Nekazaritza ekologikoa: Ortuan be hobe da prebenit

Aikor aldizkaria 2016ko eka. 24a, 09:58
Zamudioko Udalak babestutako artikulua
... landarak osatzeko neurriak hartu behar izatea baino. Nekazaritza ekologikoaren gaineko artikulu-sailagaz jarraitzen dogu, eta oraingo honetan Andoni Arrietak azalduko deusku ortua zelan atondu izurriteak saihesteko, eta izurriteak edo bestelako arazoak balegoz, horreei zelan aurre egin. Nekazaritza tradizionalak desoreka asko sortzen ditu ortuan, besteak beste, pestizida eta ongarri kimikoak erabilten diralako. Adibidez, intsektu zehatz bat hilteko, pestizida kimiko bat erabilten badogu, intsektu hori ez ezik beste intsektu batzuk eta lurrean dagozan mikroorganismoak be hilko doguz. Gainera, landarea makaldu egingo da. Are gehiago, landarea bizkortzeko, ongarri kimikoa botaten badeutsagu, beste arazo batzuk sortuko dira, eta gurpil zoro baten sartzeko arriskuan egongo gara, arazo horreei aurre egiteko, pestizida kimikoak barriro erabilten badoguz. Akabuan be, patogenoak produktu horreek jasango ditue, eta, zer esanik ez, produktuok, gizakion osasunerako oso kaltegarriak diranak, landaretan metatzen joango dira. Nekazaritza ekologikoaren filosofia guztiz ezbardina da, izan be, ez deutsee izurriteei erasoten, baizik eta ez egotea prebenitzen dau. Arazoak ortuan desorekak dagozanean datoz, landarea ahul dagoanean edo hari ur gitxi botaten badeutsagu. Beraz, lehenengo eta behin pentsau behar dogu zergaitik daukagun arazo hori. Eta horretarako, naturari berari erreparau behar deutsagu. Danetarik Biodibertsitate handia dago naturan, eta ez dago izurriterik. Guk be saiatu behar dogu gure ortuan danetarik eukiten: landara asko, zomorroak, bedarra... Zenbat eta dibertsitate handiagoa, hainbat eta gatxagoa izango da ortuan izurriteren bat egotea. Aurreko artikuluan esan moduan, labore bateragarriak ipintea be bada mesedegarria: esate baterako, tomate ondoan kipulea ipinten badogu, kipulearen usainak tomatea jaten dauan euli zuria uxatuko dau. Tazeta izeneko landarek be substantzia bat botaten dau, tomateen sustraiak jaten dituen harrak hilten dituana. Era berean, inportantea da laboreak txandatzea eta beti leku berean ez ipintea. Halan, labore hori jaten dauan intsektua, onddoa... ez da urtero leku berean egongo, bere elikagaiaren zain. Beren aldetik, erleek eta erlastarrek landarak polinizauko ditue eta tomateak, kalabazinak... eder haztea ekarriko dabe. Lurra eta bertan dagoan bizitzea be ondo zaindu behar doguz. Era egokian ureztatu behar dogu, eta era egokian ongarritu behar dogu. Baita landu be bai, asko lantzen badogu -adibidez, golde belarriduna erabilita-, landaren artean, lurrean... dagoan bizitzea lurperatuko dogulako. Bestetik, ortu askotan landarek ez daukie ezer beren alboan. Belar txarrak kendu behar dira, jakina, baina belar baxuak ixten badoguz, hezetasuna mantentzen lagunduko deuskue, eta ortuko bazterretan bedar altua, lorak edo heskaiak badaukaguz, zomorroak-eta bertan batuko dira. Akabuan, gomendagarria da tokiko barietateak landatzea, ingurura eta eguraldira ohituta dagozalako, eta onddoekiko erresistente egiten diralako. Landarak berbizteko neurriak Mozorroek-eta landara ahulei erasoten deutsee beti. Horregaitik, gure ortuko landararen bat ahul dagoala ikusten badogu, ha berbizten saiatuko gara, era egokian ureztatuz eta ongarrituz. Halanda guztiz be, landarea indartzea lortzen ez badogu, edo arazoak jarraitzen badau, ondoko neurriak hartu daikeguz. Hori bai, neurri arinenetatik zorrotzenetara joango gara beti.  