Julen Larruzea larrabetzuarrak apurka-apurka egin du bere kirol ibilbidea. Gaztetan korrikalari zaletua zen; geroago, bizikletaz ibiltzen hasi zen; eta azkenik duatloiak eta triatloiak egiten ditu. Eta gainera irabazi egiten du: esate baterako, 2015ean Estatuko txapelduna izan zen. Julenek bere jarduera eta etorkizunari buruz hitz egin digu.
Zorionak iaz denboraldi ederra egin zenuelako: Estatuko mendi-duatloiko txapelduna, Europako txapeldunordea, berriro irabazi zenuen Euskal Herriko mendi-duatloi zirkuitua...
Bai, mila esker. 2014an erabaki nuen duatloiak eta krossak egin beharrean, mendi-bizikleta lasterketak egingo nituela. Izan ere, Europako txapelketa Castron izango zen eta horretan hartu nahi nuen parte. Beraz, 2015eko hasieran bizikletaz ibili nintzen, apur bat ikasteko. Ez nuen garaipenik lortu, baina pilo bat ikasi nuen. Eta gero emaitzak udazkenean etorri dira, zuk esan duzun moduan.
Eta aurten, zer? Erronka berri bila zabiltza?
Bai. Mendi-duatloiek ez dute oihartzun eta sari handirik eta, horregatik, mendi-triatloia egitea erabaki dut, XTerra zirkuitua hain zuzen ere. Saio bakoitzean 1,5 km igeriketan egin behar dira, 30 km. mendi-bizikletaz eta 10 km. korrikan. Guztira, 12 saio antolatzen dira urtean. Nire buruari hiru lasterketako epea eman diot. Horietan maila nahikorik ematen ez badut, hau da, lehenengo bosten artean gelditzen ez banaiz, ez dut gehiagorik egingo. Eta ziur asko lehiaketak utziko ditut. Kirola egiten jarraituko dut, baina bizitza arrunta izango dut: asteburua lagunekin, lan arrunta, umeren bat izango dut...
Beraz, aurten XTerra zirkuitua izango da zure helburu nagusia...
Bai, kalkulatu dudanaren arabera, lehenengo bosten artean gelditzen banaiz, gastuen erdia lortu ahal dut. Oso esperientzia polita iruditzen zait: Europan zehar lehian sartu, hainbat jende ezagutu... Lehenengoa Maltan izango da apirilean; eta hurrengoak, Grezian eta Portugalen. Gogor nabil lanean, ordu asko igeri egiten, eta behintzat hiru horietara joango naiz. Gainera, Europako Txapelketa abuztuan izango da, Alemanian. Abuztuan Polonia eta Suediako lasterketak ere egiten dira eta agian hara joango naiz, elkarrengandik gertu-gertu daudelako. Nire errendimenduak esango du non sartzen naizen lehian eta noraino heldu ahal naizen. Aurten zerotik hasiko naiz eta eskarmentua hartu behar dut.
Duatloitik (bizikleta eta korrika) triatloiera (bizikleta, korrika eta igeri egitea) aldatuko duzu. Zein nahiago duzu?
Duatloia, baina horretan oso mugatuta nago. Aurten bigarren aldiz antolatuko dute ofizialki Europako txapelketa, Errumanian. Hala ere, hara joan ahal izateko baldintza batzuk bete behar dituzu: adibidez, zure herrialdeko maillot ofiziala eraman behar duzu, eta hori federazioari erosi behar diozu, 70 euroren truke. Federazioak, aldiz, ez dizu erraztasunik ematen, ezta diru-laguntzarik ere: ez izen-ematea ordaintzeagatik, ez bidaiatzeagatik... Lotsagarria da. Aurrerapausoa triatloiera ematen ez badut, ez dut motibaziorik izango, aurten Estatuko duatloiko txapelduna izan naiz-eta.
Ez daramazu bizitza arrunta. Sakrifizio handia da?
Ez, gustatzen zaidana egiten dudalako. Ez naiz lagunekin zerbait hartzera ateratzen eta normalean asteburuetan lasterketetan ibiltzen naiz. Baina horrek alde txarrak ere baditu: batetik, familiarentzat gogorra da; bestetik, oso garestia da, dena ordaindu behar duzulako: baimenak, bidaiak, izen-emateak... Eta batzuetan arazoak izan ditut lasterketetan irabazten dudana kobratzeko. Gaur egun, horrelako maila altuan ibiltzea oso gogorra da kirol batzuetan.
Diru-laguntzarik duzu gastuei aurre egiteko?
