Azken urteotan zaldi-derbya antolatzen da Zamudion. Aurten Ane Ortizek (Bilbo, 2002) irabazi du eta, aitzakia horretaz baliaturik, hobeto ezagutu nahi izan dugu gazte zamudioztarra. Ane Bilbo eta Zamudio artean bizi da, eta zazpi urte zituela hasi zen zaldiz ibiltzen. Zaldiak bere pasioa dira eta gaur egun Ane bere mailako Euskadiko zaldunik onenenetariko bat da.
“Nire ama zaldiz ibiltzen zen gaztetan, eta betidanik gustatu zaizkio zaldiak. Nik zazpi urte nituenerako, amak utzita zeukan zaldiz ibiltzeari, baina argazkiak-eta ikusi nituen eta neu ere zaldiz ibili nahi nuela esan nion”, aipatu digu Anek. Gaur egun 13 urte ditu eta Zamudion eta Bilbon bizi da. “Ama Zamudiokoa da, eta aita, Bilbokoa. Astean zehar Bilbon bizi gara, eta nik bertan ikasten dut DBHko bigarren maila, baina asteburuetan eta oporretan Zamudiora etortzen gara amaren familiarekin egotera”.
Anek Aretxalde Zalditegian entrenatzen du, Lezaman, astean birritan. “Leku erosoa da Zamudiotik zein Bilbotik gertu dagoelako. Gainera, trena ere hurbil dago”. Aneri animaliekin egoteagatik eta lagunak egiteagatik gustatzen zaio zaldiz ibiltzea eta denbora pilo bat eskaintzen dio bere zaletasunari. “Zaldiaren gainean ordubete inguru ematen dut, baina zaldiz ibiltzea hori baino askoz gehiago da. Ni etortzen ez banaiz, zaldia ez da kortatik irteten, zaldia nire menpe dagoelako: ibili baino lehen zaldia orraztu eta garbitu behar dut, eta ostean ere bai. Batzuentzat lan desatsegina izango da, baina nik gustura egiten dut. Bestetik, oso giro polita dago Aretxalden, familia txiki bat bezala gara”.
Asteburu batzuetan lehiaketak daude. Gehienak Bizkaian egiten dira, eta normalean zaldi-klubek antolatzen dituzte: Laukiniz, Mungia, La Galea... Hilean lehiaketa bat edo bi egiten dira, batez ere udaberrian eta udan, eguraldi hobea dagoenean. Anek zazpi urte daramatza zaldi gainean, eta lehenengo urteetan zaldi-klubek antolatutako erakustaldietan hartzen zuen parte. Hala ere, aurrerapausoa eman du eta aurten hasi da txapelketa ofizialetan lehiatzen. “Apur bat serioago hartzeagatik hartu nuen erabakia”. Azaroan lehendabiziko aldiz joan zen Euskadiko Txapelketara, eta laugarren postuan bukatu zuen. Emaitza ona dirudien arren, Ane ez da oso pozik agertu. “Ni kaskar ibili nintzen, baina aurkariak ere bai. Penagarria izan zen. Etorkizunean, beste lehiaketa batzuk etorriko dira eta hobeto egingo dut”.
Saltoak
Hipikan hainbat maila eta modalitate daude: heziera klasikoa, raid edo ibilbide luzeko lasterketak... Anek saltoak lantzen ditu, hau da, zirkuitu batetik ibili behar du zaldiz, eta bidean dauden oztopoak gainditu. “Heziera da beste jarduera nagusia, eta ezin da saltoekin konparatu, oso ezberdinak direlako. Nik saltoak nahiago ditut, dibertigarriagoak iruditzen zaizkidalako”. Lehiaketetan parte hartzeko, zaldunek federatuta egon behar dute. Gainera, azterketa batzuk gainditu behar dituzte, nork bere maila agerian uzteko, eta horren arabera sailkatzen dira zaldunak. Guztira zazpi maila daude, eta Anek laster lortuko ditu bai bosgarrena, bai seigarrena.
“Zaldiz ondo ibiltzeko, pasioa behar duzu, gustatu egin behar zaizu. Zeure azpian izaki bizidun bat daramazu, eta zaldunak oso harreman berezia sortu behar du zaldiarekin. Elkarrekin ibiltzen gara eta elkarri irakasten dizkiogu gauzak, eta denboraren poderioz, elkar ezagutzen duzue eta gero eta hobeto ibiltzen zara. Zaldiak eta zaldunak elkar ulertzea funtsezkoa da txapelketetan maila ona emateko. Eta horretako ez dago sekretu handirik, zaldia eta zalduna elkarrekin denbora pasatzea, besterik ez. Zaldiak ez dira makinak, gizakion moduan, apeta edo joera batzuk dituzte, eta haiekin moldatu behar duzu. Batzuetan, nahiz eta oso zaldi zintzoa izan, gerta daiteke egun batean oso txarto jokatzea”.
Anek zaletasuntzat hartzen du hipika eta ez daki etorkizunean zer egingo duen. “Nirekin dabiltzan neska askok Albaitaritza ikasiko dute, baina nik ez, argi daukat. Txikitan bai, albaitaria edo dantzaria izan nahi nuen, baina oso txarto dantzatzen dut (kar, kar). Profesionala izatea oso zaila da eta horretarako, lehenik eta behin diruduna izan behar zara edo babesle on bat izan. Normalean zaldun profesionalek beste lan bat dute, askotan irakasleak dira, esate baterako”. Aneren irakaslea ere zalduna da eta txapelketetan hartzen du parte.
Profesionala izatea garestia da, bai, baina umetan zaldiz ibiltzea ez da jendeak uste duen bezain garestia, Aneren ama Anaren arabera. “Hipika eskola-kirola da, saskibaloia edo futbola bezala. Ez da federatuta egon behar, eta 10 eskolako bonoak 50 euro balio du. Astean behin etortzen bazara, hilabete biko iraupena du bonoak. Egia da zaldunaren adina eta maila gora joaten diren heinean, prezioak ere gora egiten duela, baina hipika ertaineko mailetan ere ez da hain garestia. Eskola-kiroletik kanpo, 10 eskolako bonoak 140 euro balio du. Eta serioago hartuz gero, gehiago ordaindu behar da. Zaldiari eustea, eskolak, txapelketetan izena ematea, fitxa federazioan...”.
Gaztea eta ...