Anari, musikaria: “Oso jende gaztea dator gu ikust

Aikor aldizkaria 2016ko urt. 27a, 09:46
Anari Gabonetan izan zen Hori Bai Larrabetzuko gaztetxean, Zure aurrekari penalak diskoa aurkezten. Azkoitiko abeslariaren bosgarren lana da. Ez da lehenengo aldia Larrabetzura etorri zarena… Gustura? Oso. Batzu-batzuetan etorri naiz, bakarrik, taldearekin, Literaturia azokara… Oso gustura joaten naiz, eta taldea ere bai. Areto txikia da, hurbila. Halakoak nahiago? Txikia, baina nahikoa guretzat! Oso bildua da eta jotzen duenarentzat zein entzuten dagoenarentzat oso gertuko egiten da. Zure aurrekari penalak diskoa joan den urteko maiatzean kaleratu zenuten eta handik hona aurkezpenak egiten ibili zarete. Zelako harrera eduki du lanak? Oso harrera ona eduki du. Jende asko etorri da, eta etorri dator, kontzertuetara, eta oso gustura gaude. Beste pausu bat eman da aurrera eta jendeak ere pausu hori gurekin eman duen sentsazioa daukagu. Beraz, ezin hobeto. Diskoa aurkeztu zenutenean, esan zenuen gero eta gertuago zaudela azkeneko urteetan nahi zenuten esateko eratik. Azkeneko diskoan oso agerikoa da, nire ustez, hitzetan egon den eboluzioa. Bilakaera hori ez da aste batean erabaki eta egiten, aurreko ohituretatik atera behar zara eta, beste testuinguru batean, lehenengo eta behin zeure buruan sinetsi behar duzu, eta gero, sinestarazi. Biak ala biak oso zailak dira eta oso prozesu gogorra izan da niretzat. Hortaz ari nintzen. Lehen diskoa, Anari, duela ia 20 urte kaleratu zenuen. Eta noski, bilakaera egon da handik hona, pertsona moduan zein artista moduan. Zelango sortzailea, musikagilea, zara gaur egun? Norbera ez da onena horrelako analisiak egiteko. Jarrera bezala, esango nuke sortzaile orok zerbait ateratzen duenean besteei erakusteko dela; eta denborarekin zeure buruari baino ez diozu erakutsi behar. Hori askoz gogorragoa da. Publikoak ere eduki du bilakaera? Zelango sentzazioa hartu duzu eszenatokitik? Hogei urtean jende askorengana heltzen zara, belaunaldi ezberdinengana. Pentsatu, hasieran 40 urte zituenak 60 ditu gaur egun. Eta orain hor aurrean dauden batzuk jaio gabe zeuden ni hasi nintzenean. Azkenaldiko sentsazioa da oso jende gaztea datorrela gu ikustera, eta hori ez da ederra, dagoen ederrena da. Bost urteko edo ia bost urteko tartea dago zure disko batetik bestera… Zer behar duzu sortzeko? Zein da zure sortze-prozesua? Lehenengo eta behin, aurreko diskotik atera behar dut, distantzia hartu. Eta horrek urteak eskatzen ditu. Orain jotzen gabiltza, eta normalean pare bat urte luzatzen da kontzertuen kontua; hor hasten gara beste zerbaiten bila. Dena dela, nire ustez, sortze-prozesua ez da gelditu eta zerotik disko bat egitea. Denboran zehar idatzi eta bildutako materialarekin sortzen dut. Anari entzuten dugunean zeu etortzen zara gure burura, baina zuk “Anari gara” esan ohi duzu. Zein da taldearen garrantzia? Taldekideen ekarpena? Dudarik gabe, Anari bi daude: bat taldearekin, eta bestea bakarrik. Nik uste dut talde moduan aritzen garenean, jendeak taldea identifikatzen duela. Beste edozein talde bezala, soinua, kontzertuaren pisua… Horrek egiten du Anari taldea. Zeintzuk dira epe laburrera edo ertainera taldeak dituen helburuak? Orain, jotzea. Jotzea eta egindako lanaz gozatzea. Zure aurrekari penalak eta Irla izan diskoak Bidehuts diskoetxearekin atera dituzue. Diskoetxea beste musikari batzuekin sortu zenuten 2007. urtean. Zelan doa? Gogorra da, lan osoa norberak egin behar duelako, baina gero satisfazio handia ematen du norberak egin izanak. Rock gordina Hogei urteko musika ibilbidea duela, Anari (Azkoitia, 1970) nortasunik handiena daukan Euskal Herriko abeslarietariko eta musikagileetariko bat da. Nick Cave eta Bob Dylan bezalako musikariek eragina eduki dute berarengan, eta hasiera-hasieratik rock gordina eta poetikoa, emozioz betea, landu du. Musikan lehenengo urratsak Psych Out taldean eman zituen eta bateria-jole ibili zen han. Anari moduan 1997. urtean egin zuen debuta, izen bereko diskoarekin. Handik hona estudioko beste lau lan kaleratu ditu: Habiak (2000); Zebra (2005); Irla izan (2009) eta Zure aurrekari penalak (2015). Horiek guztiek kritika ezin hobeak jaso dituzte prentsa espezializatuaren aldetik.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).