Sondikan guztiek ezagutzen dute Jesús, liburu-dendakoa. Jesús Manuel Landak (Sondika, 1953) 24 urte eman ditu bere dendan eta urtarrilean erretiroa hartu zuen. Jesúsek atzera begiratu du AIKOR! aldizkariaren eskutik, eta emaitza irakurleei eskaini die.
Sondikako liburu-denda erreferentea da herrian. Denda 1968an jarri zen martxan, eta gaur egun sondikoztar gehienek bertan erosten dute egunkaria egunero. Azken 24 urteotan Jesús Landa izan da dendako aurpegia, eta horregatik ezagutzen du herri osoak. Berak ere ezagutzen ditu sondikoztar guztiak. “Langileak etortzen dira goiz-goizean; beranduago, jubilatuak; eta arratsaldean, umeak”. Jesúsek erretiroa hartu du aurten, urtarrilaren 13an, eta harrezkero, bere ordez, Tomás Herránek hartu du dendaren ardura. “Esku onetan dago, Tomás gizon ona, langilea eta jatorra da-eta”, esan digu Jesúsek.
Jesúsek 1992an hartu zuen dendaren ardura. Sartu zen portamina bat erostera, eta, ia konturatu gabe, liburu-denda erosi zuen. “Liburuak eta papergintza-produktuak, boligrafoak-eta, beti gustatu zaizkit, eta denda hartzeko aukera berez sortu zen. Aurreko jabeak esan zidan erretiroa hartu nahi zuela eta galdetu zidan ea niri denda interesatzen zitzaidan. Ez nuen gehiegi pentsatu behar izan, eta onartu egin nuen haren proposamena”.
Jesúsek ia bizitza osoa eman du Sondikan. Ventorrilloko landan jaio zen, gaur egungo kiroldegitik hurbil-hurbil. Herrian bertan hasi zen ikasten, baina 10 urte zituela Bilbora joan zen Batxillergoa bere kabuz egitera. Batxilergoarekin batera Elektronikako Lanbide Heziketa ere ikasi zuen. Ikasketak amaitu zituenean, Euskalduna ontziolan hasi zen lanean, mantentze-lanetan. “Lanean nenbilela, Fisika karrera hasi nintzen ikasten, baina azkenean utzi behar izan nuen, lan egitea eta ikastea aldi berean gogorregia zelako”. Euskalduna 1988an itxi behar izan zuten, eta Jesús langabezian gelditu zen. “Bideo-kluba jarri nuen martxan Bilbon, Arabella auzoan. Guztira, lau urte eman nuen bertan eta 1992an Sondikako liburu-dendara etorri nintzen. 1991ean bideo-klubean eta liburu-dendan ibili nintzen aldi berean, baina urte horretan bideo-kluba izugarri jaitsi zen eta erabaki nuen liburu-dendan bakarrik jarraitzea”.
Jesúsek 24 urte eman ditu liburu-dendako mostradorearen atzean, eta herriak izan duen bilakaeraren lekukoa izan da. “Sondika, gaur egun, garbiago dago, politago. Hala ere, porlan gehiegi dauka, nik berdegune gehiago jarriko nukeen. Eta bereziki penagarria izan zen frontoi zaharra lurrera botatzea. Estalita zegoen eta hara joaten ginen txikitan jolastera. Haren ordez, plaza bat jarri dute liburutegiaren aurrean. Bestetik, kalte handia ekarri zigun herriko merkatarioi aireportua Loiura eramateak. Izan ere, aireportua herritik gertu-gertu zegoen eta langileak zein bidaiariak askotan etortzen ziren Sondikara bazkaltzera, itxaronaldiak hemen pasatzera...”.
