Batzokiaren gaineko liburua aurkeztu dute Lezaman

Aikor aldizkaria 2007ko ira. 7a, 10:30

Atzo Lezama, mende bat geroago liburua aurkeztu zen. Liburua Cirilo Davilak idatzi du eta bertan Lezamako Batzokiaren azken 100 urteren historia batu du. Aurkezpenera Iñigo Urkullu EAJren BBBren presidentea, Alaitz Etxeandia Lezamako alkatea eta Jesus Mª Bilbao EAJren Lezamako presidentea joan ziren. Hainbat lezamar eta politikari ere batu ziren Batzokian eta azken horien artean, Txorierriko alkateak eta EAJren Txorierriko presidenteak izan ziren. Batzokiaren historiarekin batera alderdiak Lezaman izandako ibilbidea ere errepasatzen da liburuan eta, era berean, hainbat pasadizo bildu dira. Pasadizo horien artean hurrengoa aipa daiteke: Lezamako emakumeek ikurrina bat egin zuten 1932. urtean. Tropa matxinatuek 1937ko ekainaren 18an herria hartu, eta Jesusa Orbe Errotabitxi errotan gorde zuen Batzokiko ikurrina. Geroago ortu batean lurperatu zuten, baina denborak eta umeltasunak hondatu zuten. Hala ere, Iparraldeko komentu batera eraman ahal izan zuten sekretuan eta bertan moja nafar batek jagon zuen. Erregimen frankista amaituta, ikurrina Batzokira itzuli zen 40 urte beranduago Edurne Etxebarriaren bitartekaritzaz. Duela gutxi Lezamako jeltzaleek Sabino Arana Kultur Elkartegoari eman eta gaur egun Abertzaletasunaren Agirian dago ikusgai. Beste alde batetik, Lezamako Uri Buru Batzarreko lehendakariak eta Lezamako alkateak elkarrizketatu dituzte liburuan; Andres Arteaga, Garbiñe Etxabe, Alberto Zarate eta Alaitz Etxeandia, haien artean. Lezamako argazkien bilduma ere batu dute bertan. “Lanak gazteek zein herrira bizi izatera etorri direnek Lezama, bere historia eta alderdia ezagut ditzatela du helburu”. Hori dela-eta, liburua dohainik banatuko da etxe guztietan. Lezamako batzokiak 100 urte bete ditu aurten, eta liburuaz gainera, zenbait ekitaldi antolatuko dira urteurrena ospatzeko.