Martin Barriuso, nekazaria: “Ez dugu inolako elika

Aikor aldizkaria 2016ko mar. 3a, 09:51
Zamudioko Azoka azaroan egin zen, eta postuen artean Ekoganguren ikusi genuen. Bertan Martin Barriuso zegoen (Bilbao, 1965). Bilbotarra ezaguna da komunikabideetan kolaborazioak egiteagatik eta kanabisa legalizatzearen aldeko mugimenduaren kidea izateagatik. Gaur egun, Zamudion egiten ditu mermeladak, eta ekoizle txikien garrantzia azpimarratu digu. Martin Barriusok “saltsa guztietako perrexiltzat” jotzen du bere burua. Ez da harritzekoa, bere lan ibilbideari erreparatzen badiogu: Filosofia ikasi bazuen ere, euskara irakaslea eta tramoiaria izan da, eta inkestak ere egin ditu gainera, baita kartelak pegatu ere. Martin Bilboko Udaleko funtzionarioa da, baina aspalditik dago eszedentzian. Bitartean, kanabisaren legalizazioaren aldeko mugimenduaren kide nabaria izan da. Gaur egun, hainbat komunikabidetan kolaborazioak egiteaz gain, mermeladak ekoizten ditu Sandoni auzoan, Zamudion. Saltsa guztietako perrexila baino, mermelada guztietako fruta da Martin. “Nire andrearekin batera egiten dut lan. Bera nekazal familia batean hazi zen eta eskarmentua du. Bera da ustiapenaren titularra eta bera da hemen ordu gehien sartzen duena”, esan digu Martinek. Zamudion lan egin ez ezik, bikoteak bertan bizi ere nahiko luke, baina legeak ez die uzten. “Hasiera-hasieratik dakigu lur honetan ezin dela bizi, eta horregatik jo genuen Zamudioko Udalera. Poz-pozik jarri ziren, jende gaztea ginelako, baina izapideak egin ostean ez digute birkalifikaziorik eman. Behin baino gehiagotan eskatu dugu, baina alferrik”. Birkalifikatze prozesua oso nekagarria eta garestia da. “Egunen batean Udalak onartu beharko du guri lagundu behar digula. Gurea bezalako auzoak desagertzen ari dira, eta Administrazioek argi eduki behar dute baserri bati eustea errekuperatzea baino askoz merkeagoa dela. Baserri bat abandonatzen denean, mendeetako lana galtzen da”. Oztopoak oztopo, Martin pozik dabil Zamudion. “Lekua eta proiektua politak dira, eta aurrera goaz apurka-apurka. Gure marka daukagu, Ekoganguren, eta hainbat motatako mermelada ekologikoa egiten dugu. Horretaz aparte, etorkizunean zukuak eta kontserbak egiteko asmoa dugu: azaloreak, lekak... Zorionez, mermelada ekologikoaren eskaera badago egon, baina oso ekoizle gutxi gaude”. Fruta Sandoniko baserrian ekoizten dute, eta mermelada Urduñan. Han kooperatiban dabiltzan baserritar talde batek behar den tresneria erosi du, gastuak murrizteko. Mermeladak egin baino lehen, kapoiak hazi eta otzara ekologikoak prestatzen hasi ziren. “Kapoiak laster utzi behar izan genituen, hiltegi baimendu batean baino ezin direlako hil. Eta gertuena Segovian dago. Otzara ekologikoak egiteari ere utzi behar izan genion, batez ere neguan kristoren esfortzua egin behar delako barazki aniztasunari eusteko. Mermeladak egiten ditugunok pribilegiatuak gara, esate baterako, oporrak hartu ahal ditugulako. Hori nekazaritzan luxu hutsa da”. 7.000 pote urtean Martinek denda gutxi batzuetan saltzen du mermelada, baita ekoganguren.com webgunearen bidez ere. Baina batez ere Zamudioko Azoka bezalako ekitaldietan saltzen ditu. “Horietan jendeak dastatzeko aukera du eta askoz errazagoa da erosleak erakartzea. Aurten 7.000 pote inguru ekoiztu ditugu, baina horrek ez du bizitzeko ematen, erdia transformazioan doalako: kristalezko poteak, etiketak eta azukreak... Guztira, 42 zuhaitz-espezie ezberdin ditugu ustiategian eta asmoa da ezohiko zaporeak eskaintzea, bereziak izateko”. Baserritarra izateak alde txarrak ditu, noski, baina Martinen iritziz, baita alde onak ere. “Ez dugu nagusirik, ordutegia zeuk markatzen duzu, naturan edo aire zabalean lan egitea oso polita da, izugarri ikasten duzu... Jendeak uste du baserritarra ergel hutsa dela, baina nire ustez guztiz kontrakoa da, denetarik jakin behar delako baserritar ona izateko, eta nekazaritza ekologikoa lantzen baduzu, jakintza tekniko handiagoa izan behar duzu: lurren dinamika, entomologia, botanika eta gero, jakina, mekanika, elektrizitatea, iturgintza... Antropologoek diote neolitiko garaiko gizona mespretxatu egin dela, baina gaur egungo unibertsitateko ikasle batek baino asko gehiago zekien naturaz eta bere inguruaz”. Nekazaritza industriala Martinen