Eneritz Amondarain, ilustratzailea eta diseinatzai

Aikor aldizkaria 2016ko mar. 30a, 10:17
Berrogei urteko derioztar honek holan definitzen dau bere burua: saiatua, esparru askotan ibilteko gauza dan artistea eta geldituezina. Bere curriculumaren aurkezpen gutunean adierazoten dauan moduan, eskuz egindako trazuaren zalea da, artaziz ebagi eta kolaz itsastearen zalea. Mahai gainean, aldi berean, hamaika proiektu izatea gustetan jako, eta guztiei gogo handiz heltzen deutse. Zure lanetariko lau Derion bertan dagoz ikusgai. “Pelotari”, frontoian; “Agurra”, herrirako sarrerako errotondan; mural bat, kiroldegian; eta beste mural bat, jatetxe ezagun baten. Harro egoteko moduan, ezta? Bai. Herrirako egiten dozun lana da, herritarrentzakoa; ikusi daien eta estimau daien. Harro nago. Baina, egia esateko, denporeak aurrera egin ahala, ohitu egiten zara. Halanda be, lanok ikusten dodazanean, askotan gogoratzen naz aurretik egin behar izan dan lanagaz, prozesuagaz... Azaldu apur bat lan horreek, mesedez. “Pelotari” karrera bukaerarako egin neban proiektua da. Beste herri bateko pelotalekurako proiektua izan zan, baina, gero, euki eban emaitza ona ikusita, herrian aurkeztera animau nintzan. Udalak baietz esan eban, eta bertoko pelotalekuaren ezaugarrietara egokitu neban. Burdinazko 15 figura dira eta hareetako bat emakume bat da. Figura tridimentsionalak dira, koloredunak, eta pelota modalitate guztiak euki nebazan kontuan hareek diseinetako orduan: palea, zesta-puntea... Pelotarien mobimenduak eta energia adierazo gura nebazan figuren bidez. Aurretik figuren maketak egin nebazan alanbrez... Errementari batzuk kontratau behar izan nebazan soldadurak-eta egiteko, baina figurak garraiatzeko eta ipinteko... familia osoa ibili zan lanean (kar, kar). Uste dot laster barrituko dala. Beste hirurak enkarguz egin dozuz, ezta? Halan da, bai. Jatetxerako zein kiroldegirako muralak enkarguak dira, leku hareetako arduradunek halan eskatuta. Eta “Agurra” egiteko Udalak eskatu euskun. Lagun bategaz egin neban, Idoia Zuloagagaz. Eskulturea dagoan lekua herrira sartu zein herritik urteteko lekua da, eta otu jakun ondoetorria emoteko zein agur esateko baliagarria zan zerbait egitea, agur hitzak daukan esangura bikotxa kontuan hartuta. Zirriborro batzuen ostean, errotondan ikusi zeinkien eskulturea atera zan. Hiru panpina dira eta bakotxak idea bat islatzen dau: behekoak, industrializazioa; erdikoak, naturea; eta hirugarrenak, askatasuna eta pakea. Zein lanagaz zagoz harroen? “Pelotari” lanagaz, lan horretan inplikazino handiagoa euki dodalako eta goitik behera nire estiloa daukalako. Esan moduan, Unibersidadean egin neban, nik neuk gura izan neban moduan, eta ez beste inor pozik egoteko. Aitatutakoez aparte, beste proiektu batzuetan ibili zara. Esate baterako, “Vacas-Behiak”, Bilboko kale erakusketan; ipuin bat ilustratu dozu; logotipo eta kartel lehiaketetan parte hartu eta hareetako batzuk irabazi egin dozuz... Zein azpimarratuko zenduke? Zuk aitatu dozun ipuina, azkenean plazaratu ez dana, eta klasekide bategaz Marks & Spencer saltokiek antolatutako lehiaketa batera aurkeztu genduan murala, oraindino Unibersidadean gengozala. Irabazi egin genduan. Hamabost metroko luzera eta bi metroko garaierako murala izan zan, eta hilabeteak pasau genduzan nire osaba-izekoen etxean margotzen. Gaia “familia” izan zan, eta gogoratzen dot familiako argazkiak, bazkarietan eta ospakizunetan egiten diran argazkiak, hartu eta muralera eroaten genduzala, lanari estilo kubistea emonez. Eta zein da buru-hausterik handiena ekarri deutsuna? Ordu pilo bat sartu behar izan neban, ipuina ilustretako. Jente gehiegi gengozan erabagiak hartzeko, eta gehiegiren artean ipini behar ginan ados. Etenbako aldaketak egin... Apur bat frustragarria izan zan. Eta “Agurra” eskulturea, jakina. Alderdi asko hartu behar izan genduzan kontuan hori diseinetako orduan, eta detaileak arretaz zaindu. Izan be, beste batzuen artean, ziurtatu behar da eskulturea ez dala eroriko eta bere lekuan luze iraungo dauala. Halan, ingeniari bat kontratau behar izan genduan, neurketak egin eizan, haizearen erresistentzia aztertzeko... Oso segurtasun-neurri zorrotzak daukaz. Metro bat zabal, 1,85 metro luze eta 6 metro garai dan eskulturea da. Burdinazko estrukturea dauka eta foam, beira-zuntza eta poliester-erretxinaz gaineztatuta dago. Arte Ederrak ikasi eta