Zamudio Kirol Elkarteak (KE) bere historiako denboraldirik onena egin du eta, ziur asko, datorren denboraldian Bigarren B Mailan jokatuko du. Futbolariek Liga irabazi dute eta klubaren zuzendariek 100.000 euro lortu behar dute, aipatutako mailan jokatzeko. Lan txukuna jokalariena eta teknikariena, eta, dirua lortu ala ez, baita batzarkideena ere.
“Denboraldia zoragarria izan da. Hasiera batean, igoera lortzeko kanporaketetara heltzea zen helburua, eta hori lortzeaz gain, Liga ere irabazi dugu lehendabizi. Jardunaldi gehienetan zehar lider ibili gara eta, nire ustez, merezitako saria lortu dugu. Eta hori gutxi izango balitz, datorren urtean Errege Kopa jokatuko dugu eta horrek ilusio handia ematen digu”, esan du Fidel del Prado presidenteak. Fidelek amets egiteko gogoa du. “Datorren urtean, azkenean, Bigarren B Mailan jokatzen badugu, Bigarren Mailara igotzeko sartuko gara lehian. Eta Kopan, ea kanporaketa batzuk gainditu ahal ditugun eta Gazituagara Bartzelona eta Real Madril datozen (kar, kar). Ingalaterran Leicester taldeak irabazi du Liga; zergatik ez dugu guk zerbait handia egingo?”.
Oso zaila da Hirugarren eta Bigarren B Mailan nagusitzea, taldeen arteko oreka handia delako. Eta Zamudiok egin duena benetan azpimarratzekoa da, eskarmenturik gabeko jokalariz betetako talde batekin lortu duelako. “Aurten jaso dugu saria, baina azken urteotan egindako lanaren emaitza da. Hasieratik argi genuen gazteen aldeko apustua egin behar genuela. Gazteek futbolean arrakasta izateko gogoa dute eta guk aurrera egiteko aukera ematen diegu, eta hori ez da batere ohikoa. Taldean 19 jokalari izan ditugu aurten; eta haietako 11k 23 urte baino gutxiago dute; eta haietako 8 aurten edo iaz hasi ziren nagusien mailan jokatzen”, dio Ibon Etxebarrieta entrenatzaileak.
Zamudio talde txikia da Bigarren B Mailan jokatzeko, “familia handi bat bezalakoa”. “Guztiok laguntzen diogu elkarri, eta denetarik egiten dugu: jokalariak, teknikariak, batzarkideak...”, dio Fidelek. Izan ere, zuzendaritzan ere egitura txikia dute. “Hiru lagunen artean daramagu dena: Rubén, diruzaina; Iñaki, presidenteordea; eta ni neu. Oso gogorra da, eta jende gehiago inplikatzea Bigarren B mailan jokatzeko behar dugun dirua batzea baino askoz zailagoa da. Ordu pilo bat ematen dugu klubean, eta doan ez du inork lan egin nahi”.
100.000 euro gehiago
Zamudio taldeak zelaian lortu du igoera, baina bulegoetan ere lortu behar du. Izan ere, Bigarren B Mailan jokatu ahal izateko, 100.000 euro inguru behar dute. Gaur egun, talde zuriak 150.000 euroko aurrekontua du, baina Bigarren B Maila Hirugarren Maila baino garestiagoa da. “Epaileek 1.000 euro gehiago kobratzen dute partida bakoitzeko; era berean, Bigarren B mailan zortzi fitxa profesional eskatzen dizkizute eta bakoitzak 3.000 euro balio du; bidaiak, hotelak eta beste batzuk gaineratu behar zaizkie haiei... Diru-sarrera berri batzuk etorriko dira, baina oraindik ezin ditugu horiek zehaztu”, azaldu digu Fidelek.
Zamudioko lagunak gogor dabiltza lanean dirua lortzeko. Ekaineko alea itxi orduko, Fidelek ezin izan du baieztatu dirua lortu duten ala ez, baina presidentea baikor agertu da. “Enpresa batzuekin ibili gara harremanetan, eta gerta daiteke diru nahikoa batzea. Laster ikusiko dugu...”. Dena dela, azken egunak eromena izan dira. “Milaka dei jaso ditut, inoiz baino gehiago: enpresak, kazetariak, zamudioztarrak... Batzuetan norekin hitz egiten dudan ere ez dakit (kar, kar)”.
Baikortasuna bai, baina baita zentzutasuna ere. “Dirua lortu ezean, argi dugu kluba ez dugula hipotekatuko, beste talde batzuek egin duten moduan. Zamudion beheko mailetako 12 talde daude eta haiek ere zaindu behar ditugu”, esan digu presidenteak. “Zelaian igoera lortu izana eta bulegoan hori osatu ezin izatea oso penagarria izango litzateke. Batez ere, Zamudio leku zoragarri batean dagoelako kokatuta, enpresez inguratuta. Bigarren B Mailan jokatzeak garrantzia du eta oihartzuna ekarriko die babesleei. Datorren urtean, Barakaldo, Sestao edo Real Madrid Castilla bezalako taldeak etorriko dira Gazituagara”.
