Duela ez asko, ikastaro bateko material batzuk irakurtzen nenbilela, erdibideko aukera zein modu esplizituan azaltzen zen ikusteak harritu ninduen. Eta zer demontre da erdibideko aukera? Gaia edozein delarik ere, futbolarien soldata, nekazaritza ekologikoa edo jaungoikoaren existentzia bera, muturren artean kokatzen den posizioaz ari naiz. Gai gehienetan errepikatzen den eskema da, iritzi bat, kontrakoa, eta biak uztartuz erdibideko posizio bat jasotzen dituena.
Esperientziari eta perspektiba historikoari so eginez gero, esango nuke erdibidea irtenbideen bilaketaren ohiko abiapuntutzat hartu beharko genukeela. Modu horretan, indarrean dagoenaren kontrako ideia ordezkatuko genuke hausnarketaren abiapuntu gisa, kasurik onenean eta hausnarketa bat dagoela suposatuz. Baina ideia hau ez da berria, ezta gutxiago ere nirea. Aristoteles handiak, jada, orekaren onurei buruz hitz egin zuen K.a. IV. mendean. Hogeita bost mende geroago, ordea, etxera mozkor heltzen denaren gisa gabiltza oraindik, oreka topatu ezinik horma batetik bestera pasilloa zeharkatzen.
Baina zein da guzti honen isla egunerokoan? Zertaz ari naiz? Eremu pedagogikoan, eskola zaharreko zorroztasunaren eta egun mugarik ez duten haurren artean dagoen alde izugarriaz. Eremu sozialean, emakumea zapaldu duen gizarte baten eta gona daramaten semaforo panpinetan dirutza bat gastatzen duen gizarte baten arteko aldeaz. Eta honela, eremutik eremura, indibidualetik kolektibora, beste hamar mila kasuz.
Guzti honekin ez dut inolaz ere esan nahi egia, soluzioa, zuzena...edo nahi duzuen bezala deituko dugun zera hori erdibidean dagoenik beti. Ezta gutxiago ere. Are gehiago, mesfidatu beren burua moderatu gisa aurkezten dutenez. Mesfidatu ere, Salomon erregearen istorioan bezala, ez zuretzat ez niretzat, eskatzen dutenez. Kolore guztietako erabakiak hartu beharko ditugu bizitza honetan, baita muturrekoak ere. Baina aztertu horretarako kasuan kasuan, zintzotasunez eta ingurukoei entzunez, baina besteek pentsatuko dutenaren beldurretik aske. Eta kontuan hartu posizio baten porrotak ez duela kontrakoaren arrakasta bermatzen. Ez dago formula magikorik, baina hormen kontra hainbestetan ez jotzen lagundu ahal digulakoan nago.
Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?
WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.
Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.
Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).