Einstein modan

Aikor aldizkaria 2016ko api. 25a, 10:57

t: Jon Legarreta, Fisika Zientzietan doktorea

Azken urteetako aurkikuntza zientifikorik nabarmenena, Einsteinek, orain dela 100 urte baino gehiago (1915eko azaroaren 25ean), erlatibitate orokorraren teoriaren barruan iragarritako uhin grabitazionalen detekzioa izan da. Uhin horiek masa handiko zulo beltzen talken ondorioz sortutako espazio-denboraren bibrazioak dira. Azpimarratu behar da, erlatibitatearen teoriak unibertsoaren izaeraren ezagutza erabat aldatu zuela, Paul Dirac, 1933an Fisikako Nobel saridunaren esanetan: “Beharbada, inoiz egin den aurkikuntza zientifikorik handiena”. Hala ere, 10 urte lehenago, 1905ean, Einsteinek beste lan batzuk erakutsi zituen. Beste batzuen artean, aipatzekoak dira erlatibitate bereziaren teoria (masa eta energiaren arteko baliokidetasunak, energia nuklearraren garapena) eta efektu fotoelektrikoa (ateak ireki edo zarratzen direnean eurak bakarrik, telebista, kamera digitala eta abar). Baina itzuli gaitezen erlatibitate orokorraren teo­riara. Gaur egun, mugikorretan erabiltzen dugun GPSa (Global Posi­tioning Sys­tem) Einsteinek deskribatutako espazio-denboraren izaeraren ideiarekin lotuta dago. Hau da, GPSek Einstein­en ekuazioak erabiltzen dituzte! GPS sistemako satelite bakoitzeko erlojuetan “denbora” nola aldatzen den kontuan izaten da. Hau da, erlatibitate teoriaren arabera, egunero lurreko erloju bat 38 mi­kro­segundo atzeratzen da satelite batean dagoen erloju ba­tekin konparatuta, grabitate handiagoa pairatzen duelako. Beste modu batera esanda, erlatibitatea kontuan izaten ez bada, GPSaren neurketak minutu bi pasa ondoren ez du ezertarako balio eta egun oso batean izandako errorea 10 kilometrokoa izango litzateke! Argi dago Einsteinek ez zuela erlatibitatearen teoria garatu GPSean erabiltzeko; berak fisika klasikoko eta elektromagnetismoaren teoriak batu nahi zi­tuen. Einsteinek oinarrizko zientziaren teo­ria berriak garatu zituen, eta nahiz eta berehalako aplikaziorik ez izan, beharrezkoak izan diren baliabide matematikoak eman zituen gaur eguneko teknologia erabili ahal izateko. Kontuan izan behar dugu, teoria hauek guztiak Einsteinek, be­rak bakarrik, garatu zituela inolako lan-talde barik, eta hori da harrigarriena: orain dela 100 urte bizi izan zen pertsona bakar batek horrenbesteko eragina izan dezakeela zientziaren historian gaur egun. Ba­dirudi Einstein modan dagoela oraindik.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).