ustiapena txikia eta ekologikoa da, eta bere arerio nagusia nekazaritza industriala da. “Sistema guztiak daude diseinatuta ekoizle handiei mesedea egiteko eta txikiak baztertzeko. Esate baterako, Europar Batasunak aldatuko du etiketatzeko araudia. Ondorioz, balio nutrizionala zehaztu egin behar da, eta hori jakiteko produktu guztiak eraman behar dira laborategira, bertan aztertzeko. Horrek pilo bat balio du, eta ekoizleek ordaindu behar dugu. Enpresa handi batek 2 milioi pote ekoizten ditu urtean; guk, aldiz, 700 zapore bakoitzeko. Horrelako tontakeriekin ito egiten dituzte ekoizle txikiak. Eta erosleak kontzientzia hartzen ez badu, lau ekoizle handik erabakitzen dutena baino ez dugu jango”. Horrek elikadura ereduarekin egiten du bat. “Euskal Herrian, edo Euskal Erkidegoan behintzat, jaten dugunaren % 5a baino ez dugu guk geuk ekoizten. Ez dugu inolako elikadura-burujabetzarik. Nekazaritza industrialak inbertsioa eta energia gastu handiak eskatzen ditu, eta gaur egun sostengarria da petrolioa merkea delako. Baina etorkizunean ez da horrela izango. Nekazaritza ekologikoak gabiltzanok, aldiz, beste gauza batzuk hartzen ditugu kontuan eta gure produktuak osasuntsuagoak eta goxoagoak dira. Aukeratu behar dugu: epe luzera sostengaezina izango den sistema, epe laburrean elikagai merkeagoak baina kalitate txarrekoak ekoizten dituena, ala momentuz hain errentagarria ez den beste sistema, baina luzera begira sostengarria eta produktu hobeak eta goxoagoak ekoizten dituena”. Martinen iritziz, neurri batean nekazaritza ekologikoak erantzuna eman ahalko lioke krisialdiari. “Ez dut ulertzen langabezia tasa: ditugun mendiak eta elikagai defizita ikusita, zergatik ez dago mobilizazio nazional bat gure nekazaritza naturala berreskuratzeko. Azken batean, gauzak zure auzoan ekoizten badira, badakizu nondik datozen, dirua zeure inguruan gelditzen da eta askoz independenteagoa zara, dena ez delako gutxi batzuen poltsikoetan gelditzen”. “Kanabisa normalizatu egingo da” Martin ezaguna da drogen legalizazioaren aldeko mugimenduaren kide nabaria delako. “Mundu horretan sartu nintzen nire auzoan, Errekalden, drogak kalte handia ekarri zuelako. Fernando Savaterren artikulu bat irakurri nuen eta horrek adibide bat aipatzen zuen: imajinatu alkohola ilegala dela, amoniakoarekin nahasten dela, litro batek 1.000 euro balio duela... Zer gertatuko litzateke? Problema ez da droga bera, droga kudeatzeko era baino”. Handik aurrera, Martin hainbat elkartetan ibili da marihuanaren legalizazioaren alde borrokatzen: besteak beste, Bizitzen, Kalamudia eta Pannagh. Horien ondorioz, “ospetsu” egin zen eta justiziarekin arazoak izaten hasi zen. Gaur egun, Pannagh auzia dela-eta, Auzitegi Gorenak urtebete eta zortzi hilabeteko kartzela-zigorra eta 250.000 euroko isuna ezarri dizkio. “Arazoa ez da jendea, Espainiako Auzitegi Gorenean kobazulotik ateratako epaile atzerakoi batzuk baizik. Iritzi publikoaren gerra irabazi dugu, eta ziur nago kanabisa egunen batean normalizatu egingo dena. Guk eredu misto bat aipatzen dugu: edo zure etxean landatu; edo elkarte baten barruan; edo denda batean erosi. Kontsumitzaileek eurek kontratatutako sistemak dira egokienak, ez saltzaileen menpe daudenak”. Damurik ez Arazoak izan arren, Martin ez da damutzen. “Bai, batzuok prezio handia gabiltza ordaintzen, errepresioa oso bortitza delako. Hala ere, oso harro nago orain arte egindako ibilbidearekin. Duela 20 urte Euskal Herrian drogekin zegoen jarrera eta gaur egun dagoena erabat ezberdina dira, eta neurri handi batean izan da guk aurpegia eman dugulako, eta kanpaina handiak egin ditugulako. Jende gehiena konturatu da ez dagoela arrazoirik kanabis kontsumitzaileak alkohol edo tabako kontsumitzaileak baino okerrago tratatzeko”. Gainera, bere militantziari esker, pertsona arruntek egin ezin duten zenbait gauza egiteko aukera izan du. “Esate baterako, hainbat herrialdek gonbidatu egin gaituzte gure jarreraren berri emateko, hainbat agintarirekin ibili naiz, izugarrizko esperientziak bizi izan ditut, izugarrizko lagunak ezagutu ahal izan ditut, gizarte-lan polita egin dugu... Nire etxean kikilduta gelditu banintz, ez nituzkeen horrelako gauza politak egiteko aukerarik izango”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).