Ekoizle ekologikoek hitzordua izan dute Larrondon

Aikor aldizkaria 2007ko uzt. 9a, 12:52
Goizeko lehenengo orduan euri-zaparrada itzela bota zuen, baina atertu, eta hodei beltzak izan arren, eguraldiak atsedena eman zigun. Atzo Larrondoko II. Azoka Ekologikoa izan zen eta bertan 20 ekoizlek eta zazpi artisauk parte hartu zuten. Azokara eraman zituzten produktu ekologikoen artean hurrengoak aipa ditzakegu: pastelak, olioa, gazta, barazkiak, loreak, hestebeteak eta ardoa. Nobedadea Errioxako Tomásek ekarri zuen: vodka, ginebra eta ron ekologikoak. “Eta haragirik gabe egindako odolosteak eta lukainkak ere baditut. Horiek arroz integrala, barazkiak, glutena eta beste produktu naturalak erabiliz egiten ditugu eta benetan goxo-goxo daudela. Kirolariek jaten dituzte, proteina asko dute-eta”. Berriatuko Lourdes Malaxetxebarriaren postuan Gaizka ibili zen euskal pastelak saltzen. Gaztearen esanetan, pastel ekologikoa egiteko ez dago sekretu handirik: produktu ekologikoak erabili baino ez. “Guk egurrezko labean egiten ditugu, eta saldu aurreko egunean, fresko eta goxo izan daitezen”. Bere ondoan Mendiko Upeltegikoek (Aibar-Nafarroa) euren ardoen –urtekoa, selekzioa eta ondua- ezaugarriak azaldu zizkioten publikoari. “Fruta-usain naturalak mantentzen dituzte eta gorputz handiagoa dute. Apur bat agresiboagoak dira, beharbada, baina oso suabeak ere badira eta zaporeak luzaroan irauten du ahoan”. Salmentak, ondo Ekoizleek aipatu diguten moduan, salmenta onak izan dituzte aurtengo azokan. Kalitatezko artikuluak saltzen dituzte eta hori nabaritzen da. Kantabriako La Sierra gaztandegikoek, adibidez, ekoizten dute euren esnea eta gaztak ohiko prozesuari jarraituz egiten dituzte. “Gure produktuak bereizten dituena ekoizpen-prozesua da: ez dugu erabiltzen ez produktu kimikorik, ez lizunaren aurkakorik…”. Carmen San Martín Bakiotik etorri zen sahaskiak barazkiz eta frutaz beteta zituela. Azokan parte hartu duen bigarren aldia izan da aurtengoa eta hasieratik bazekien beste ekoizleei baino zailago izango zuela generoa saltzea. “Izan ere, Loiun eta Txorierrin ortu asko daude eta nire produktuak ez dira besteenak hain erakargarriak. Hala ere, goiza ez da txarto joan eta ia letxuga guztiak saldu ditut”. Errioxako Luis Gil, berriz, lehenengo aldiz etorri da Larrondora eta pozik irten dela esan digu. Gilek artisau-eran egiten ditu hestebeteak. Txerriak aske dituzte artadi batean eta udan ezkurrak ematen dizkieten jaten; gainontzeko urtaroetan, pentsu ekologikoak. “Hestebeteek oso zapore naturala dute eta hor dago gakoa”. Larrondoko Azoka Ekologikoa Loiuko Udalak antolatzen du, Ekolur Nekazari Ekologikoen Elkarteak lagunduta. Ekoizleek ez ezik Udaletik ere azokaren gaineko balorazio positiboa egin dute: “Giro polita izan da. Aurreko edizioan baino jende gehiago hurbildu da Larrondoraino eta dezente saldu da. Pozik gaude”. Beste alde batetik, ardo eta pintxo ekologiko dastatzea izan zen eta umeek talo eta gazta tailerretan aritzeko aukera izan zuten. Julio Ibarrak goiza girotu zien plazan batu zirenei, ekoizleei euren produktuei buruz galdetuz eta txantxaren bat eginez.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).