Aritz basozaina da, eta Beñatek basoko enpresa baterako egiten dau lan. Biak Larrabetzukoak dira eta, besteak beste, herri kirol batek batzen ditu: aizkolaritzea. Txapelketetan banaka zein bikote moduan ibiltzen dira, eta horrezaz gainera, plazetan be alkarregaz dabilz jente-aurrean erakustaldiak egiten.
Noz eta zelan hasi zinien azkolaritzan?
A: Orain dala 10 urte inguru. Urriko azokan, lagun baten kontrako posturea egin neban plazan eta ordutik hona nabil azkoreagaz.
B: Ni, 22 urtegaz, orain dala zortzi. Aritzengana etorri nintzan probetan eta engantxau nintzan.
Zelangoak ziran hasierako entrenamentuak?
A: Etxeko teilatuko hage zaharrak aprobetxaten genduzan entrenetako. Untzez beteta egozan, etxeko azkoreagaz... pentsa daizuen! Gero Larrabegaz, Bizkaiko txapelduna izan zanagaz, hasi ginan entrenetan eta berak irakatsi euskun ebagia zelan egin, egurra zelan ipini... Garai hatan ez genduan behar moduko azkorarik eta Interneten topau genduan non saltzen ziran. Asteburu baten Urnietara joan ginan txangoan, azkorak erostera.
B: Erakustaldia euki genduan Goikoelexalden, bikoteka, Larrabegaz eta Flores nafarragaz, eta azken honek esan euskun bere etxera joan ahal ginala entrenetara. Denporaldi baten beragaz be ibili ginan.
Zergaitik engantxau zinduezan?
B: Bada, nobedadeagaz hasten zara, gustau egiten jatzu eta segidu egiten dozu.
A: Gure kasuan, oso astiro joan gara hobetzen. Beraz, gauza barriak topetan dozuz beti, eragingarriak.
Entrenetako baldintzak, adibidez.
A: Ebagia egiteko, azkora bi behar dira: bata enborra kanpoaldetik ebagiteko eta pisu handiagoa daukana; eta bestea barrukaldean erabilteko, txikiagoa eta pisu gitxiagokoa dana. Kanpoko azkorak nahiko onak daukaguz, baina oraindino ez daukaguz barrukoak. Azkorak ondo landuta egon behar dau, fin... eta ondo prestetan ekian jentearengana eroaten genduzan hasikeran. Orain Beñaten aita dabil azkorak konponduten, ea gure kabuz lortzen dogun. Ez da erraza.
B: Beste alde batetik, edozer ebagiten genduan hasikerean. Gero, pagoak Nafarroatik ekarten hasi ginan. Iparraldetik be bai... Bizkaian ez dagoalako. Merkea ez da; prezioak hornitzaileen araberakoak dira. Ebagiten dogun egurra etxerako erabilten dogu, eta sobran dagoana saldu. Horregaz eta erakustaldiei esker, atera dogunagaz parra egiten dogu urte amaieran.
Eta zuek, aizkolari moduan.
A: Nik ebagietan igarri dot hobekuntzea. Egia esan, hobea naz barrukaldeko ebagiak egiten kanpoaldekoak baino. Hori hobetu beharko neuke, eta kilo batzuk hartu, indar apur bat gehiago eukiteko.
B: Nik kolpeetan hobetu dot, baina ebagietan ez naz oraindino ondo moldatzen. Barruko ebagia hobetu beharko neuke, eta sobran dodaz kilo batzuk Aritzi emon (kar, kar). Dana dala, bikote ona egiten dogu, bakotxak bere ezaugarriak daukaz eta bere aldea egiten dau.
A: Bai, biokaz aizkolari on bat egin ahalko zan (kar, kar).
Eta horren adierazle, aurten Bizkaiko txapelketan lortu dozuen emaitzea: bigarrenak.
B: 2009tik hona daroagu bikote moduan, eta beti 7. postutik 5. postura artean ibili gara. Igaz, adibidez, lau bikote egon ginan minutu batera eta seigarrenak lotu ginan; eta aurten hiru bikote egon gara minutu batera, eta bigarrenak. Ondo ibili gara; ea mantentzea lortzen dogun.