Diseinu Grafikoan espezializau zinan. Zein izan da zure lan ibilpidea? Diseinatzaile moduan egin dot lan inprimategietan, enpresa batzuetako marketin sailean ibili naz, sakeleko telefonoetarako zorroak diseinaten, enpresearen aldizkaria maketaten, webgunea hornitzen, argazkiak... Proiektu pertsonalak eta lana aldi berean garatu ahal izan dodaz. Arte Ederretako ikasleak hainbat diziplinatan gaitzen dira, eta zu diziplina horeetan guztietan, edo ia guztietan, ibilten zara: diseinuan, eskulturan, pinturan... Baina zein guren? Egia da ilustretea asko gustetan jatala, baina ni pozik baino pozago nago edozein arlotan. Edozein diziplinatan edo diziplina gehienetan ibilteko gauza nazala uste dot, eta pozik nago egiten dodan guztiagaz. Eskola emotea be izugarri gustetan jat. Izan be, irakasle zabiltza gaur egun. Zelan ailegau zinan hezkuntza mundura? Enpresa pribaduan lan egiteak erre egin ninduan akabuan, eta orain dala urte bi erabagi neban hezkuntzan saiatzea. Arte Grafikoak irakasten dituen Lanbide Heziketako ikastetxe baten ibili naz; irudi eta soinuaren eskola be emon dot; eta gaur egun tailer-maisu nabil, eskulanak-eta irakasten. Eskolea Bigarren Hezkuntzako ikasleei emoten deutset eta nik be asko ikasten dot. Pazientzia handia daukat eta hori birtute handia da eskola emoteko orduan. Irakaskuntzan jarraitzeko asmoa daukat, eta proiektu pertsonalik ateraten bada, horreei be heldu. Baten bat buruan? Momentu honetan ez, baina zerbait etorriko da, ziur. Edozein idea eta proiektutarako nago prest. Artistek aurre egin behar deutsazuen arazo nagusia finantzazinorik eza izango dala pentsatzen dogu... Bai. Murrizketa handiak egon dira esparru askotan, eta kulturea eta artea beti hirugarren edo laugarren mailan ixten dira. Alderdi ekonomikoari erreparaten jako, eta ez lanaren kalidadeari edo artistak egindako lanari eta sartutako orduei. Sormen handiko persona zara, nondik, nogandik... hartzen dozu inspirazinoa? Gustetan jat han eta hemen kuxkuxean ibiltea, ideak edonondik atera leitekezalako: argazkietatik, kalean ikusi dozun kartel batetik, kaleko lanetatik, jentearen erropatik, egunkarietatik, dekorazino aldizkarietatik, tabernetako dekorazinotik, dendetatik... Txutxu-mutxu bisuala gustetan jat (kar, kar). Eta zein artistarengan ipinten dozu arretea? Ñiko mexikarraren lana gustetan jat pilo bat, Picasso, Serra eskultorea, Calder... Hiperrealismoa ez jat asko gustetan; gurago dot abstraktua: zuek eta biok artelan bera ikusi, baina bakotxak bere ondorioa atera eta ondorio horreek guztiak baliagarriak izatea. Ehundurak gustetan jataz, suberrealismoa... beno, klasikoa izan ezik, dana (kar, kar). Eten barik bilakaeran dabilen mundu bat Diseinu grafikoan espezializatzea erabagi eban, “aukera gehiago eskaintzen zituan esparrua zalako: ilustrazinoak egin leitekez, liburuak maketau, bideoklipak grabau, iragarki laburrak, logotipoak diseinau...”. Erasmus programearen bidez, beka bat lortu eta Orleansko Ikusmen Arteen Institutuan ibili zan lau hilabetean. “Oso esperientzia aberasgarria izan zan maila pertsonalean zein lan arloan: jente barria ezagutu neban, lan egiteko era barriak...”. Azaldu deuskun moduan, diseinu mundua asko aldatu da berak lehen urratsak emon zituanetik hona. “Unibersidadean ia ez genduan ordenagailurik erabilten; dana eskuz egiten genduan. Eta, orain, ostera, arkatza hartzea asko kostaten jake ikasleei. Burmuina be landu behar dogula ahazten jaku”. Mundu zorrotzagoa be bihurtu da. “Konpetentzia handia dago eta ordu pilo bat sartu behar dira. Gero eta gehiago exijitzen da eta estres handia pairatzen da. Gainera, eten barik bilakaeran dabilen mundu bat da, eta beti adi egon behar jake azken programei”. Nasaiago dabil irakaskuntzan. eta, berak be gauza barriak ikasteko asmoz, Arteterapia ikastaro baten emon dau izena. “Hitza eta idaztea ez diran beste bide batzuen bidez adierazoten ikasten dugu. Esate baterako, dantza, musika, plastika, marrazketa... bidez. Oso ikastaro bizia da eta zure oinarriak birpentsarazoten deutsuz. Zer pentsaua emoten deutsu, batez be zure sormen-prozesuari jagokonez. Han ikasitakoa ikasleakaz egiten saiatuko naz”. Eta zer egiten dau Eneritzek sortzen ez dabilenean? “Tarte gitxi daukat horretarako, baina nire motxilea beti dago prest. Kirola egitea gustetan jat, batez be korrika egin eta uger egin”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).