25 urte, mendirik mendi

Aikor aldizkaria 2016ko urt. 26a, 10:11
Argazkiak: Gailur
Aurten, ospakizunetan murgilduta ibiliko da Gailur Lezamako mendi taldea, 25 urte dalako taldea sortu zala. Urteurrena aide barriakaz ospatuko dabe; izan be, 2013. urtearen amaieran hausnarketa-prozesu bat ipini eben martxan eta, horren ondorioz, lan-ildo eta helburu barriak finkatu ziran. Urteurrena aprobetxauz, taldearen etapa barrira hurbildu gara. Mendi taldetik azaldu deuskuen moduan, taldearen konpromisoak ezagutzea hartu eben hasikeran eginkizuntzat, hau da, egoera ekonomikoa, Bizkaiko Federazinoagaz eukiezan hartu-emona eta betebeharrak, eta bazkideen profila ezagutzea. “Datu guztiakaz lan dinamika propioa sortu genduan. Alde batetik, gure sustraietara bueltatzea ezinbestekoa zala ikusi genduan, Lezamagaz eta lezamarrakaz geunkan konpromisoa betetea. Hortik etorriko ziralako klubaren barriztapena eta etorkizuna. Halan, komunikazino dinamika iraunkor bat ipini genduan martxan, eta ahaleginak egiten gabilz, gure ekitaldiak Facebook, webgune, kartel, prentsa edo beste bide elektroniko batzuen bidez herritar guztiengana heltzeko. Bestalde, Eskolako Mendi Taldearen Programa sortu dogu gurasoen alkarteagaz batera, eta 30 ume baino gehiago batzen dira bertan. Zaletasuna landu gura dogu bai umeekaz bai euren gurasoekaz”. Hausnarketa prozesuaren ondorioz, batzorde kudeatzailea desegin eta 2013. urteko batzarrean zuzendaritza barria eratu zan. Prozesuak taldearen egunerokotasunean euki dauan emaitza ona ikusteko, igazko datuei erreparau baino ez da egin behar. Gailurrekoek 25 urteera baino gehiago egin zituen, eta parte-hartzeak gora egin dau egun bateko urteeretan (batez beste 11 persona) zein egun bat baino gehiagoko urteeretan (batez beste, 12 persona). Guztira, 127 lagunek hartu dabe parte egun bateko urteeretan, eta 48 lagunek egun bat baino gehiagoko urteeretan. Eskolako Mendi Taldearen ekintzek daukien arrakastea aitatzea be merezi dau. Hareetan 335 lagun ibili ziran joan dan urtean; batez beste 42 persona. “Emakumeen parte-hartzeak be gorakada nabarmena euki dau eta % 45ekoa da gaur egun. Era berean, bazkide kopurua handitu da igaz, eta 218 bazkide egon gara. Hareen % 60 lezamarrak dira. Federauen zenbakiari jagokonez, harek be % 6ko gorakadea euki dau”. Datuakaz pozik azaldu dira, beraz. “Uste dogu berreskuratu dogula herrian geunkan presentzia. Zaletasunaren haziak be ereiten gabilz eta, hori epe luzerako izan arren, hasi gara emaitzak jasoten”. Etorkizunari begira Datuek eta emaitza onek adoretuta, ekitaldi sorta zabala antolatu dabe urteurrenaren haritik, eta urte osoan zehar ibiliko dira ospakizunetan murgilduta. “Oso ekimen aberatsak dira eta hil bakotxean bat egingo da. Batzuek kutsu sentimentala daukie eta klubaren sorrerari lotuta dagoz. Heziketea eta segurtasuna be landuko dira. Unerik biziena irailaren laugarren astebururako gorde dogu. Lezamar guztiei zuzendutako ekimenak antolatzeko asmoa daukagu, danok batera, eta jaialdi handi baten bidez, gure 25. urteurrena ospatzeko”. Alkarteak herriagaz eta herritarrakaz daukazan loturak oraindino gehiago estutu gura dabez, “emon deuskuena zelanbait bueltau”, eta urteurrena aukera ezin hobea da horretarako. Etorkizunari begira be badabilz Gailurrekoak, eta esan deuskue lehen aitatutako datu onek ez dabezala itsutu, eta oraindino badaukiezala landu beharreko arloak. “Hamazazpi urtetik 35 urtera arteko lezamarrak erakarri behar doguz mendi zaletasunera, eta gure arloan be, mendian, hainbat gauza dagoz egiteko, emakumeen parte-hartzea eta bardintasuna sustetako. Horrezaz gainera, kezkatzen gaitu gu ordezkatuko gaituan jente barria ez egoteak. Badakigu hori talde guztiek daukien arazoa dala, baina uste dogu ordezkatze normalizauak, ez traumatikoak, antolatzen hasteko beharra daukagula”. Horreek dira hain zuzen be datozan urteetarako taldeak daukazan erronkak. Ospakizunetan ibili arren, ez dira erlaxauko, eta gogor egingo dabe lan, erronkoi heltzeko. Ospakizun ekitaldiak Hogeta bostgarren urteurrena ospatzeko ekitaldi-sortari urtarrilean bertan emon deutsie hasikerea. Urteera bat egin eben Mugarra mendira. Hurrengo hilabeteetarako honeek antolatu dabez:  Otsailak 13 eta 14: Alpinismoaren hastapenei buruzko ikastaroa.  Martxoak 19: Txindoki mendira urteerea.  Apirilak 17: Ganekogorta mendira urteerea.  Maiatzak 8: Bizkargi mendira urteerea.  Ekainak 11 eta 12: Europako Mendietara urteerea.  Uztailaren 23tik 25era: Pirinioetara urteerea (Panticosa).  Abuztuaren 21etik 27ra: Pirinioetara urteerea (Ainsa, Benasque).  Irailak 23: Ikus-entzunezkoa.  Irailak 24: Lezamako iturrietatik urteerea.  Urriak 29 eta 30: Orientatze-ikastaroa.  Azaroak 26: Itxina mendigunera urteerea.  Abenduak 17: Batzar orokorra.  Aitatukoez gainera, ohiko argazki lehiaketea be antolatu dabez, paisaje eta erretratu kategorietan. Lehiaketea bazkideei zuzenduta dago eta lanak abenduaren 11ra arte aurkeztu ahal izango dira. Informazino gehiagorako: gailurmt@outlook.com eta gailur.org.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).