Urte barri, asmo barri. Gehiegikeriak egin doguz Gabonetan, eta gutariko asko serioan hasi gara gimnasioan eta dietagaz. Beste batzuok, osterantzean, jateko ohitura osasungarriak hartzeko proposamena egin deutsagu geure buruari, baina oraindino ez gagoz plazer txiki horreei uko egiteko prest. Gaur, bihar edo etzi hasi, profesional baten aholku bila joatea da zentzuzkoa, eta horrexegaitik jo dogu Izpilen Sondikako belar-dendara.
Leire Aburto Izpilen dendaren jaubea da eta berari azaldu deutsagu zein dan gure helburua: hainbeste turroi eta cava hartu ostean, gure gorputza desintoxikatu eta hartu dogun kilo pare hori galtzea. “Kalte handiena jasoten dabenak gibela eta kuntzurrunak dira. Beraz, organu horreei laguntzen deutseen arazgarriak hartzea da gomendagarria, esate baterako orburua eta errefau baltza, edo Kildetox moduko produktuak”. Era berean, aholku txiki batzuk emon deuskuz, gitxienez 15 egunean jarraitzeko: batez be saldak, infusinoak, frutak eta barazkiak hartzea, eta zerealen eta egoskarien kontsumoa murriztu. Baita animalia-jatorriko proteinaren kontsumoa be. “Beste aukerarik ez badago, hobe da oilaskoa edo arraina hartzea. Goizean, limoi-ur apur bat ur epelagaz hartzea be bada lagungarria gure organismoa desintoxikatzeko. Gainera, libraten lagunduko deusku, eta gure immunitate-sistemak behar dituan bitaminak mantentzen”.
Oinarrizko jateko ohitura eta bizi-aztura osasungarriak badaukaguz, hala nola egunean bost otordu egin, ura edan, gantz ase gitxi hartu, frutak eta barazkiak jan, eta ariketa fisikoa egin, erraza da gure helburua betetea. Baina, zer geratzen da gure ohiturak osasungarriak ez diranean, eta sobra daukaguzan kiloak elikadura txar baten ondorio diranean? Ba, horretan Silvia Enrique Novaline metodoaren nutrizio-aholkulariak lagundu ahal deusku.
Kiloak galdu gura izateak ez ezik, beste faktore batzuek be eragin daikie gure egunerokotasunean jateko ohitura osasungarriak ezarri gura izatean, besteak beste osasunari lotutako arazoak edo ondo jaten ikasteko gogoak, besterik ez. “Ezinbestekoa da persona bakotxari arreta pertsonalizatua emotea. Halan, lehenengo eta behin, oso inportantea da bakotxaren helburuak aztertzea, eta helburu horreek, gainera, errealistak izatea, eta osasunari lotuta egon”. Paziente edo bezeroaren profila, osasun-egoerea eta osasunari lotutako aurrekariak aztertu ondoren hasten da ohituretan aldaketak ezarten. “Aldaketa txikiak dira hasieran eta helburuak bete ahala handitzen goaz eta elikadurea aldatzen. Oso inportantea da bakotxaren bizipenak kontuan hartzea, guztiok jarraibide berberetara ez garalako modu bardinean egokitzen. Bakotxak bere erritmora joan behar dau eta bere helburuak finkatu”. Lanak edo aisialdiak be eragina daukie jarraibideak ezarteko orduan. “Astelehenetik barikura etxetik kanpo jaten dauen persona baten egoerea eta barazki-jale baten egoerea, adibidez, oso bestelakoak diralako. Eta zapatuetan afaltzera aterateko ohitura badaukagu, afari horretarako daukaguzan aukerak zeintzuk diran be aztertu behar dogu, eta era desegoki baten afaltzea ekidin ezin badogu, hurrengo egunetan zein jarraibide ezarriko dogun erabagi”.
Sen ona
Izan be, kakoa ez da gure bizimodua eta ohiturak goitik behera aldatzea, baizik eta pixkanaka-pixkanaka ohitura barriak sartzea, gure helburuak modu erosoan bete ahal izateko. “Eta inoz geure buruari “omenaldi” bat emon gura badeutsagu, horrek kontzientea eta borondatezkoa izan behar dau, alhadura barik eta hurrengo egunean zorrotzagoak izan beharko dogula jakinda”. Aurrerapenak hamabost egunik behin aztertzen dira eta orduan da momentua aldaketarik egin behar dan erabagiteko, eta sortu daitekezan arazoei zelan egin aurre finkatzeko. “Coucher-aren figurea be bada garrantzitsua, pazientearen sostengua garalako; lana, noski, berak egingo dau, baina guk laguntzea emon eta lana erraztu egingo deutsagu. Gainera, dieta bat Internetik atera daikegu gaur egun, baina inportantea da jakiak buztartzen jakitea, ona dana kaltegarria izan daitekelako, jaki ez egokiakaz nahasten bada”.
Bisitak bakantzen joaten dira, helburuak bete eta ohitura osasuntsu barrietara egokitzen garan heinean. “Ohitura txarrak aldatu behar dira eta ez da bape erraza, jakina. Halanda be, poz handia emoten dau denporean iraunkorra izango dan ohiturea finkatzeak. Ohitura onak mantentzea ezinbestekoa da; osterantzean galdu doguzan kiloak barriro hartuko doguz. Sen oneko kontua da”. Sen ona erabili daigun, beraz, eta zer egin eta zer lortu gura dogun be hasiera-hasieratik argi euki daigun. Emaitzak horren araberakoak izango dira.
Osasuna