guztiok etxe barruan, lo egiten, lasai...”. Mor orain dela 15 urte ailegatu zen Euskal Herrira. Kale-saltzailea da; hala ere, aukera dagoenean, beste lan batzuk egiten ditu eta, besteak beste, eraikuntzan eta mahats-bilketan ibili da. Abenduaren 24a eta 31 anaiekin eta lehengusuekin eman ohi ditu Bilbon. Ohiturak Senegalen baleude bezala mantentzen saiatzen dira, baina etxetik urrun egonda batez ere pertsonak eta haien falta eramaten dira bihotzean. Izan ere, Morrek emaztea, seme bi eta alaba bat ditu Senegalen. Datozen egunotan ezin izango da haiekin egon, baina kontatu digu otsailean edo martxoan hara joateko asmoa duela. Orduan ospatuko dute. KFCeko oilaskoa Joannés eta Yasuko Berque zamudioztarrak Japoniakoak dira, Sapporo herrian jaioa, lehena; eta Kanazawa herrian, bigarrena. Zamudiora 2012. urtean etorri ziren, Joannések Zientzia eta Teknologia Parkean lana topatu zuelako. Ikerlaria da eta energia berriztagarrien arloan egiten du lan. Japonian kristau gutxi badaude ere, Joannések esan digunaren arabera, Gabonak modu agerian ospatzen dira, eta kaleetan, etxeetan zein enpresetan apaingarriak eta zuhaitzak ipintzen dira. “Familiak, usadioz, Gabon zahar gauean batzen dira, esanahi espiritual edo erlijioso handiagoa duelako. Baina egia da Gabon gauean ere senideekin batzeko ohitura hartu dela”. Azken hamarkada biotan batez ere. “Nolanahi ere, gau erromantikoa da gazteentzat eta bikote asko ateratzen dira afaltzera. Era berean, ohikoa da musika klasiko europarraren kontzerturen bat entzutera joatea”. Gabon gauean, Kentucky Fried Chicken (KFC) jatetxearen oilaskoa afaltzeko ohitura zabaldu da japoniarren artean. “Ohitura baino gehiago, nire ustez, KFCeko publizistek lortu dute herritarrek sinestea oilaskoa jatea Gabonetako ohituretariko bat dela. Gainera, eta nire susmoa baino ez den arren, esango nuke askok Sanders Koronela, KFCeko irudia dena, eta Santa Claus nahasten dituztela”. Eta Santa Claus da, hain zuzen ere, Japoniako umeei opariak eramaten dizkiena. “Ni ez naiz oparien aldekoa; Yasuko, berriz, bai. Urte biko semea daukagu, Aki Jacques, eta Olentzerorengan edo Santa Clausengan sinets dezan nahi du. Ez dakit, zergatik ez? Yasukok interes handia du Olentzerorengan”. Urte asko pasatu dira Joannés Japonia azken aldiz bisitatu zuela; Yasuko orain dela hiru urte joan zen. “Zeren falta sentitzen dudan? KFCeko oilaskoarena ziur ezetz!”. Hondartzara Machala Ekuadorreko herri bat da. Bertan familia xumeak bizi dira eta guztiek ez dute etxean jaiotza ipintzeko aukerarik. Horregatik, abenduaren 15etik aurrera, auzoko umeak jaiotza duten etxeetan biltzen dira, eta errezatu eta Gabon-kantak abesten dituzte. Abendualdia ere egiten da elizetan. Zoila Hurtado Aponte lezamarrak oso ondo ezagutzen ditu ohitura horiek, bera Machalakoa delako. Baina Zoilari gehien gustatzen zaiona auzoetan egiten den Gabonetako jaia da. “Auzoko ume guztiak batzen dira bertan, eta musika dago, jolasak, Gabonetako printzesa aukeratzen da, opariak banatzen dira... Auzotar guztiek hartzen dute parte antolakuntzan, eta dendariek ere dirua ipintzen dute opariak-eta erosteko. Horrela, ume guztiek opariren bat edukiko dutela ziurtatzen da, familia guztiek ez dituztelako baliabide berdinak”. Abenduaren 24an, iluntzean, “El pase del Niño” egiten da. “Prozesio bat da eta, bidean, geldialdia egiten da zenbait etxetan, angelusa errezatzeko. Jendetza handia batzen da prozesioan. Ohiko dantzak egiten dira, abestu, bertsoak bota…”. Bestalde, oilar meza bi egiten dira: bata 21:00etan, eta bestea, 24:00etan. “Familia osoa biltzen