Nahiz eta leku batzuetan eskatu –enpresa handi batzuetan, Bizkaiko Foru Aldundian, Eusko Jaurlaritzan– ez dut laguntzarik jaso. Babesle bi ditut, Scott bizikleta marka eta Garri bikes Basauriko denda, baina txikiak dira eta ahal dutena egiten dute. Ondorioz, askotan sartzen naiz lehian, dirua lortzeko. XTerra zirkuituan sari ederrak banatzen dira kirolarien artean, bai lasterketa bakoitzean, bai urte bukaeran sailkapen orokorrean goiko postuetan daudenen artean. Eta gainera, 12 saioz osatutako zirkuituaz gain, egun bateko lasterketa antolatzen da, Europako txapelketa, eta sariak horretan ere oso onak dira. Horrela ordaintzen dut nik kirola.
Zelan zaintzen duzu zeure burua eta zenbat ordu entrenatzen duzu egunero? Entrenatzailerik duzu?
Batez ere elikadura eta atsedena hartzen ditut kontuan. Oso zorrotza naiz. Kirol errendimendua % 15-20 hobe daiteke elikaduraren bitartez. Gainera, materiala oso garrantzitsua da, eta baldintza onenetan izan behar dituzu bizikleta eta abarreko kontuak. Entrenamenduari dagokionez, ez dut entrenatzailerik, baina neska batek laguntzen dit igeri egiten. Gutxienez, ordu bi entrenatzen dut egunean, baina askotan, sei-zortzi ordu.
Eta zelan egiten duzu entrenatzeko eta lan egiteko?
Hamar ordu baino ez dut lan egiten astean. Beraz, nahi beste entrenatu ahal dut. Zortzi orduko lan batean bazabiltza ezin duzu behar bezala entrenatu. Lana duzunean, dirua duzu, baina astirik ez; eta lanean ez bazabiltza, astia duzu, baina lehian kanpora joateko dirurik ez. Gurpil zoroa da. Gaur egun astean zehar entrenatzen dut, eta asteburuetan lasterketetara joaten naiz saioa eta dirua irabazteko asmoarekin, irabazitako hori XTerra zirkuituan inbertitzeko.
Aurten 34 urte bete dituzu. Gaztea ala nagusia zara kirol honetan ibiltzeko?
Tira, ez dakit. Hamabi urte nituela hasi nintzen kirola egiten eta gaur egun nire momenturik onenean nago. Egia da inoiz baino ondoen zaintzen dudala nire gorputza, eta inoiz baino gehiago entrenatzen dudala. Eskarmentua hartu dut, ezagutzen dut nire gorputza, badakit zelan eta noiz entrenatu...
Zein da zure ametsa kirol munduan?
Ez daukat ametsik. Entrenatzea da egiten dakidan gauza bakarra eta izugarri gustatzen zait. Horrela jarraitu ahal badut, ni pozik. Egia esan, nire bizitzaren egunik onenenetarikoa izan zen iaz, Castron, Europa eta Estatuko txapelketetan parte hartu nuenean. Emaitza oso ona izan zen, familia eta lagun pilo bat joan ziren ni animatzera... Ametsak barik gauza batzuk ditut buruan, egin nahi ditudanak. Esate baterako, Mauin triatloi Munduko txapelketa egiten da, eta gustatuko litzaidake bertan parte hartzea, aurten maila nahikorik dudala erakusten badut. Halaber, epe luzean maratoiren bat egin nahiko nuke.
Gertutik
Julenen ama Larrabetzukoa da eta bera ere bertan jaio zen, 1982an. Galdakaon bizi izan da eta gaur egun, lana dela-eta, Ispaster eta Larrabetzuren artean bizi da. Astean zehar kirol monitore egiten du lan Ispasterren eta bertan gelditzen da lo egiten, baina asteburuetan Txorierrira itzultzen da.
Julen kirolaria da, betidanik. “Ikastolan futbolean aritu nintzen, baina ondo egiten nuena korrika egitea zen. Anaiak ere korrika egiten zuen eta ni era serio batean hasi nintzen atletismoa egiten. Geroago lesioak izan nituen, korrika oso jarduera bortitza delako, eta zauriak osatzeko bizikletaz ibiltzea gomendatu zidaten. Eta zaletasuna hartu nuen”.
2008an, bere grina biak, korrika egitea eta bizikleta, uztartzea erabaki zuen eta duatloiak egiten hasi zen. Bere errendimendua gero eta hobea izan zen, eta 2014ean beste erabaki bat hartu zuen: mendi bizikletari garrantzi handiagoa eman zion, Europako Txapelketan behar bezala parte hartzeko. Ostean, emaitza ederrak heldu ziren. Euskal Herriko mendi duatloi zirkuitua 2014an eta 2015ean irabazi ditu, eta iaz zirkuituaren saio guztietan nagusitu zen. Hau marka! Gainera, 2015ean Estatuko txapelduna izan zen, eta Europako txapeldunordea ere bai. Aurtengo denboraldian salto egingo du mendi-triatloiera, XTerra Zirkuitura alegia.