Har gitxi badagoz, eskuz kenduko doguz.  Erasoa jaso dauan landarearen ondoan labore bateragarri bat landatuko dogu, erasotzailea uxatzeko.  Ortuko bazterretan erasotzaileak erakarten dituen landarak ipiniko doguz. Adibidez, ziza ilun-hankahorixkek (capuchinas) eta hilerri-liliek (caléndulas) harrak erakarten ditue eta aza eulia uxatzen dabe.  Borroka biologikoa, hau da, erasotzaileak hiltzen dituen intsektuak-eta askatzea. Nesiriocodis izeneko eltxoek, esate baterako, tomateari erasoten deutson euli zuria jaten dabe, eta marigorringoek, landare-zorria. Baina ortuan biodibertsitatea badago, ez da beharrezkoa izango neurri hau erabiltea.  Landare-jatorriko intsektizidak erabiltea, eragina mozorroetan-eta daukienak, eta ez landaran.  Landare-jatorriko intsektizidak erabiltea, landareari min apur bat ekarten deutsienak, baina personontzat kaltegarriak ez diranak. Dana dala, zenbat eta produktu gitxiago erabili, hobeto, beti alde txarren bat eukiko dabelako. Ortuan erabilteko produktuak, prestakinak eta trikimailuak  Bacillus bakterioa. Uragaz nahasten da eta beldarrak hilten ditu.  Ferramol, bareentzat. Burdin oxidoa da, naturala. Bareen kontrako beste aukera bat hau da: plastikozko botila bat eperditik ebagi eta garagardaoz beteko dogu. Lurpean sartuko dogu. Garagardaoak bareak erakarriko ditu eta ha edaten dabenean, hilko dira. Ostera, lapa-bedarrak eta Consuela izeneko landarak ipini daikeguz ortuko bazterretan. Bareak hara joango dira aterpe bila, eta guk landarak hartu eta zaramara bota daikeguz, bareakaz eta guzti, produkturik bota barik. Era berean, borrajea bota daikegu letxuga eta tomate inguruan. Borrajeak arantzak daukazanez, bareak-eta ez dira hurbilduko. Edo iratzea bota, oso eraginkorra dana, aza eulia uxatzeko.  Asun-prestakina. Asun fresko kilo bakotxeko, 10 litro ur botako dogu ontzi baten. Estalgia ipini eta leku fresko baten itxiko dogu. Apur bat eragingo dogu egunero eta pixkanaka-pixkanaka joango da irakiten. Burbuilarik ateraten ez danean, irazi eta ura gordeko dogu. Gero, litro bat asun-prestakin hartu eta 10 litro uragaz nahastuko dogu. Hamabost litroko edukiera daukan ureztatzeko motxila baten 1,5 litro prestakin botako dogu, eta gainontzekoa uraz beteko dogu. Prestatutakoa intsektizida ezin hobea da eta hamar-hamabost egunero botako deutsegu landarei. Prestakina luki-buztanagaz be prestau daikegu, landarak indartuko dituana eta onddoekiko erresistente bihurtuko dituana. Edo iratzeagaz. Gainera, prestakinok ureztatzeko motxilan nahastu daikeguz, eta landarei batera bota.  Feromona-tranpea. Feromonek tomateari erasoten deutson beldarra erakarten dabe. Tranpearen hondoan kolea dago eta beldarra hor lotzen da itsatsita. Tranpa bategaz nahikoa da ortu osorako.  Hagaxka baten puntan kristalezko botilatxo bat ipini eta lurrean sartuko dogu, satorrak dagozan lekutik hurbil. Dardarek satorrak uxatuko ditue. Kontsultea: Joseba, Zamudio Piperrak landatu dodaz eta batzuk txiki eta hori dagoz. Zergaitik izan daiteke? Zer egin daiket? Hainbat arrazoirengaitik izan daiteke, esate baterako, ongarri gitxi daukielako. Artikuluan aitatutako asun-prestakina bota deikieguz. Prestakin horrek nitrogenoa emongo deutso landareari, indarra, eta piperrak berde ipiniko dira. Prestakinik ez badaukagu, asunak zatika ebagi daikeguz eta landarearen gainean bota. Asunak usteltzen joango dira, eta landareari on egingo deutsie. Berde ipiniko da barriro. Galderak helbide honetara bidali: aikortxori@aikor.com

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).