Xabi Aburruzagak haize zeltikoa dakar azken lanean

Aikor aldizkaria 2016ko ira. 26a, 12:22

Musikari euskaldunak Keltik lana kaleratu berri du, “momentura arte eginiko proiekturik handiena”, hitz propioetan. Diskoaren azala ikustea besterik ez dago, entzulea Asier Bastidak egindako argazkietan agertzen diren oholen ehundurek eta koloreek Galizia, Asturias, Eskozia eta Irlandako paraje izugarrietan imaginatzeko.

Musikari zamudioztarra ez da bakarrik aritu KeltiK proiektuan; Anxo Lorenzo, Oreka TX edo Xabier Díaz bezalako bertoko musikariekin aritu da, eta baita nazioartekoekin: Susana Seivane, Alasdair Fraser, Natalie Haas, John Joe Kelly, Brian Finnegan, Ed Boyd, Youen Le Berre, Niamh Ní Charra,Martin O’ Neil, Calum Stewart, Rua Macmillan, Alos Quartet, Ross Ainslie, David Munnelly eta Ellen MacDonald. “Kolaborazio batzuk atzerriko musikari famatuenak dira, eta beste batzuk ez hain ospetsuak, baina kalitate izugarria eskaini dute” aitortzen du Xabik. Horietako batzuk aldez aurretik ezagutzen zituen, eta beste batzuk lagunek aholkatuta ezagutu ditu. Aurreko ‘Geure’ (2013) diskoak nortasuna eta estilo propioa eman bazion taldeari, KeltiKek fusioa ekarri du eszenatokira. Lan honen bitartez, trikitilariak musika zeltikoa eta euskalduna uztartu nahi izan du, Euskal Herriko eta musika zeltikoko instrumentuak konbinatuz. Diskoa berez Xabi’s Road-en (Xabiren estudio propioa), Donostiako Elkarren, Asturiasen, Galizian, Bretainian, Eskozian eta Irlandan grabatu da, eta Zamudion bertan nahastu: “Nire lehen aldia izan da disko baten ekoizpen lanetan, eta egia esateko poz-pozik nabil” adierazten du trikitilariak. “Gainera, benetan eskertzekoa izan da diskoaren atzean lan egin duten teknikarien lan izugarria, Jean Phocas (Oskorri), Unai Mimenza eta Aitor Antruejo, besteak beste” gehitzen du. Diskoaren azalean Xabi Aburruzaga ikus daiteke trikia jotzen itsasontzi baten zurezko eskeleto barnean. Itsaontzia Albaolako Itsas Kultur Faktorian topa daiteke (Donostia). “Itsasontzia eraikitzea eta folka jotzea antzeko gauzak dira” dio Aburruzagak. “Eskuz eginiko kalitatezko prozesu geldoa da”. KeltiK iraila hasieran estreinatu zuen Xabi Aburruzaga & Bandek Getxo Folkeko XXXII. edizioan: “Itzela izan zen. Ikaragarria. Musikari asko ekarri genituen atzerritik eta bertoko dantzariak izan ziren. Publikoa hasiera - hasieratik bero zegoen eta kantu berriak estreinatu genituen. Eskertzekoa, benetan” azaltzen du Xabik. Urriaren 7an Sondikan izango da Aburruzaga Gorantzaileak taldearen 50. urteurrena ospatzen: “Gorantzaileak taldekoek koreografiak prestatzen izan dira nire abestietara moldatuta, eta sekulako plazerra da hori”. 7 urterekin solfeoan hasi zen, eta esku soinuarekin  jarraitu zuen (pianozko akordeoia) 3. maila arte. 13 urte besterik ez zituela Bizkaiko txapeldun titulua eskuratu zuen, eta trikitira pasatu zen. Bere bizitza sakonean aztertzeko bideoklip autobiografikoa dauka Youtube kanalean, ‘Maestro Zubeldia’ izenekoa, ikusi beharrekoa.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).