Arene Altonaga (Sondika, 1993) futbolari gaztea da, baina dagoeneko hainbat esperientzia bizi izan ditu. Athleticen jokatu du, Europako txapelduna izan da 17 urte azpiko selekziorekin eta belauna apurtu zaio. Gaur egun Superligan jokatzen du Oiartzun taldean eta, bitartean, Haur Hezkuntza ikasketak amaitzen ari da.
Zergatik futbola?
Ez dakit. Betidanik gustatu izan zait. Gogoratzen dudanetik, pilotaren atzetik nabil. Ahizpak ere jokatzen zuen. Gainera, aita futbolzalea da eta beti eramaten ninduen partidak ikustera. Txikitan beste gauza batzuk egiten nituen, tenisa eta pintura, baina 11 urte nituela erabaki nuen futbolean jokatzea.
Sondika leku aproposa da neska batek futbolean jokatzeko, ezta?
Garai batean Sondika aitzindaria izan zen emakumezkoen futbolari dagokionez. Hala ere, gaur egun ez dago herrian horren arrastorik, ez dago nesken talderik, ezta hori eskatzen duen inor ere.
Erdilaria zara. Beti jokatu duzu bertan? Nolako jokalaria zara?
Erdi-erdian jokatu nahiago dut, baina aurten hegalean ere aritu naiz. Baloiarekin egotea gustatzen zait, Iniesta Bartzelonako jokalaria bezala, baina defentsa-lanetan ere eroso nabil.
Sei urte eman zenituen Athleticen. Betiko ilusioa izan zen zuretzat talde zuri-gorrian jokatu izana?
Bai horixe! Athleticen jokatzea oso zaila da eta nik 15 urterekin lortu nuen. Lehenengo urtea oso polita izan zen, baina hurrengoan, Espainiako selekzioarekin nenbilela, belauneko meniskoa eta lotailu gurutzatua apurtu zitzaizkidan, eta zazpi hilabete eman nuen futbolean jokatu barik. Oso gogorra izan zen.
Lesioa alde batera utzita, zelan Athleticen? Baduzu arantzarik liga bat irabazi ez izanagatik?
Oso ondo. Nik bizitza ikuspuntu baikor batetik ikusten dut eta gauza onak baino ez ditut gordetzen. Athleticen pertsona moduan hazi naiz, balio batzuk hartu ditut, neskatila izatetik emakumea izatera pasatu dut, eta gauza polit asko bizi izateko aukera izan dut. Nire familia bezalakoa zen. Futbolari esker asko ikasi dut. Arantzarik? Tira, bai, urte batzuetan Superliga irabazteko oso gertu ibili gara, eta pena izan da azken partidan urteko lana alferrik galdu izana. Baina gauzak horrela etortzen dira eta aurrera egin behar da.
2015ean Athleticek baja eman zizun eta Oiartzunen hasi zinen jokatzen. Etsipena handia izan zen Athletic utzi behar izatea?
Bai, gogorra izan zen. Urte asko eman ditut bertan, eta nahiz eta azken urtean gutxi jokatu, beti espero duzu jarraitzea. Dena dela, Oiartzunera etorri nintzen eta oso pozik nago hemen.
Zergatik Oiartzunera?
Taldea zein jokalari batzuk ezagutzen nituen. Oiartzunetik deitu zidatenean, gako batzuk helarazi zizkidaten: talde txikia, giro polita eta ilusio handia. Gainera, etxetik gertu zegoen eta Lehenengo Mailan jokatzeko aukera ematen zidaten; beraz, talde ezin hobea, niretzat. Ia urtebete daramat hemen eta bete-betean asmatu dudala uste dut. Taldekideek primeran hartu naute, oso giro polita dugu aldagelan eta benetako talde bat osatzen dugu berdegunean. Etxeko taldea da Oiartzun.
Nolako baldintzak dituzu Oiartzunen? Soldatarik duzu?
Oiartzun Lehenengo Mailako talderik pobreena da. Taldeak lana eta etxea ematen dizkigu, baina ez digu futbolean jokatzeagatik soldatarik ordaintzen. Superligan oso jokalari gutxi dira profesionalak, eta Bartzelonan izan ezik, soldatek ez dute profesionala izateko ematen. Aldaketak eman dira eta emakumezkoen futbolak aurrera egin du azken bolada honetan. Esate baterako, telebista hasi da emakumezkoen partidak ematen, baina oihartzun gutxi dute. Etorkizunari begira, baikor agertzen naiz, eta poliki-poliki espero dut egunen batean profesionalak izatea.
Eta hurrengo urtean zer?
Oraindik ez dakit. Aurten, Oiartzunen bete dugu helburua, mailari eustea. Niri ekainean amaituko zait kontratua eta gustura nabil, baina oraindik ez dut klubarekin hitz egin.
Europako txapelduna
Arene Lauro ikastolan hasi zen jokatzen. Gero Pauldarrak taldera joan zen, eta azkenean, Athleticera. Garai hartan, 17 urte azpiko selekzioak deitu zuen eta Europako txapelduna eta Munduko hirugarrena izan zen. “Gazi-gozoa izan zen: batetik, esperientzia ederrak bizi izan nituen eta leku ikaragarriak ezagutu nituen; bestetik, denbora pilo bat eman nuen etxetik urrun eta izugarri kostatu zitzaidan ikasketak amaitzea. Gainera, min hartu nuen”.
Gaztea eta ...
Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?
WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.
Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.
Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).