Herriko historia, Lagatzu Egunaren ardatza

Aikor aldizkaria 2016ko uzt. 28a, 10:11

a: IZAE

Ekainaren 25a oso goiz argitu zan Zamudion. Izan be, hango euskera alkarteak, Lagatzuk, bere eguna ospatu eban egun horretan. Lagatzu Eguna-Euskal Jaia euskerearen eta herritarren ospakizuna da, eta horregaitik, oso ekitaldi parte-hartzaileak antolatzen dira. Aurten, herri antzerkia egin da. Goizeko 9etatik aurrera mobimendu handia egon zan Kultura Etxean. Bertan, hainbat lagun batu ziran eszenatokia eta antzezlana prestetako. Josu Kamararen zuzendaritzapean, eta herritarrakaz batera, euskerea eta Zamudioko historia izan ziran antzerkiaren protagonistak. Halan, eszenetan banandutako ikuskizuna prestau eben eta, besteak beste, industrializazioa eta emigrazinoa, trena, Gerra Zibila eta etorkizuna bezalako gaiak jorratu zituen. Guztira, 250 lagunek hartu eben parte ikuskizunean: aktoreak, musikariak, dantzariak eta figuranteak. Herritarrek eta koadrilek ez ezik alkarteek be eskini eben laguntzea: Bertoko, Hiru Bat, Kamara Korala, Elizalde Gurasoen alkartea, Gazte Estazinoa… Antzezlanaren ostean, herri bazkaria egin zan, eta han inoz baino jente gehiago batu zan, 600 lagun inguru. Kopuru harrigarria, Zamudio 3.000 biztanleko herria dala kontuan hartuta. “Guztiek egin eben oso lan profesionala, eta, betiko moduan, herriaren inplikazinoa goraipatzeko modukoa izan da. Ekitaldi guztiak Kultura Etxean, eskola zaharretan, egin ziran eta antzezlanaren ostean eszenatokia kendu behar izan zan bazkarirako mahaiak-eta prestetako. Oso azkar egin zan, guztiek lagundu ebelako. Aurten be oso goian ipini dabe mugea”, esan dabe antolatzaileek. Bazkaldu eta gero, musikearen txandea izan zan. Taberna Ibiltaria taldeak erromeria eskini eban eta publikoa animau zan bai eserlekutik, bai eszenatokitik betiko kantak abestera. Umeei zuzendutako jokoak be egon ziran arratsaldean zehar. Musikak Trikizio taldearen eskutik jarraitu eban eta jaia ordu txikietara arte luzatu zan.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).