Aldaketa asko
Bigarren B Mailan ala Hirugarren Mailan jokatu, datorren urteari begira, aldaketa asko egingo dituzte klubean. Esate baterako, jokalari asko desberdinak izango dira. Dena dela, ez dute gazte berriak fitxatzeko arazorik izango, kluba “erakargarria” delako. “Gaur egun, oso ospe ona du Bizkaian, maila guztietan: umila, baina serioa da eta zin egiten duena bete egiten du. Gainera, lorpen handiak lortu ditu. Agintariak zentzudunak dira eta klubeko instalazioak onak dira. Eta horregatik guztiarengatik etorri nahi dute jokalariek hona. Gu ezin gara ekonomikoki beste talde batzuekin lehian sartu. Beraz, beste era batean erakarri behar ditugu jokalariak”, dio Ibonek.
Gainera, entrenatzailea ere aldatuko dute. Ibon Etxebarrietak 11 urte eman ditu klubean, eta azken bost urteotan lehenengo taldeko entrenatzaile aritu da. “Zamudio nire etxea da, oso gustura ibili naiz, baina alde egiteko momentua heldu zait. Eta momenturik onena da, klubaren denboraldirik onena egin dugulako. Portugaletera joatea ez da atzera pausoa: igoera lortu ostean, badakit berriro Hirugarren Mailan ibiliko naizela, baina Portugaleten pasioz bizi dute futbola, zale gehiago dago eta irabazteko premia ere handiagoa da. Beste erronka baten bila noa hara”.
Gorka Rueda izango da Ibonen ordezkaria. “Nire laguntzailea izan da aurten, eta denbora pilo bat darama taldean. Pertsona aproposa da nire lekukoa hartzeko oso profesional ona delako. Ziur nago ondo egingo duela”, aipatu du Ibonek. “Mariano aurreko entrenatzaileak 18 urte eman zituen eta berak utzi zuenean ematen zuen mundua amaituko zela. Ibonek primeran egin du eta Gorkak jarraipena emango dio Ibonek egindako lanari”, gaineratu du Fidelek.
Zamudioztarrek lan txukuna egin dute, bai, 3.000 laguneko herria ordezkatzen duen talde batek Bigarren B Mailan jokatzea luxua baita. Baina luxuak garestiak dira. Beraz, gauza izango dira batzarkideak diru nahikoa lortzeko? Luxu hori ordaintzeko? Azken hitza enpresena izango da.
Zamudio eta Txorierri
Zamudio KE Txorierriko talde nagusia izan arren, herria ez dago erabat inplikatuta klubarekin. “Batzuk oso pozik daude igoerarekin, Zamudio izena lau haizeetara zabalduko dugulako. Beste batzuen ustez, aldiz, zamudioztar gehiagok jokatu beharko lukete taldean, nahiz eta taldeak maila baxuago batean jokatu. Guk hau erantzun dugu: batetik, maila ertaineko jokalari zamudioztarrik ia ez dago; bestetik, zenbat jokalari bilbotar dauka Athleticek?; eta bestetik, taldea zamudioztarrez josita egon arren, Iraultza taldea bezala, herrikoek ez dute atxikimendu handiagoa adieraziko. Kanpoan etxean baino gehiago estimatzen dute lortu duguna”, dio Fidelek, etsituta.
Taldean txorierritar bi daude, Arman Imaz derioztarra eta Galder Uriarte zamudioztarra. Azken jardunaldietan Gorka Delgado gazte mailako zamudioztarrak ere hartu zuen parte. Galder kapitaina da eta ia bizitza osoa darama klubean. “Hamaika urte nituela sartu nintzen eta maila guztietatik ibili naiz. Gazte mailan nenbilela lehenengo taldean entrenatzeko deitu zidaten. Hori niretzat itzela zen”. Geroago, lehenengo taldean sartu zen, baina ez zuen gehiegi jokatzen eta Santurtzi taldera joan zen.
Ezkerraldean bizpahiru urte eman zituen eta bertan igoera eta Zamora saria (gol gutxien jaso duen atezaina) lortu zituen. “Santurtzin nengoela Zamudioren kontra jokatu nuen eta oso hunkigarria izan zen”. Agian emozio-lotura horregatik, Galder herriko taldera itzuli zen betiko. “Zamudio talde aparta da: jokatzeko erraztasun handiak eskaintzen dituzte, irabazteko presio handiagorik ez dago, giro polita dugu taldean...”.
Gai nagusia