Goiznabar Moclús, abenturazalea, lezamar ausarta

Aikor aldizkaria 2016ko mar. 30a, 09:27
Goiznabar ezin da geldirik egon. Agian horregatik sartu zen Biziklautak proiektuan lagun birekin batera. Aben­tura handia izan zen hori. Izan ere, gazte lezamarrak urte bi eman zituen bizikletaz munduari bira ematen. Gaur egun Arte Ederretako karrera bukatu nahi du eta, ostean, Afrikara eramango duen beste abentura batean murgilduko da. 2012an, parrandan zegoela lagun ba­tek proposatu zion Goiznabar Mon­clúsi (Lezama, 1986) berarekin Indiara bizikletaz joateko, eta lezamarrak erantzun zion Indiara joan beharrean, zergatik ez mun­du osora. Eta horrela jarri zuten Biziklau­tak proiektuaren hazia. Abenturan Javier Escudero eta Hodei Orueta ere sartu ziren. Gaztetan, Goiznabar apur bat “galduta” zegoen, ez zekien zer egin. “Ikus-entzuneko modulua ikasi eta gero hasi nintzen topatzen nire bidea. Artista-ku­tsua beti izan dut”. Goiznabarrek, Javik eta Hodeik 2013ko uztailaren 6an eman zioten hasiera abenturari, Guggenheim Bilbao museoan. Hasierako aurrekontua 20.000 eurokoa zen eta, besteak beste, kamara, arropa eta ordenagailu bat erosi zituzten. “Bataz bestez janariak bost euro balio zuen egunean, eta lo egiteko, edo ahal genuen lekuan, basamortuan edo basoan... egiten genuen; edo bestela, Coach surfing edo Warm showers sareen bidez mu­sutruk egiten genuen lo ezezagunen etxeetan”. Taldea Bilbotik Frantziara abiatu zen, gero Italiara eta Balkanetatik Turkiaraino. Bidean, Goiznabarrek min hartu zuen be­launean eta Bilbora itzuli behar izan zuen ebakuntza egiteko. Javik eta Hodeik au­rrera egin zuten eta Turkiatik Iranera eta Indiara joan ziren. Bost hilabete beranduago, 2014ko apirilean, Goiznabarrek bat egin zuen eurekin Indian. Nepal bisitatu zuten elkarrekin, baina geroago geldialdi txiki bat egin zuten Kanbodian eta Vietnamen, bertan turismoa lagunekin eta senideekin egiteko. Bakoitza bere kabuz. Irailean txirrindulariak berriro batu zi­ren eta Asiako hego-ekialdetik ibili ziren, baina Tailandian taldea banandu egin zen betiko. “Nik arazoak izan nituen Hodeirekin eta dirua bukatzear zegoen. Azkenean, Tailandian gelditu zen Hodei, eta Javi eta biok Australiara joan ginen dirua irabaztera”. Diru nahikoa lortu zutenean, bikotea hegazkinez joan zen Estatu Batuetara. “Kostalde biak baino ez genituen ezagutu: alde batetik, Los Angeles, San Frantzisko eta Las Vegas eta bestetik, Washington eta New York. Kostalde batetik bestera hegazkinez joan ginen”. Estatu Batuetatik Bartzelonara ere hegazkinez joan ziren. “Argi genuen Bilbora bizikletaz hel­du behar ginela. Bederatzi egun eman ge­nituen bidean eta azkenean, 2015eko uz­tailaren 4an, etxera heltzea lortu ge­nuen”. Bidaian arazo txiki batzuk izan zituzten arren, Goiznabarrek oso ikuspuntu bai­korra du. “Askatasun itzela duzu horrelako abentura batean. Ez duzu erlojurik, momentu bakoitzean erabakitzen duzu nora joan, noiz... Nahi duzuna egin ahal duzu. Hori izugarria da. Bidean hotz eta bero izan gara, momentu onak eta txarrak bizi izan ditugu, baina hor dago koska! Horretan datza abentura. Proiektu hau ez dago edonoren eskura eta, ho­rregatik, gure saririk handiena abentura honetan parte-hartzeko aukera eduki izana izan da”. Iran Abenturazaleak ez dira Txina, Afrika edo Hegoamerikatik ibili, baina Goizna­ba­rri amorru gehien eman diona Iran bisitatu ez izana izan da. “Min hartuta ibili nintzenez ezin izan nintzen bertan egon. Iranek oso publizitate txarra dauka, baina bertako jendea oso jatorra da eta beti agertzen da laguntzeko prest. Hori esan didate kideek. Egunen batean Iranera joango naiz, bai horixe!”. Iran gomendatu digu Goiznabarrek, baina beste leku ba­tzuk, aldiz, ez zitzaizkion batere gustatu. “Ez naiz New Yorkera inoiz itzuliko (kar, kar), jende gehiegi dagoelako. Eta Viet­na­mi gauza antzeko bat gertatzen zaio, oso masifikatuta dago eta dena dago turismoari begira”. Gaur egun, Goiznabar Arte Ederrak dabil ikasten eta datorren urteko otsailerako bukatuko du. Gainera, taberna batean egiten du lan Bilbon. “Gurasoekin bizi naiz Lezaman; lana Bilbon daukat; eta ikasketak, Leioan. Beraz, leku batetik bestera nabil egunero. Ezin naiz geldirik egon eta oso abenturazalea naiz. Gauza bat bukatu baino lehen hurrengoa prestatzen hasten naiz”. Karrera amaitzea da bere hurrengo proiektua, eta gero gerokoa. “Ez daukat argi: hemen lanik ez badago, agian Hegoamerikara joango naiz. Edo agian oposaketaren bat prestatu”. Era batean edo bestean, Goiznabarrek abentura gehiago bizitzeko gogoa dauka. “Egunen batean Hegoamerika bisitatu nahi dut. Eta beste abentura bat dut buruan. Izan ere, Kataluniako lagun batek motorrez egin nahi dio munduari bira eta eskatu dit laguntzeko. Beraz, 2017ko udaberrian etapa batzuetan joango naiz berarekin, dena grabatzeko”. Horrela, Goizna­ba­rrek Afrika ezagutuko du. Goiznabar ez da beldur, lezamar ausarta da.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).