gara afaltzeko: etxekoak zein aitita-amamak, izeba-osabak, lehengusu-lehengusinak eta lagunak ere bai. Oilasko edo indioilar betea jaten dugu eta beste plater batzuk ere ipintzen ditugu: patacón (banana berdea, zatitan, talotua eta frijitua), gazta, arroz zuria, hango hestebeteak…”. Opariak Santa Clausek ipintzen ditu ohearen alboan edo burkoan. “Abenduaren 25ean, eta batzuek urtarrilaren 1ean ere bai, autobusak alokatzen dira eta hondartzara edo ibaira joaten gara, familia osoarekin eguna bertan ematera”. Txorimaloak egiten dituzte urte amaierarako. “Erakusketak antolatzen dira eta kalejiran ere ateratzen da. Txorimaloek urtean zehar gertatu diren gauza txarrak adierazten dituzte eta gaueko 12etan erretzen dira. Petardoak eta suak ere botatzen dira. Ondoren, etxez etxe joaten gara auzokideei-eta urte berri on opatuz, eta gero, etxean biltzen gara afaltzeko”. Txerri-izter errea hartzen dute eta ohiko platerak ere prestatzen dituzte, hala nola llapingachos (patatazko edo jukazko tortillak, hainbat jakirekin zerbitzatzen direnak), hallacas eta humitas (Nikaraguako nacatamal-en antzekoak), eta chicha, anana eta pattarrekin egindako edari bat. “Etxe batzuetan festak antolatzen dira eta hara nahi duena joan daiteke. Festek egun batzuk iraun dezakete”. Urtarrilaren 6a ez da jai eguna Ekuadorren, baina “La bajada del Niño” egiten da eta umeen artean gozokiak eta txokolatea banatzen da. Zoila orain dela 15 urte ailegatu zen Ekuadorretik, “apur bat denetarik egitera: lan egin, ikasi...”. Urteak daramatza ostalaritzan lanean. 2013ko Gabonak Machalan pasatu zituen eta esan digu herria aldatuta topatu zuela. “Hala ere, ederra zegoen, kaleak argiz beteta eta, gainera, han Ekuadorreko Gabonetako zuhaitzik handiena ipintzen da”. Berak ere ahalegina egiten du etxeko ohiturak mantentzeko eta horiei seme-alabei helarazteko. Kapustnica Lanak ekarri zuen Marcela Mihalíková Richnavská Sondikara duela 15 urte. Eslovakiakoa da, Kosice hirikoa, eta kontatu digunez, hango eta hemengo ohiturak oso antzekoak dira. “Senideekin batzen gara Gabon gauean afaltzeko, baina Eslovakian jatekoa ez da berton bezain gozoa… Hasteko, kapustnica hartzen da, aza hartzituaz egindako zopa bat. Eta gero amuarraina; postrerako, jengibrezko pastelak”. Etxeko baten bat Santa Claus mozorrotu eta opariak ematen dizkie txikienei. Bestalde, han ere oilar-meza entzuten da, “baina gero eta gutxiago”. Gabonak orokorrean etxe barruan bizitzen dituztela azaldu digu. “Izan ere, hotz ikaragarria egiten du eta halakoa da ohitura. Dena dela, egia da eslovakiarrak kalera lehen baino gehiago ateratzen direla; gehienbat hiriburuan, Bratislavan”. Gabon gaua eta Gabon eguna familian egoteko uneak badira, Urte zaharra lagunekin pasatzeko da. “Kalera irteten gara urte berria ospatzera. Askok bidaiak egiten dituzte eta eskiatzera joateko ohitura ere badago. Hurrengo egunean, etxean gelditzen gara, Vienako kontzertua eta eski-jauziak ikusten”. Urtarrilaren 6a egun arrunta da Eslovakian; hala ere, haiek San Nikolas ospatzen dute abenduaren 8an. “Umeek galtzerdiak eskegitzen dituzte eta gozokiak uzten zaizkie barruan. Baina nik seme-alaba bi ditut eta, noski, dena ospatu behar dute: Olentzero, Santa Claus, Erregeak… (kar, kar). Eslovakiara urterik behin edo bitan joaten den arren, ez dauka Gabonak bertan pasatzeko ohiturarik. Are gehiago, aitortu digu ez duela ezeren falta sentitzen. “Zer dela-eta, ba? Bertan hotz ikaragarria dago eta janaria, gainera, ez da hain gozoa (kar, kar)”. Argi dago aleman irakasle honek Euskal Herriko klima eta dieta nahiago dituela.