Mikel Losada, aktorea: “Zorionez, gero eta film ge

Aikor aldizkaria 2016ko mar. 29a, 10:17
Galder Pérez egileak buelta eman dio Txanogorritxu betiko ipuinari eta Caperucita Feroz antzezlana (Glu glu Produkzioak) idatzi du. Martxoan, Sondikan izan dugu ikusgai, eta AIKOR! aldizkariak Mikel Losadarekin, aktoreetako batekin, egin du berba. Mikelek ibilbide luzea du telebistan, antzerkian eta zineman egina, eta horren guztiaren berri eman digu. Zer deritzozu betiko ipuin bati buelta emateari? Berritzailea da? Berritzailea izatea oso zaila da. Lehen, aktoreok eszenatokian biluzik gelditzen baginen, benetan berritzailea zen, baina gaur egun... Antzezlan honetan Txanogorritxuren betiko ipuina aitzakia bat baino ez da, egileak kontatu nahi duen istorioa kontatzeko. Zein paper jokatzen duzu zuk? Kartelaren arabera makarroi hutsarena egiten duzu... Antzezlana komedia musikala da eta pertsonaiak oso parodikoak dira. Ni Otsoatarren aita naiz, Jose Mari. Oso morroi desatsegina eta ustela da. Berarekin ez zinateke inondik inora joango trago bat hartzera. Hala ere, aldi berean badu bere xarma, eta azkenean jendeak maite du. Antzezlana vaudevillea da. Hori aktoreentzat ere oso dibertigarria izango da, ezta? Bai, bakoitzak mila pertsonaia antzezten dituelako. Gainera, pertsonaiak gugandik oso urrun daude, eta horrek aktore-joko asko egitera behartzen gaitu. Antzezlan honetan garrantzitsuena ez da zer kontatzen den, zelan kontatzen den baizik. Musikala izateak ahalegin berezia eskatu dizu? Ni ez naiz musikaleko aktore bat, ez naiz dantzari edo abeslari fina, eta ahal dudana egiten saiatzen naiz. Beraz, bai, erronka txiki bat izan da. Sondika bezalako aretoetan jokatzea desberdina da? Ez. Guk berdin-berdin jokatzen dugu areto handienetan zein txikienetan. Guk normalean publikoa ikusten dugu, eta gainera antzezlan honetan publikoaren gainean dauden argiak piztu egiten dira. Caperucita feroz ikustera datorren jendeak barrezka ematen du antzezlan osoan zehar, hasieratik bukaerara arte. Beraz, gu normalean oso gustura gaude. Gaztelaniaz eta euskaraz egin duzu lan. Zein nahiago duzu? Berdin dit, bietan eroso nago-eta. Bizkaitarra naiz eta batez ere hasieran bizkaitarrez egin nahiago nuen, baina denboraren poderioz neure batua hobetu dut eta gaur egun berdin dit, eszenatokian bizkaiera zein batua menperatzen dut-eta. Zineetan gero eta film gehiago daude euskaraz. Badirudi apurka-apurka zinean ere normalizatu egiten dela euskara... Bai, zorionez, gero eta film gehiago daude euskaraz, eta gero eta baliabide gehiago dute filmek. Bazen garaia, bai horixe! Zertan zabiltza gaur egun? Proiektu batzuetan nabil murgilduta. El sueño de una noche de verano antzezlanean; Historia casi de mi vida antzezlanean, Ramón Barearekin, Blas de Oteroren jaiotzearen mendeurrena dela-eta; pelikula batean ere bai... Ondo nago, ezin naiz kexatu! Aktorea, amari esker Txikitan Mikelek ez zuen aktorea izan nahi, “ezta burutik pasatu ere”. “Amak ikastaro batean sartu ninduen. Gaztetan ikasle txarra izan nintzen eta amak pentsatu zuen testuak buruz ikastea eta diziplina oso komenigarriak izango liratekeela niretzat. Jolasa izango balitz moduan hasi nintzen, eta jolasten eta jolasten, hemen nago. Eta aktorea naiz”, esan digu ermuarrak. Mikelek ibilbide luzea du zineman, antzerkian eta telebistan, baina bere lanik bereziena Kutsidazu bidea Ixabel filma da. “Nire lehenengo protagonista izan zen, oso pertsonaia polita, publikoari ere gustatu zitzaion...”. Mikelen ustez, antzerkia beti dago krisian, batez ere Gobernuak antzerkiari BEZaren % 21 ezarri zionetik. “Udalek ez dute lehen beste antzezlan kontratatzen, eta apustuak askoz ziurragoak dira, antzokia betetzen dutenak. Hau da, konpainia edo aktore famatuak dituzten antzezlanak baino ez dituzte programatzen. Horrek esan nahi du aktore gazteek edo konpainia hasiberriek aukera gutxiago dutela”. Horrek eragina izan du aktoreengan, lehen baino antzezlan gehiagotan lan egin behar dutelako. Laster (edo) gobernu berri bat osatuko da Estatuan, eta Mikelek uste du BEZ-aren % 21eko neurria bertan behera geldituko dela. “Neurria zigorra izan zen, zinemagintzako jendeak 2003an gerraren kontrako kanpaina egiteagatik. Baina neurria oso kaltegarria da. Azken batean aktoreok langileak gara eta geuk ere kotizatzen dugu Gizarte Segurantzan, eta lanik ez badugu, ezin dugu kotizatu. Era batean ala bestean, guk aurrera egiten dugu. Aktorea naiz eta horretatik bizi naiz, beraz, pozik”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).