Omenaldia
Atzera begira, Jesús pozik agertu da. “Lana gogorra zen ordu asko eman behar nituelako eta egunero ireki behar nuelako, baina jendearekin nuen harremana oso lagungarria zen. Eskerrak eman behar dizkiet sondikoztarrei primeran tratatu nautelako. Ni haiek bezain ondo tratatzen saiatu naiz. Horretan datza sekretua, harreman ona eta komunikazio arina bezeroekin”. Ez da harritzekoa, beraz, herriak omenaldia egin izana. “Oso hunkigarria izan zen. Bezero batzuek bazkari bat antolatu zidaten martxoaren 12an. Guztira 42 lagun batu ginen herriko jatetxe batean, eta oso gustura ibili ginen. Hain gustura, ezen 21:30era ez baikenuen bukatu bazkaltzen (kar, kar). Gauez parrandaz jarraitu genuen. Oso polita izan zen”.
Liburu-dendako jabe ohiak beste gako bat aipatu digu, hainbeste urte irauteko. “Garai berrietara eta aldaketetara moldatzeko gaitasuna izan behar duzu”. Hau da, dendariak adi egon behar du sortu ahal diren negozio-aukerei. Horren haritik, Jesúsek denetarik saldu du bere dendan. “Garai batean sakelako telefonoak saldu nituen; beste batean, herrian esku-lan tailer pilo bat egiten zirenean, margoak eta markoak saltzen hasi nintzen. Azken bolada honetan papergintza-produktu pilo bat saltzen nuen, gaur egun herrian ume asko daudelako eta haiek eskolarako behar dituztelako”.
Eskaintza askotarikoa zen, baina ez batzuek uste duten bezain askotarikoa. “Asteburuan, beste dendak itxita zeudenean, gauza xelebreak eskatzen zizkidaten: indabak, konpresak.... Beste behin, bezero batek itsasontziak gidatzeko materiala eskatu zidan. Nik ez nuen saltzen eta leku batetik bestera ibili behar izan nuen horren bila. Eta bezero fidela zenez, bada hori egin behar zen, nahiz eta askotan dirurik ez irabazi”.
Dena dela, Jesúsek aldizkariak eta egunkariak saltzen zituen batez ere. ”Gaur egun, lehen baino askoz gutxiago erosten dira prentsa arrunta eta hileroko aldizkari espezializatuak, bereziki, 2012tik aurrera. Hala ere, prentsa arrosa, ez, haren salmenta igo egin da-eta. Lehen, askotan, bezero batek bizpahiru egunkari erosten zituen, eta asteburuan, baita aldizkariren bat ere. Gaur egun, ordea, gazteek Interneten bidez irakurtzeko ohitura dute eta nire ustez, belaunaldi bi barru ia desagertu egingo da paperezko prentsa”.
Aikor!
Jesúsen dendan ere banatu da betidanik AIKOR! aldizkaria. “AIKOR! gustatzen zait, maketazioa argia delako eta, ondorioz, erraz irakurtzen delako. Hala ere, kalitate handiegia dauka, batez ere paperari dagokionez. Badakit beste paper txarrago batean argazkiak ez direla hain ondo ikusten, baina tira... Hobeto irakurleontzat!”. Jesúsek bere iritzi zintzoa adierazi digu, bere esanetan, “aditua” ez delako. “Gezurra badirudi ere, ez dut uste aditua naizenik. Izan ere, nahiz eta egun osoa aldizkariz inguratuta eman, inoiz ez dut denborarik ezer irakurtzeko”.
Orain izango du denbora. Erretiroa lehenago hartu nahi izan zuen, duela urte bi, hain zuzen ere, baina legea aldatu zuten aurreko urtean. “Ederra egin zidaten! (kar, kar)”. “Gustura nabil erretiratuta. Orain konturatzen naiz lehen dendan nuen arduraz. Hala ere, 6:00etan jarraitzen dut esnatzen, lehengo moduan”. Jesúsek ez daki oraindik zer egingo duen hemendik aurrera, baina argi dauka maleta prest izango duela, badaezpada. “Familia daukat Danimarkan, eta ziur asko hara joango naiz. Gainera Euskal Herria zein Iberiar Penintsula hobeto ezagutu nahi ditut eta bidaiaren bat egingo dut. Dena dela, bizitzan ez da ezer planeatu behar, auskalo zer gertatuko den!”. Jesúsek ziurtasun bakarra du, ez du liburu-dendaren pertsiana berriro altxatuko.
Gai nagusia