Geure saskibaloiaren harrobia

Aikor aldizkaria 2016ko uzt. 28a, 10:00
Txorierri Basketland SK
Txorierrin futbol eta pilotarako zaletasuna dago batez ere, baina, azken bolada honetan, saskibaloia gero eta garrantzi handiagoa hartzen dabil. Eta, neurri handi batean, Txorierri Basketland elkarteak egindako lanari esker. Klubak duela lau urte jarri zen martxan eta datorren urtean, 13 taldek hasiko dute denboraldia. “Lauro ikastolan entrenatzaile nenbilela, lagun batek laguntza eskatu zidan Gorondagane Sondikako eskolan taldeak osatu eta entrenatzeko. Saskibaloian esaten den moduan, errebotez sartu nintzen elkartean (kar, kar)”, dio Polentzi Soldevilla Txorierri Basketland elkartearen koordinatzaileak. Gazteak azaldu digun moduan, proiektua apurka-apurka hazi da. “Lehenengo bi urteetan talde mistoak osatu genituen, baina geroago gazte berriak sartu ziren eta talde gehiago egin ahal izan genituen. Txorierrin badago saskibaloian jokatzeko prest dauden umeak, baina oso zaila da taldeak herriz herri ateratzea. Beraz, batzea erabaki genuen”. Klubak harrobia landuko du. “Gure filosofia da Txorierriko jokalariak bultzatzea. Ez dugu kanpoko fitxaketa asko egin nahi, beste klub batzuek egiten duten bezala”. Gaur egun, elkarteak egitura bi ditu: bata Gorondagane eskolaren izenpean, bestea, Txorierri Basketlanden izenpean. Lehenengoan, bost talde daude, eta bestean, zortzi. Jokalariak 6 urtetik 13 urtera bitarteko neska-mutilak dira eta aurre-mini, mini eta haur mailetan jokatzen dute. Aurten, nesken talde berri bat aterako dute senior kategorian eta horrek Lurralde mailan jokatuko du. “Erreferentziazko talde bat izatea nahi dugu, batez ere beheko kategorietako jokalarientzat. Izan ere, jokalari batzuk talde gazteen monitoreak ere badira. Senior mailako taldea ere gaztea da, neskak 17 urtetik 21 urtera bitartekoak direlako”. Klubeko lagunak gogor ibili dira lanean, saskibaloiaren oinarriak gazteenei irakasteko. “Teknifikazio arloan ordu pilo bat egin behar izan ditugu, talde batzuetan neska-mutilak hasiberriak direlako. Hau da, iaz futbolean jokatzen zuten eta batzuek ez zekiten ezer gure kirolari buruz”. Beste ume batzuk, ordea, duela lau urte hasi ziren jokatzen eta oso emaitza onak lortu dituzte. “Iaz mutilak Bizkaiko hirugarrenak izan ziren eta neskak, bosgarrenak; eta aurten, mutilak, bigarrenak, eta neskak, bosgarrenak berriro”. Klubak aurrera egiten du eta, apurka-apurka, saskibaloia hedatzen ari da Txorierritik. “Bailaran futbola eta batez ere Athletic nagusitzen da, baina azken bolada honetan, ordea, buelta eman diogu egoerari eta apurka-apurka saskibaloiaren inguruko ohitura sortu dugu. Eta horrek gure lana bultzatzen du, txukun lan egiten dugunaren seinalea da”. Arazoak Nahiz eta lana ona izan, klubak arazo bi ditu. Alde batetik, materiala erosteko diru-laguntzaren bat eskertuko lukete. “Zerotik hasi gara eta ez dugu dirurik ezertarako ere. Eta gurasoei ere ezin diegu eskatu”. Bestetik, taldeak entrenatzeko eta jokatzeko lekua eta orduak behar ditu. Normalean, Sondikako eta Zamudioko kiroldegietan aritzen dira, baina txiki gelditu zaizkie. “Sondikan ez daukagu leku handirik, bertan talde asko daudelako. Hala ere, eskertzekoa da Udalak ematen digun laguntza, beste areto bat egokitu digutelako. Zamudion ere laguntzen digute”. Beste herrietan, aldiz, ez diete hain ondo erantzun. “Derioko kiroldegia masifikatuta dago; Loiuk laguntzak ematen dizkio Gorondagane eskolari eta ezin diegu gehiagorik eskatu; eta Lezaman eta Larrabetzun ez dago areto duinik saskibaloian jokatzeko. Momentuz, daukagunarekin bermatzen diegu talde guztiei jokatzeko ordu nahiko izatea, baina tira...”. Basketland elkartea proiektu serioa da eta beste gauza bat bermatu ahal dute: Txorierriko saskibaloiaren harrobia sustatzen jarraituko dutela. Txapelketarik onenetarikoa Txorierri Basketland elkarteak zenbait ekintza antolatzen ditu, saskibaloia bultzatzeko. Esate baterako, uztailaren 11tik 15era bitartean, umeei zuzendutako campusa. Gainera, bigarren aldiz antolatuko dute txapelketa handi bat denboraldi aurrean. Irailaren 16tik 18ra bitartean, haur mailakoek jokatuko dute eta irailaren 23tik 25era bitartean, mini kategoriakoek. Txapelketa Zamudio eta Sondikaren artean jokatuko da eta, iaz moduan, goi-mailako parte-hartzaileak arituko dira: Pielagos (Kantabria), Askartza Claret (Leioa), Easo (Donostia), Iraurgi (Azpeitia), Baskonia (Gasteiz)... “Datozen urteotan, Real Madrid, Bartzelona edo Perfumerías Avenida (Salamancakoa eta Espainiako txapelduna) bezalako taldeak ekartzea gustatuko litzaiguke. Estatuko txapelketarik onena egin nahi dugu, geure mugak gainditzeko eta Txorierrin talde bat dagoela Andaluzian ere jakiteko. Horrek Zamudiora eta Sondikara ez ezik bailara osora ere ekarriko lituzke publizitatea eta mugimendua. Eta bide batez, saskibaloirako zaletasuna ere piztuko dugu”, esan digu Polentzik.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).