Beharbada, Monda eta Lironda pailazoak izango dira Apika taldeko pertsonaia ezagunenak. Ana Monda da; horrezaz gainera, ipuin-kontalaria ere bada. Umorea eta elkarrekintza dira urteetako eskarmentua duen aktore honek erabiltzen dituen tresnak.
Abuztuko geldialdiaren ostean, zelan datoz hurrengo hilabeteak?
Zaila da jakitea zer gertatuko den, kontratazioak pixkanaka-pixkanaka egiten ditugulako. Dena dela, urtean zehar hitzordu finko batzuk izaten ditugu; esate baterako, hainbat herritan urtero egiten diren programa bereziak, Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Egunaren eta Emakumeen Egunaren haritik egiten diren ekintzak… Martxoan eta azaroan izaten dugu lan gehien, eta Gabonetan ere izaten da mugimendua, baina uste den baino gutxiago. Udalekuetan eta jaietan ere egiten dugu lan.
Sasoi onean dago zuen profesioa?
Kontratazioak izaten dira, bai, baina hasi ginenean, orain dela 22 urte, askoz lagun gutxiago aritzen ginen kontalari moduan. Lana gero eta ezagunago egin zen, krisialdia etorri zen eta antzerkigintzan zebiltzan asko kontalari moduan saiatu ziren. Lehia handia dago.
Intrusismoa ere bai?
Alde batetik, bai; baina bestetik, jende gehiago gaude, besterik ez. Edonola ere, nik ezin dut esan besteak nik baino okerrago egiten duenik. Lehenengo eta behin, ez dudalako nahikoa astirik kontalari guztien saioak ikusteko. AEDA Ahozko Narratzaile Profesionalen Estatu Mailako Elkarteko kidea naiz. Bertan, lan handia egiten ari da lanbidea defendatzeko eta duintzeko. Gainera, beste kontalari batzuekin egoten gara harremanetan, eta hori oso ona da, gure lana nahiko bakartia delako, eta hala kezkak, esperientziak… beste batzuekin partekatzeko aukera duzu.
Zelakoa da umeekin, edo umeentzat, lan egitea?
Oso gauza polita da. Umeak beti gustatu zaizkit eta hain zuzen ere horregatik ikasi nuen pedagogia. Polita da buruan dutena-eta ulertzea eta uste dut badakidala zelan heldu haiengana eta zelan neureganatu haien arreta… Osterantzean, hainbat urteren ostean, beste leku batean egongo nintzateke… Batzuetan, helduak baino gehiago gustatzen zaizkit, bai horixe!
Hala ere, helduentzat ere baduzu ipuin saio bat.
Erronka pertsonal bat izan zen. AEDAn sartu nintzenean, konturatu nintzen gainerako kontalariek umeei, familiei, helduei… zuzendutako saioak zituztela; eta nik umeentzat bakarrik. Garai hartan, Durangoko liburutegitik deitu zidaten helduentzako saio bat gazteleraz behar zutela esanez, eta animatu egin nintzen egitera. Polito lotu zitzaidan.
Zelakoa da eszenatokira igotzea, aurrean dituzunak helduak direnean?
Ni umeekin ez naiz urduri paratzen; helduekin beste kontu bat da. Baina, tira, ondo irten zen. Pailazoa naizenez, beti umorea erabiltzen dut neure saioetan, baina orduko hartan, gauza berria zenez, zerbait serioagoa egitea erabaki nuen. Gainera, saioaren gaia kontuan hartuta: bizitza eta heriotza. Baina, badakizue zer geratzen den? Ba, nik umorea barruan daramadala eta, hori kenduz gero, zerbait galtzen dudala uste dudala. Beraz, helduentzako beste saio bat dut buruan, umore-ukitua izango duena.
Zelan sortu zen Apika taldea?
1994an Hiruki taldea sortu genuen beste lagun bik eta nik. Urtebetetze-festak egiten genituen, baina txikiparkak modan jarri ziren eta horrek kaltea egin zion gure lanari. Egitasmoan buru-belarri sartuta geundela eta dirua ipinita genuela, gaiari buelta bat eman genion eta pailazo eta ipuin-kontalari aritzea erabaki genuen. Ni antzerkigintza ikasten ere hasi nintzen. Gero, bakoitzak bere bidea hartu zuen eta ni bakarrik geratu nintzen Leire Basarraterekin, garai hartan kontratatuta genuena. Apika taldea 2003an sortu genuen eta ikuskizun berriak prestatu behar izan genituen.
