Kontatu didate gizakiarena baino ez den ezaugarri bat nagia dela. Gizakia omen da ezaugarri hori duen organismo bakarra. Eta jakina, honek zer pentsatua eman dit, baita zer ulertu eta zelan aurre egin hainbat arazo eta azalpeni. Eta hori beti izaten da gauza ederra.
Izan ere, zientzialari batek zure mundua azaltzen duenean lasaitua hartzeko aukera ere eskaintzen dizu. Nagia da galarazi didana larunbat arrasti goxo honetan nire sofa goxoagotik arinago altxatzea, argi izan arren, irakurtzen zabiltzan artikulu hau lehenbailehen idatzia izan behar zela. Nagiak oztopatzen dio nire gazteari etxera arinago etortzen (edo etxetik beranduago irteten), aspalditxotik bere zain zeuden etxeko lan eta ikasgai erakargarriei ekiteko. Nagia izan daiteke, era berean, gure lana hobetzen ahalegindu, gure inguruko giza taldeetan parte hartu edota lagunari lagundu ez izanaren arrazoi xinple eta bakarra.
Ez gara alferrak, ez dugu inor izorratu nahi, ez dugu apropos egiten, nagitsuak gara, besterik ez, gure berezko ezaugarri gizatiarra da, zer egingo dugu ba! ez da ezer gertatzen. Ulermen horrek askatu egiten ditu hari batzuk, batez ere ekin eta ekitean jarduten dutenek ezer ez egitean errudun sentitzeari uzteko laguntzen badu, edo besteei bakean uzteko arrazoi bat ematen badu.
Berezkoa bai, baina unibertso bikoiti honetan beti dago zeozer, oreka bere neurrian gordetzeko. Agian motibazioa izan daiteke nagiari lagun diezaiokeena bere lekuan lasai egoten, oreka neurtua proposatuz eta aktibitatea sortuz. Motibazioak guztiok bultzatuko gaitu, ni sofatik altxatzen, nire semea lanean jartzen, jendea herriko partaide izaten, lagunok lagunari kasu egiten…
Filosofiako ikasgaietako batean natura eta kulturaren arteko desberdintasunak azaltzen dira, marra gero eta finagoa bilakatzen ari den arren. Gure kontu honi dagokionez, nagia naturala da, eta motibazioa kulturala, eta, nire uste apalean, horrek ez du askorik laguntzen gizakiaren eboluzioan. Baina euskara hutsean irakurri ahal dugun aldizkari hau eskuartean baduzu, gizarteko nagi linguistikoa astintzeko motibatuta dauden hainbat laguni esker dagoelako da. Nagia errespeta dezagun, eta indartu dezagun aberastuko gaituen motibazioa.