Goizeko zazpiak aldera, kanpotik nabilela, txori kanta zoli-zoliak geldiarazi nau; neugandik metro pare batera dihardu: eder, zein eder! Segundoetan erlojuaren tik-taka taupada bilakatu da. Eta “txinbo” txiki buru beltz soila, aizu!
Hurrengo pagora alde egin bezain laster, hegaztiaren melodiari letra ipintzen hasi naiz, entzundakoa Aikortzen; nahiz-eta norberak jakin, askotan, errealitatera heltzeko berbak eurak baino aproposagoa dela musika. Zeozergatik sartu zuen Howard Gardnerrek inteligentzia musikala adimen anitzen artean. Zoritxarrez, gure egunotan errealitatea ez denez mikroskopio lausotuetako lenteetan egiazta daitekeena baino besterik, musika bera ere luxua da, gutxi batzuentzako artea.
Hala ere, musikaz gozatzeko behar den hezkuntza musikala landu beharrean gara. Zelan eta nola aurki daiteke eskoletako musika hain minimoetan? Eskerrak hor direna herrietako koruak -denok esker ona zor diegunak-, kale-kantuzaleak, musika-taldeak...
Merkatuak merketu gaituen andre-gizonok, modu kritikoan jokatu beharko genuke botere ekonomikoek eta telebistak egiten diguten intimitate-lapurretaren aurrean; alferreko informazioaren zabortegi giroan; irudiaren kultura engainagarriaren erreinuan. Behar bada isiltasuna ere geuretzat eskuratu beharko genuke, zeren une batzuetan dentsitate handiko isiltasunaren premia izaten baitugu, eta, izan ere, pinturan gerizpea den bezain garrantzitsua baita isiltasuna musikan.
Musikak, bestalde, ezin lezake astelehenetako trafikoa aldatu, baina geure egoera animikoa molda lezake, irribarrea -eurorik kostatu ez arren, hain garestia- inguruan zabal dezagun.
Txoria, aske bizi delako da kantari, eta kantari ona; agian, handiusteko ez delako, ze, hegaztietan, behintzat, txikiek handiek baino hobeto kantatzen dute.