Hiru saio mota egiten duzue Apika taldean. Monda eta Lironda pailazoak, ipuin kontaketa eta neurrira eginiko antzezlanak.
Monda eta Lironda pailazoekin antzezlanak ditugu, guztietan antzeko egitura aurkezten dugun arren: sarrera, pertsonaien aurkezpena, arazo baten aurkezpena eta arazo hori zelan konpondu. Horretarako, laguntza eskatzen diegu ikusleei. Umeek oso erantzun ona izaten dute; “onegia” batzuetan, eta jakin behar duzu zelan eraman. Zaila da batzuetan. Lan aproposak dira euskara lantzeko, izan ere, asko hitz egiten dugu ikusleekin, eta haiek ere erantzun behar izaten digute.
Balioz betetako lanak ere badira.
Azken batean, zuk, pertsona moduan, baduzu zeure filosofia, pentsatzeko era… eta horrek badu bere isla egiten duzun guztian. Gainera, guk ez dugu jaberik gauzak nola egin behar ditugun esaten digunik. Nire ustez, batez ere errespetua eta tolerantzia landu behar dira. Balio garrantzitsuenak dira, beste guztiak haiekin lotuta daudelako.
Nondik hartzen dituzue ipuin kontaketetarako ideiak?
Ikerkuntza lana egiten dugu; liburutegietan, esate baterako. Album irudidunak gustatzen zaizkit neuri, hitz gutxikoak. Gero, zuk, kontalari moduan, jakin behar duzu istorioa zureganatzen eta zeure erara moldatzen. Nik ipuina hartu eta moldatu egiten dut, neure filosofia, ideiak, gauzak… sartuz eta estereotipoak albo batera utziz.
Monda eta Lironda pailazoen istorioak asmatzea baino askoz errazagoa izango da, ezta?
Bai, jakina. Ipuin saioa egiten dugunean, hiru ipuin-edo hartzen ditugu oinarritzat eta, oso berritsuak garenez, ba, saioa erdi eginda daukagu. Gero, pixkanaka-pixkanaka joaten da saioa sortzen. Pailazoen lan berriak sortzea, berriz, zailagoa da ordubetean gauza edo elementu asko sartu behar direlako. Gainera, guk ez dugu ez zuzendaririk, ez gidoilaririk… eta dena geuk egin behar dugu. Orain ikuskizun berri bat prestatzen nabil eta oso lan motela da. Ideiak handik eta hemendik hartzen dira, baina batzuetan ez dakizu haiek zelan lotu, zelan islatu buruan duzuna.
Neurrira egindako lanak egiten dituzue gobernuz kanpoko erakundeentzat, kanpaina zehatzetarako… Zuen sormena mugatzen dute haiek?
Ez, askoz errazagoa da, gaia emanda daukazunez, sormena eta ideiak berez azaltzen direlako.
Eta zelan portatzen dira ikusleak? Aretoetara joaten dira?
Lekuen arabera. Herri batzuetako programek edo saioek ondo funtzionatzen dute eta ume asko batzen dira bertan. Beste herri batzuetako saioetan, berriz, oso ume gutxi azaltzen dira. Batzuek umeek eskolaz kanpoko ekintza asko dituztela ipintzen dute aitzakiatzat, baina, nire ustez, badira horretan eragina duten beste faktore batzuk; esate baterako, saio gehiegi antolatzea eta, ondorioz, umeak eta gurasoak gogaituta egotea, edo saioen zabalkuntza eta publizitatea behar den moduan ez egitea.
Eta helduei dagokienez?
Beno, helduentzako saio bat bakarrik daukat eta hura hiru aldiz baino ez dut taularatu. Haietako batean, 60 lagun inguru batu ziren eta hori oso kopuru ona da; 20 biltzen badira ere, kopuru ona da. Hala ere, helduok galdu dugu geure kulturan ipuinak entzuteko ohitura, zoritxarrez. Umeentzako gauzak direla uste dugu eta zaila da iritziz aldaraztea eta buruan sartzea helduontzat ere badirela. Beste gai batzuekin, noski. Helduontzako ipuinak kontatzeko lekuak sortu edo lehen zeudenak –oso gutxi, gainera- berreskuratu egin beharko lirateke.