Alkarregaz ez zabilzenean, zelan entrenaten dozue?
A: Txapelketarik ez dagoanean, entrenamentu luzeak egiten ahalegintzen naz; eta gero, txapelketa sasoian, laburragoak eta intentsidade handiagokoak. Serieak, abiadurea hartzeko...
B: Nik astean bitan, txapelketarik ez dagoanean; eta astean hirutan, txapelketa sasoian. Udan, topera gabilz lanean eta ahalegintzen naz domekatan egurra prest ixten, gero astean zehar entrenau ahal izateko. Egurra ondo prestau behar da, izan be, azkoreari haginen bat ateraten bajako edo harriren bat joten badau, akabo. Txapelketen arabera, diametro bateko edo besteko enborrak erabilten dira, 25, 40, 67... eta txapelketa sasoian hareetara egokitzen ahalegintzen zara entrenetako orduan; neguan bardin deutso handiak edo txikiak diran.
Txapelketak ala erakustaldiak?
A: Niri txapelketea gustaten jat gehiago, nahiz eta beti akatsen bat egin. Politagoa da.
B: Politak diran erakustaldiak be badagoz, jente onagaz egiten dozuzanak, adibidez. Aurten Atutxa eta Olasagastigaz egin dogu erakustaldia Morgan; Aritz Olasagaztigaz, eta neu Atutxagaz.
Zelango helburuak daukazuez kirol arloan?
A: Nik 37 urte daukadaz eta uste dot ezin izango dodala gorago egin. Bizkaiko txapelketan aurten izandako emaitzea hobetzea be gatx ikusten dot.
B: Bai, Atutxa (irabazlea) dagoan bitartean, gatxa izango da lehenengo postura ailegatzea. Nire helburua, gustura nagoan bitartean, segitzea da, eta batez be etxean entrenetan doguna plazan erakustea. Batzuetan, urduritasunagaitik, ez dozu zure maila emoten. Bardin deust bosgarrena zein bigarrena izan, baina gustura geratu.
Mailaz igoteko itxaropena
Aste Santuaren bueltan Urrezko azkora txapelketea izaten da. Euskal Herrikoa, uda akabuan; eta Bizkaikoa, udagoienean. Aritzek eta Beñatek espero dabe horreetan guztietan parte hartzea, eta euren onena emotea. Txapelketetan bikoteka zein banaka ibiltzen dira eta Bizkaikoan bigarren mailan dabilz; hirugarren mailan, Euskal Herrikoan. “Datorren urtean, bigarren mailako txapelketea irabazteko itxaropena dot. Ea mailaz igotea lortzen dogun”, esan deusku Aritzek.
Aizkolaritzari esker beste mundu bat ezagutu dabe eta lagun barriak egin dabez. Horren haritik, aizkolarien artean dagoan giro ona azpimarratu dabe. “Gu beti tratau gaitue ondo”, dino Beñatek. Horren adibide Nafarroako aizkolariakaz izandako esperientzia ipini dabe. “Hara idea asko euki barik joan ginan eta azkora onak itxi euskuezan, egurra ipini euskuen... eta ordainean ezer eskatu barik”. Halanda be, bizkaitarrak, beharbada, apur bat mesfidatiagoak dirala aitortu deuskue. “Baina guztiak konpontzen gara alkarregaz ondo, e!”.
Aizkolaritzea sasoi onean dagoala uste dabe. “Olasagasti eta Larretxea moduko aizkolarien ostean, urte asko egon dira entrenatzeko aizkolaririk egon ez dena. Baina orain fuerte datoz, Atutxa, Iker Vicente...”. Maila ona dago aizkolarien artean eta onenak nortzuk diran esateko, ez daukie zalantzarik. “Floren Nazabal nafarra eta Aitzol Atutxa Dimakoa”. Egunez egun ahalegina egiten dabe hareen modukoak izateko.