Txakur Lagunak, Derioko txakur elkartea: Elkarbizi

Aikor aldizkaria 2016ko eka. 21a, 10:40
Oso elkarte gaztea da joan den urteko irailean Derion martxan ipini zena baina dagoeneko 120 bazkide dituena. Beren maskotak maite dituzten herritarren eta halako sentimendurik ez duten derioztarren artean zubi bat eraikitzeko sortu zen elkartea. “Eguneroko lanari esker bagoaz gure maskotak gizartera hurbiltzen. Pixkanaka-pixkanaka erakutsiko dugu haienganako dugun maitasunak edozein esfortzu merezi duela”. Zuzendaritza-batzordetik azaldu digutenez, Txakur Lagunak elkartearen helburua animoak baretzeko tresna izatea da, eta herriaz herritar guztiak disfruta daitezela lortzea. Horretarako, hainbat ekintza antolatzeko asmoa dute: hitzaldiak, solasaldiak, erakustaldiak, lehiaketak… “Haiek guztiak gure maskotak gizartera hurbiltzera zuzenduko ditugu. Izan ere, auzokideak hezi nahi ditugu eta horretarako ezinbestekoa da informazioa ”. Lehenengo ekitaldia hain zuzen ere maiatzean egin zuten. Hura zoonosi eta txakurren gorozkietan sorburua duten gaixotasunei buruzko hitzaldi-solasaldia izan zen. “Pozik gaude bertan hitz egin eta eztabaidatu genuenarekin. Gainera, Esther Apraiz alkateak eta Joseba Udaltzaingoaren buruak ere hartu zuten parte ekitaldian, eta hori eskertzen den gauza da”. Irailean bigarren hitzaldia egingo dute. “Txakurren gorozkiak ez hartzeak dakartzan gaixotasun eta infekzioekin jarraituko dugu, baina beste gai batzuen inguruko hitzaldiak ere antolatu nahi ditugu, hala nola heziketaren gainean edo txakurren portaeraren gainean”. Gainerako udalerrietan bezala, Derion ere badago arautegi bat animaliak edukitzeari buruz. Beste alderdi batzuen artean, bertan ezarri dira txakurren aisiarako guneak, gorozkiak jasotzea, eta animaliak kaletik zelan eraman behar diren. Jabeen betebeharrak, azken batean. Elkartearen esanetan, oso arautegi zorrotza da alderdi batzuei dagokienez, baina ez hainbeste beste alderdi batzuei erreparatuz gero. “Gorozkiak bai ala bai jaso behar dira. Horretan ez dago zalantzarik, gaixotasun eta infekzio-fokua direlako; eta ez bakarrik beste txakurrentzat, baizik eta guretzat eta gure seme-alabentzat ere. Hori dela-eta, nahiago genuke Udalak gai honekiko erabaki sendoagoak hartzea. Baita garbitasun handiagoa egotea ere. Bestalde, gure maskoten aisiarako guneetan ez daude beharrezkoak diren zerbitzuak: bideak, pergolak, iturriak, bankuak, paperontziak… Idatzi bat bidali diegu udal ordezkariei zerbitzu horiek guztiak eskatzeko, eta gaia aztertzen dabiltza. Dena dela, sinadurak batuko ditugu konponbidea azkartzeko”. Era berean, ordutegi bat ezartzeko eskatu dute, txakurrak berdegunetan aske ibili ahal izateko. “Beste udalerri batzuetan jadanik dagoen ordutegia da. Adibidez, 22:00etatik 08:00etara bitartean oso jende gutxi dago berdeguneetan, eta guk aprobetxatu ahal izango genuke txakurrak askatu eta haiekin jolastu ahal izateko”. Denbora-kontua Txakurren, haien jabeen eta gainerako herritarren arteko elkarbizitza korapilatsua da batzuetan. Korapilatsua bezain inportantea, hala ere. Txakur Lagunak elkartetik ahalegina egingo dute elkarbizitza horrek okerrera ez egiteko eta ona izateko. “Gure maskotek poztasun handiak ekartzen dizkigute, laguntzen digute, baikortasuna ematen digute… Txakurrek ekartzen dituzten alde positiboak negatiboak baino askoz gehiago dira, eta arreta soilik alde negatiboetan ipintzea errealitatea ez ikustea da. Mezu hori helarazi nahi diegu derioztarrei. Elkarbizitzan sinesten dugu gure helburuei heltzeko bide bakarra delako; guztiok batera eta inoiz ez bananduta”. Hasieran aitatu bezala, oso elkarte gaztea da Txakur Lagunak eta bere iraunkortasuna taldekideen erabakiek eta ekitaldiek zehaztuko dute. “Anbizio handiko helburua dugu: Txorierriko txakurren elkarte nagusia bihurtu nahi dugu. Gaur egun arte ez dugu bazkideak hartzeko inongo kanpainarik egin eta 120 lagun gara dagoeneko. Gure egiteek emango digute arrazoia edo isilduko gaituzte. Denbora-kontua da hori”. Bitartean, herriko kultur bizitzan hartuko dute parte, elkartea osatu baino lehen ere egin duten moduan. “Derioko kultur bizitzan parte hartu ez ezik haren parte izan ere nahi dugu. Kultura heziketa da; eta heziketa, ezagutza eta begirunea. Gure etsairik handiena ezjakintasuna da. Kultura etxe guztietara, herriko txoko guztietara ailegatzearen alde egongo gara beti, horrek derioztar guztiak auzokide hobeak egingo gaituelako”. I. Txakur Jaia Txakur Lagunak elkartearen aurtengo ekintzarik garrantzitsuena izango da eta ekainaren 26an egingo dute Uribe parkean. Besteak beste, umeentzako tailerrak, txakur lehiaketa bat eta txakur bizkartzainen erakustaldia antolatu dituzte egun horretarako. “Umeentzako tailerra oso dinamikoa izango da, asper ez daitezen, eta lehiaketak, eskulanak… egingo dira. Gure helburua da umeek ondo pasatzea eta, txakurrei beldur badiete, beldur hori galtzea. Beren mozorroekin, marrazkiekin, eskulanekin… parte hartzea nahi dugu. Haiek dira etorkizuna”. Esan bezala, txakur lehiaketa ere egongo da, baina, epaimahaia Estatuko txakur txapeldunen jabeek osatuko duten arren, hura ez da ohiko txapelketa izango. “Helburua parte-hartzaile guztiek ondo pasatzea da eta euren maskotak jendaurrean erakustea. Txakurrek zerbait egiten dakiten edo ez, hori gutxienekoa da. Horregatik, epaimahaiak aukeratzen dituenei ez ezik parte-hartzaile guztiei ere emango diegu sari bana. Guztira 200 sari izango dira, haiek direlako gehienez onartuko diren parte-hartzaileak”. Bestalde, animaliak babesteko elkarteek euren lekua izango dute jaialdian, eta txakurrak adoptatzeko aukera ere izango da. Era berean, mantak, jostailuak, jana… uzteko gunea atonduko da, eta ezusteko ekintzaren bat ere izango da. Azkenik, Gatikako Txiki Eder zentroko txakur bizkartzainek erakustaldia eskainiko dute. Txakur horiek tratu txarrak jasotzen dituzten emakumeak babesten dituzte. Sariak banatu eta zozketak egingo dira. “Datozen urteotan ere Txakur Jaia antolatzea espero dugu”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).