Beste errebindikazioren bat sektorerako?
Aintzat hartzea, zu kontratatu eta askotan ez direlako saioa ikustera joaten, eta ez dakite ondo edo txarto atera den. Gainera, askotan bakarrik topatzen duzu zeure burua, eta zuk zeuk atondu behar duzu lekua. Edo giltzen bila beste leku batera joan… Publizitate egokia ere egin beharko ligukete, helduentzako antzezlanetan egiten den moduan, ikuskizunaren eta aktoreen izenak adieraziz. Askotan entzuten da: «Beno, badakizu, umeentzat denez…» Bada, ez, inondik inora ere ez. Umeek ere begirunea eta kalitate oneko saioak merezi dituzte, eta haiek behar den moduan zabaltzea.
Helduentzako beste ipuin saio bat eta Monda eta Lironda pailazoen ikuskizun berria proiektutzat dituzula aurreratu diguzu lehen. Besterik?
Gauza pilo bat. Adibidez, badut saio bat piano-jole batekin, eta berarekin beste egitasmo bat egiteko asmoa dut. Haurtxoei zuzendutako zerbait ere egin nahi dut.
Batez ere pertsona
Ana Rodriguez Gonzalez, 47 urtekoa, Larrabetzura bake bila etorri zen bilbotarra. Pedagogoa, pailazoa, ipuin-kontalaria eta aktorea. “Baina batez ere pertsona”. Pedagogia ikasi zuen eta Hezkuntza Orientazioan espezializatu zen eta ondoren astialdiko begirale ibili zen. Gauza batek beste batera eraman zuen eta antzerkigintzan sartu zen. Harrezkero, ikastaro pilo bat egin ditu Estatuan zein Euskal Herrian: klown, antzezpen teknikak, kontalaritza, zirkuko teknikak eta sormenerako hezkuntza, banaka batzuk besterik ez aipatzearren. “Heziketa etengabeko lana da, ez da inoiz amaitu behar. Izan ere, heziketa jasotzen den heinean zabaltzen da zeure ikuspuntua eta joaten zara gauzak handik eta hemendik hartzen. Eta ondorioz, zure curriculuma osatzen. Dena dela, ni oso kuxkuxeroa naiz, betidanik. Gauza berriak gustatzen zaizkit eta horregatik naiz pertsona zabala”.
Eskarmentu handia du agertokian, 25 urte zituela Hiruki taldea sortu zuelako beste kide birekin batera; eta 2003an Apika antzerki taldea Leire Basarraterekin. Haren izen artistikoa, Ana Apika, handik dator. “Antzerkigintzan beti ibili behar zara lanean; osterantzean, gelditu egiten zara. Denbora pilo bat inbertitu behar da, baita dirua ere. Saiorik ez dagoenean, proiektuak landu behar dira”.
Begi bistan dagoenez, eta berak aitortu duenez, gustura baino gusturago dabil bere ogibidean. Gizonen presentziak nabariagoa izaten jarraitzen duen ogibidea da. “Klown ikastaroetan, esate baterako, askoz emakume gehiago izaten gara, baina gero haiek dira eszenatokira igotzera animatzen direnak”. Lehen zein gaur egungo hezkuntzari lotutako jarrera da. “Saioetan ere ikusten da. Askotan neskak akuilatu behar ditugu, haiek ere parte har dezaten”.
Lan batzuk
Monda eta Lironda pailazoak: Dinosaurio egitasmoa, Baietz Lortu, Zorionak, Hau Oparia…
Umeentzako ipuin kontaketak: Koloretakoak, Album familiarra, Emakumeak = Kontatzen, Ni neu - zu zeu, Sentimenduak…
Helduentzako ipuin kontaketa: A vida o muerte.
Neurrira egindako lanak: Mundu berri. Nol?, Iparra eta Hegoa, Merkataritza…
Saio musikatua: Ipuinak dantzan.
www.apikabilbao.com
Gai nagusia