Xabier García de Kortazar, irakasle eta bidaia zal

Aikor aldizkaria 2016ko uzt. 26a, 09:48
Gaztea izan arren, 29 urte, Xabier Mozambike edo Australia bezalako herrialdeetan bizi izan da. Kanpoan egoteak askatasuna ekartzen dio, batzuetan baita sustoren bat ere. Gaur egun, momentuz, Sondikan bizi da eta maisu egiten du lan. “Hamalau urte nituela Irlandara joan nintzen ingelesa ikastera. Ez nuen joan nahi, baina oso ondo pasatu nuen. Hurrengo urtean, auzolandegi batera joan nintzen Alemaniara, eta horrek nire bizitza aldatu zuen. Hamabost urte, atzerrian, gurasorik eta ia begiralerik gabe... Niretzat itzela izan zen eta harrezkero neure pasioa askatu nuen. Etxean lotura pilo bat ditugu, baina kanpoan aske sentitzen naiz. Atzerrira joaten naizen bakoitzean, askatasunaren eta esperientzia berrien bila noa”, dio Xabierrek. Xabier Sondikakoa da eta Txorierriko institutuan ikasi zuen. Amaren familia sondikoztarra da, baina aitarena, Zigoitiakoa, arabarra. Eta beharbada horregatik janzten zuen gaztetan Alaves taldeko kamiseta. “Kamiseta Astudillo jokalari argentinarrarena zen eta taldean beste Xabier batzuk zeudenez, Astu ezizena jarri zidaten eta orain ere hala jarraitzen dute”. Batxilergoa bukatu zuenean, urte sabatikoa hartu zuen. “Urte gogorra izan nuen eta ez nekien zer egin eta zer ikasi. Askatasunaren falta sumatzen nuen eta gainera deskonektatu eta jendeari lagundu nahi nion”. Gurasoek era ezberdinetan hartu zuten semearen erabakia: ama, guztiz kontrakoa; aita, aldiz, aldekoa. Hala ere, amak lortu zion bidaia. “Amak ospitale batean egiten du lan, eta bertako mediku bat urtero joaten da misioetan. Nik berarekin bat egin nuen eta Mozambikera joan nintzen”. Afrikan bizi izan zuen esperientzia “itzela” izan zen. “Han denetarik egiten nuen: umeen pisua eta txertoak kontrolatu, gaztelaniazko eskolak eman, ortua lantzen lagundu, landatutakoa hiriburuan saldu, janaria banatu...”. Bestalde, portugalera ez ezik beste gauza batzuk ere ikasi zituen. “Hango jendeak ez dauka ezer, eta askotan gu baino alaiago bizi dira. Adiskidetasun itzela dute, han hasiera-hasieratik sentitzen zara zerbaiten parte. Gainera, ni oso gazte joan nintzen eta kanpora joateak gogorrago, helduago, egin ninduen”. Australia Sei hilabete pasatu eta gero, Xabier etxera itzuli zen eta bizitza arrunta eramaten hasi zen: EGA prestatu zuen, Lehen Hezkuntza eta Psikopedagogia ikasi zituen, lagunekin egiten zituen bidaiak... Hala ere, berriro sortu zitzaion askatasunerako grina, eta, lagun batek Australiara joatea proposatu zionean, Xabierrek ez zuen birritan pentsatu behar izan. “Australiara joan ginen lagun bat bertan genuelako eta, haren esanetan, han erraza zelako lana topatzea. Eta, bide batez, ingelesa ikasi ahal izan genuen”. Xabier Sidney hirian egon zen, baina herri osoa ezagutzeko aukera izan zuen. Bitartean, ingeles eskolak jaso zituen eta eraikuntzan egin zuen lan. “Australian jatorri askoko jende pilo bat ezagutu nuen, eta hori oso aberasgarria izan zen, bakoitzak bere ikuspuntua daukalako. Gainera, lagun horiei esker, doan bidaiatzeko aukera izan dut. Esate baterako, Polonia eta Grezian egon naiz (kar, kar). Jende berria eta paisaia ikaragarriak izan ziren gehien gustatu zitzaizkidanak; gutxiena, aldiz, australiarren jokaera txarra gurekin, etorkinekin. Ikasgai polita da, gurera etortzen diren etorkinak beste ikuspuntu batetik ikusteko”. Xabierrek urte bi eman zituen Australian, eta handik Balira, Indonesiara joan zen. “2014ko udan nire lagun baten nagusiak lana eskaini zidan eskola batean, baina ezin izan nintzen lanean hasi, denge hemorragikoa harrapatu nuelako. Oso gaixorik ibili nintzen eta egun batzuk eman nituen ospitalean. Pilo bat argaldu nintzen eta gurasoak kezkatuta zeuden, aspaldian ikusi ez nindutelako. Beraz, azkenean Euskal Herrira itzuli nintzen. Bidaian kristoren mina nabaritu nuen begietan, eta zornea botatzen hasi nintzen. Bat-batean ikusmen barik gelditu nintzen eta aireportutik zuzenean ospitalera joan nintzen. Antza denez, parasitoren bat harrapatu nuen. Astebete eman nuen ospitalean, eta begia galtzeko zorian egon nintzen”. Hurrengo hilabeteak, 2015eko hasieran, oso gogorrak izan ziren Xabierrentzat, ikusmena berreskuratzen ibili zelako. “Ezin nuen lanik egin, ezin nintzen inora joan...”. Hala ere, udatik aurrera gauzak hobetu egin ziren. “Hezkuntza publikoan hasi nintzen lanean, ordezkapenak egiten, hainbat lekutan. Azkena Gurutzetako institutuan izan da eta bertan gela berezi batean ibili naiz, premia bereziak dituzten ikasleekin. Erronka polita da, ikasle horiek ikasle arruntak baino gehiago betetzen naute”. Lanari esker, Xabierrek berriro ekingo die bidaiei. Beharbada, Hego Amerikara joango da maisu lan egitera. Baina, lehenik eta behin begia osatu behar du erabat. “Amak oso txarto pasatu du eta ez du ezer entzun nahi kanpora joateari buruz. Momentuz ez naiz inora joango”. Momentuz.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).